Iraia Irazusta, Gaizka Sarasua, Xabin Fernandez eta Jon K. Sanchez dira 2025eko Audiogile Berriak deialdiko finalistak

EITBk proiektu bat aukeratuko du finalistek aurkeztutakoen artetik, Guau plataformarentzat ekoitzi dezaten.

Iraia Irazusta, Audiogile Berriak deialdiko finalistetako bat. EITB
Iraia Irazusta, Audiogile Berriak deialdiko finalistetako bat. EITB
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 11
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Tabakaleraren eta EITB taldearen artean sortutako egitasmoa da Audiogile Berriak. Deialdia egin dute aurten ere, orain arteko bigarrena, eta jada aukeratu dituzte hiru proiektu finalistak. Soinu fikzio hauek dira: Iraia Irazustaren eta Gaizka Sarasuaren Kurruka Enea, Xabin Fernandez Zubeldiaren Zure ilunetan eta Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest!.

Finalistek 2.000 euroko laguntza jasoko dute proiektua garatzeko. Gainera, Katixa Agirre idazlea, Jose A. Perez Ledo gidoilaria eta Haritz Lete musikaria izango dituzte tutore. Era berean, bi egonaldi izango dituzte prestakuntzarako eta gidoia garatzeko.

EITBk hiru egitasmoen artean bat aukeratuko du fikziozko podcasta ekoitzi eta zabaltzeko. Maiatzaren amaieran emango dute epaimahaiaren erabakiaren berri; aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako. Guau audio plataformak estreinatuko du finalista izandako hiru proiektu horietako bat gutxienez.

Audiogile Berriak egitasmoak bigarren aldia du aurtengoa. Lehen urtean, Xabier Paiaren De Rigor Mortis soinu fikzioa izan zen irabazlea —azaroaren 27an estreinatu zuen EITBk—; Oier Aranzabalen zuzendaritzapean grabatu zuten, Ulu Media ekoiztetxearen estudioetan. Enkantea egitasmoa gelditu zen bigarren tokian. Garazi Urkolak eta Hodei Arrastoak sortua da, eta hori ere EITBren Guau audio plataforman entzun daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.