Yolanda Mendiola. 'Arte[faktua]' saioko aurkezlea

«Irakurleek liburu gomendioak grabatu eta bidaltzea nahiko genuke»

Otsailaren 3an estreinatuko du ETB1ek 'Arte[faktua]' literatur saioa. Mendiola ariko da zuzendari eta aurkezle, eta nabarmendu du ez dituztela gonbidatuko soilik eleberri kanonikoak idazten dituztenak.

ANDONI CANELLADA / ARGAAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
1984an hasi zen ETBn lanean Yolanda Mendiola (Aubervilliers, Frantzia, 1963). Sautrela literatur saioaren azkeneko zortzi urteetan bertan aritu zen lanean, Hasier Etxeberria zenarekin, eta Beñat Sarasolarekin gero. Hizkamizka eta Euskaldunak saioetan ere aritu zen.

Nolakoa izan da prozesua Sautrela kendu zutenetik literatur saio berriari ekin diozuen arte?

Literaturak ETBn presentzia izaten jarrai zezan saiatu ginen Koldo Gutierrez errealizadorea eta biok. Proiektu bat aurkeztu genion ETBko zuzendaritzari azaroan, eta baiezkoa eman ziguten. Horrela hasi ginen Arte[faktua] prestatzen.

Ez duzue ekoizpen etxe batekin egingo, ezta?

Ez. Koldo Gutierrez eta biok ETBko langileak gara, eta Maite Odriozola kazetaria batu zaigu taldera. Saioetan eta albistegietan bide luzea egin du Odriozolak. Taldea trinkoa da, baina Gutierrez eta biok zortzi urtez aritu ginen elkarrekin Sautrela-n.

Hasier Etxeberria pozik legoke Arte[faktua] iritsi dela ikusita?

Uste dut baietz. Etxeberria literaturazale amorratua zen. Urteetan aritu ginen elkarrekin lanean, eta ziur nago pozik egongo litzatekeela euskal literaturak telebistan leiho propioa izaten jarraitzeagatik, eta pozaren pozez legoke saioa egiten gu gaudelako.

Zergatik jarri diozue saioari Arte[faktua] izena?

Arte hitzaz gain —gure kasuan, literatura— osagai asko biltzen dituelako izen horrek, gure programak egingo duen bezala. Literatura arte bat da bere horretan, eta liburuak egiteko modua bera ere artelana da: diseinua, ilustrazioak, inprimaketa... Gainera, eleberriari Artefaktua deitzen zaio literatura munduan, engranaje bat delako, hitzak, ideiak, gaiak, pertsonaiak... behar bezala ahokatu behar direlako. Bestetik, faktua da ez delako berezko zerbait, eginez sortzen delako, eta azkenik, aktua, hainbat aktu edo zati dituelako. Liburuari objektu gisa ematen diogulako garrantzia.

Zertan izango da ezberdina Sautrela-ren aldean?

Sautrela-n beti toki itxi batean egiten ziren elkarrizketak. Saio honetan, idazleak esaten digun tokira eramango ditugu kamerak, haren unibertsora eta pentsamendura gerturatzeko. Izan daiteke bere herria, edo izan daitezke bere istorioak kokatuta dauden paisaiak. Elkarrizketa izango da bizkarrezurra, eta idazleari eskatzen diogu gonbidatu bat ekartzeko. Gonbidatua solasaldiaren amaieran azalduko da. Idazlearekin harreman berezia duen pertsona bat izango da beti.

Atzerriko formaturen batean inspiratu zarete?

Ikusten ditugu atzerriko literatur saioak, baina zehazki ez dugu ezer hartu saio batetik. Proiektua gurea dela esan dezakegu. Booktube fenomenoan fijatu gara, eta saioan leiho bat ireki nahi diegu booktuber-ei. Nahiko genuke irakurleek liburu gomendioak bideoan grabatu eta guri bidaltzea. Liburu saltzaileen gomendioak ere sartuko ditugu.

Saioak luzaroan jarraituko duela iruditzen zaizu?

Oraingoz, ekainera arte astero ariko gara. Gu luzaroan aritzeko itxaropenez gaude, ilusio handiz.

ETBk zer helburu jarri ditu saiorako?

Euskal literaturak orain arte izan duen presentzia mantentzea, ikusgarritasuna ematen jarraitzea eta leiho bat irekia izatea.

Eleberriak idazten dituzten idazleak bakarrik elkarrizketatuko dituzue?

Ez. Saioa ez da izango soilik liburu kanonikoez hitz egiteko, baizik eta liburuak modu zabal batean hartuko ditu. Komikilariak ere gonbidatuko ditugu, adibidez. Liburua objektu gisa tratatu nahi dugu, horrek dakarren zabaltasunarekin.

Lehen saioa duzu aurkezle. Zer moduz grabazioetan?

Urduri egon nintzen grabazioen aurretik. Baina niretzat plazer handi bat da idazleekin harremanetan egotea, haien pentsamendura gerturatzea, irakurle gisa miresten dudalako egiten duten lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.