Gaizka Aranguren (Iruñea, 1967) 20 urte zituela hasi zen Euskadi Irratian. Geroztik, komunikazio alorrean egin du lan. EITBn boladaka aritu zen hainbat urtez. Labrit Multimedia ekoiztetxea sortu zuen Iruñean, eta haren zuzendaria da. Orio ekoiztetxearen deia jaso zuen saio baten hautaproba baterako. «Euskal Herriko historiari buruzkoa zela jakin nuenean, berehala joan nintzen». Arangurenentzat, garrantzitsua zen saioa «Euskal Herri guztirako» izatea, eta horri baiezkoarekin erantzun zioten.
Aitzol Barandiaran Itxi liburuak saioko zuzendariaren arabera, historiarekiko duen pasioa kutsatzen duen pertsona zara.
Lore bat da hori. Obsesio bat izan dut beti: Euskal Herriko imajinario kolektiboa indartzea derrigorrezkoa zaigula, herri izateari eutsi nahi baldin badiogu. Imajinario horren barne dauden osagaien artean, iragan amankomunarenak dira batzuk: erreferentzia historiko partekatuak, alegia. Erreferente horiek gizarteratuz, gure imajinario propioa lantzen dugu.
Itxi liburuak saioaren formatuak ematen al die aukera ikus-entzuleei historiarekin gozatzeko?
Aukera bat ematen du behintzat. Eta batez ere aukera ematen digu iraganeko erreferente komunetan azpimarrak egiteko. Adibidez, Nafarroaren konkistaz ari garenean, esateko Nafarroako erresuma izan zela euskaldun guztion egitura politiko juridiko bakarra. Atal bakoitzaren amaieran, ondorio batzuk plazaratzen ari naiz epilogo gisa. Ekarpen baloratibo bat izan daiteke hori.
Horrelako saio batean, gidoi onak aldez aurretik lantzea funtsezkoa izango da, ezta?
Bai. Daukagun arazoa zera da, lan moldeetan dauden inertzien ajeak. Horrelako lan baterako, hilabete batzuk lehenago hainbat dokumentazio lan egiteko aukera egon izan balitz, gidoiak zehazterakoan astez aste, errazagoa litzateke, Baina ia-ia astetik astera hutsetik ari gara hasten, eta zailagoa da gauzak borobiltzea.
Lehen atalak %3ko ikusle kuota lortu zuen; bigarrenak, berriz,%2,2koa. Datu onekin jarraituz gero, hasieran finkatutako sei atalak baino gehiago egiteko aukera izango duzue?
Bai, uste dut baietz. Aukera horiek egon daitezke. Ea aukera daukagun gidoiak gehiago lantzeko.
Edonola ere, El conquistador del Caribe saioak baino promozio gutxiago izango du zuen saioak asteotan. Zer diozu horretaz?
Badirudi gehien jaten duen semearen goseari egiten zaiola jaramon handien.
Gonbidatuei dagokienez, sare sozialetan egon da kritikaren bat ETB1en beti pertsona ezagun berberak agertzen direla.
Arrazoia dute hori esaten dutenek. Badirudi jendeak ezagutzen duen jendea erabiltzen dela ikusleak erakartzeko. Baina gure saioaren erronka, etorkizunari begira, izango da demostratzea menpekotasun hori ez dela ezinbestekoa. Gure iragan historiko partekatua amaiezina ez, baina hortik gertu egongo da.
Ikasleekin zer moduz?
Gauza asko aurreikusita egoten dira, eta haiekin hitzartuta. Lau grabazio egiten dugu, eta gero eta gehiago jolasten da gonbidatu irakaslearen eta ikasleen arteko harremanean. Zukua atera nahi diogu horri. Ikusle gazteak erakartzeko modu bat ere bada.
Saioko atalak hezkuntzarako material gisa erabilgarriak izan daitezke?
Ez naiz pertsonarik egokiena hori esateko, baina beharbada bai, laburpen batzuk izan daitezke erabilgarri, batez ere Euskal Herriko erreferentzien inguruko materiala falta denean. Zorionez, Lur eta Amets bezalako filmak egiten ari dira.
EITB ondo ezagutzen duzu. Zer diozu haren izateaz?
Beti iruditu izan zait EITBk Euskal Herri guztirako plataforma ezinhobea eskaintzen zuela, ikuspegi merkantilista batetik besterik balitz ere. Baina falta zaio anbizio hori. Anbizio hori gauzatu ahal izateko urratsak eman ez direlakoan nago, baina horretan jardun dutenek arrazoiak izango dituzte.
Gaizka Aranguren. ETBko 'Itxi liburuak' saioko aurkezlea
«Iraganeko erreferente komunetan azpimarra egin dezakegu saioan»
Bi aste dira Aranguren 'Itxi liburuak' historiari buruzko programa aurkezten hasi zenetik. Nabarmendu du atal bakoitzaren amaieran «ekarpen baloratibo» bat egiten saiatzen ari dela, epilogo gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu