Iazko urtearen errepasoari amaiera emate aldera, inkesta bat abiatu zuen BERRIAk duela aste eta erdi, irakurleek 2024ko azalik onena aukeratu zezaten. Amaitu da deliberatzeko epea, eta hamabi azalen artean, urriaren 6koa dute gustukoen BERRIAren irakurleek: Israel gau eta egun Gaza bonbardatzen hasi zenetik urtebete bete bezperako egunkarikoa, hain zuzen. 981 lagunek parte hartu dute inkestan, eta herenek baino gehiago bozkatu dute horren alde: 387k.
Parte hartzaileen artean, hain zuzen, BERRIAren produktu sorta bat zozkatu da. Miriam Romatet Mantzizidorrek irabazi du bat, eta Ana Franko Agirreoleak bestea: bizkar zorroa, batetik, eta Aleka bildumako Gazako egunerokoa eta Txoria hodei arteanliburuak, bestetik. Produktu horiek eta beste hainbat eskuragarri daude BERRIA dendan.
23. Korrikaren argazkidun azala izan da boto gehien bildu dutenen artean bigarren; euskararen aldeko egitasmoa Irundik abiatu eta biharamunean plazaratutako azalak 357 boto lortu ditu. Urtarrilaren 21eko egunkariak etxegabeak izan zituen hizpide, eta kale gorrian bizi den pertsona bat ikus daiteke orduko azalean, Bilboko Zubizuri zubiaren aterpean egindako bizitokian. Azal horrek 290 boto lortu ditu.
Hona hemen boto gehien bildu duten hiru azalak, ezkerretik eskuinera:
Maiatzean, klima larrialdiaren harira estatuen eta enpresen kontra jarritako auziak izan zituen hizpide BERRIAk; horixe izan da boto gehien eskuratutako azaletan laugarrena (254 boto). Era berean, Eusko Jaurlaritzak otsoaren plana aurkeztu zuen iaz, eta urriaren 27ko azalean otso bat ageri da; 241 boto lortu ditu azal horrek. Ondorengo azala Martxoaren 8aren biharamunekoa da: 209 boto jaso ditu.
Eskuin muturrak gorroto mezuak helarazteko habia bat egin du sare sozialetan, eta hori eraman zuen BERRIAk azalera urte amaieran; 133 boto lortu ditu. Urte hasieran, berriz, Gorka Urbizuk Hasiera bat bakarkako lehenbiziko albuma kaleratu zuen, eta horri eskainitako azala da hurrengoa botoei erreparatuz, 110 boto bildu baititu. Putinek bosgarrenez irabazi zituen bozak martxoan, eta horixe irudikatu zuen BERRIAk azalean: Errusiako presidentearen irudia zuen matrioxka bat, pieza bakoitza hurrena baino txikiagoa. 81 boto lortu ditu azal horrek.
Athleticek Espainiako Kopa irabazi zueneko azalak 79 boto lortu ditu. 44, berriz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeenak, apirilaren 22koak. Azkena geratu da Trumpek AEBetako presidentetzarako bozak irabazi zitueneko azala, 23 boto batuta; BERRIAren inkesta honetan behintzat, galtzaile izan da.
Azalen inguruko bozketaz gain, BERRIAk joan berri den urtearen errepaso osoa ere egin du: euskara taldearen urteko hitza bildu du, gehien irakurri diren albisteak, beste behin ikustea merezi duten ikus-entzunezkoak eta grafikoen aukeraketa bat.