Gizarte Hezkuntza eta Pedagogia ikasi zituen Leire Jungitu Angulok (Komunioi, Araba, 1979). Go!azen telesaila ikertzeari ekin zion lehenbizi, eta orain Irabazi arte-ri heldu dio. Azken horretan, berdintasunaren gaia landu dute. Bigarren denboraldia ikertu dute.
Irabazi arte-ren inguruko ikerketan, jaso duzue emakumeak eta neska gazteak ahalduntze, sororitate eta berdintasun egoeretan ageri direla. Nola iritsi zarete ondorio horietara?
Telesail beraren izenburuak ahaldundu egiten du. Izan ere, futbolean jokatu eta lehiatzen diren neska batzuk dira protagonistak. Beste fikzio batzuen ikerketetan erabiltzen diren testak egin ditugu. Pertsonaien arteko elkarrizketetan zertaz ari diren ikertu dugu, eta ondorioztatu dugu zuzenean lantzen direla ahalduntzearekin eta feminismoarekin lotutako gaiak. Aditu batzuk elkarrizketatu genituen, eta denak ados zeuden gai horiek egoki jasotzen zirela. Bigarren denboraldiko atalak ikertu genituen.
Telesaila haur eta nerabeentzat da. Zer garrantzi du belaunaldi berrientzat horrelako telesailak ikusi ahal izateak?
Garrantzitsua da. Alpha belaunaldia da etorkizuna —2010etik aurrera jaiotakoak—. Gaztetxo horiek telesail bat ikusten ari dira, non neska gazte batzuk agertzen diren orain arte rol maskulinizatuak zirenak betetzen. Kontuan hartu behar da aurten Gipuzkoako kirolaren inguruko ikerketa bat plazaratu dela, eta horretan aipatzen da kirol batzuk gehiago direla gizonezkoenak emakumezkoenak baino. Telesaila baliagarria da estereotipo horiek hausteko.
Telesailak baditu beste adar batzuk, gainera.
Bai, Irabazi arte-ren podcastean gonbidatu guztiak emakumezko kirolariak dira. Horrek emakume kirolarien ikusgarritasunean laguntzen du. Ekoizpena transmedia da, eta komiki digitala ere badu.
Fikzioan bada pertsonaia gaizto bat, jokabide homofobo eta matxistak dituena. Zer iruditzen zaizu eredu hori mahai gainean jartzea?
Narrazioak behar du gaizto bat egotea. Gainera, Martxeloren pertsonaiarekin gertatzen dena da berdintasunaren aliatu faltsuen gaia plazaratzen duela, tarte batzuetan ematen baitu zerbait egin nahi duela nesken alde. Gizartean benetakoak diren egoerak plazaratzen ditu telesailak pertsonaia horrekin: gizon batzuek esaten dute berdintasunaren alde daudela, baina gero ez dute horrela jokatzen. Era berean, alerta seinaleak pizteko ona da horrelako pertsonaiak egotea. Martxelok bere semearekin duen jokabide homofoboa seinale bat da, gizartean landu beharrekoa.
International Visual Culture Review aldizkarian argitaratu duzue ikerketa. Nolakoa da aldizkari hori?
Zientzia inpaktua duen aldizkaritzat dago indexatuta. Hainbat maila daude aldizkari horietan, eta gure artikulua argitaratu den aldizkaria Q2 mailan dago: eragin handikoa da, beraz. Guretzat ona da, aldizkariak modu irekian argitaratzen dituelako artikuluak; hau da, edonork irakur ditzake. Ezagutza demokratizatu egiten da.
«Audientziari mahai gainean gaiak jartzeko orduan estereotipoak hausten badira, jokabide batzuk eralda daitezke. Gizartea ere eralda daiteke modu horretan».
Go!azen-en inguruko lana AEBetan aurkeztu zenuen. Lan berri hau beste nonbait aurkezteko asmoa duzue?
Aldizkarian argitaratu izanarekin pozik gaude. Biltzarren batean aurkezteko modua baldin badago, gustura egingo dugu. Ikusiko dugu, baina zientifikoki argitaratzea berez ez da erraza izaten.
Fikzioa modu ona al da genero estereotipoei aurre egiteko?
Fikzioa ez da errealitatea, baina errepresentatu egiten du. Audientziari mahai gainean gaiak jartzeko orduan estereotipoak hausten badira, jokabide batzuk eraldatu daitezke. Gizartea ere eralda daiteke modu horretan. Mezuek ikusleengana iritsi behar dute. Ikertu genuen ea ikusleak identifikatzen ziren pertsonaiekin, zeren herritar bat pertsonaia batekin identifikatzen baldin bada, harengandik ikasi egin dezake. Irabazi arte-n emakumezko pertsonaiek dibertsitate handia dute: era guztietakoak daude, eta hori ona da. Fikziozko herria bera Euskal Herriko herri batekin identifikatu daiteke, bestalde.
Go!azen-en kasuan, ondorioztatu zenuten «haurren garapen morala» sustatzen duela. ETB bide onean doa Go!azen eta Irabazi arte bezalako telesailekin?
Bai, zalantzarik gabe. Go!azen-en ikerketaren inguruko hiru atal argitaratu ditugu. Irabazi arte-ri dagokionez, soilik genero berdintasunaren partea eman dugu argitara. ETB bide onean doa haurrei entretenimendua eskaintzeko orduan, herritar idealaren balioak sustatzen ari delako. Go!azen-en, adibidez, buruko osasunaren eta sexu aniztasunaren gaiak landu dituzte. Modu egokian ari dira arlo horretan. Inguruko beste herrialde batzuetan salbuespen gutxi daude; orain TV3en Jo mai mai dago, Go!azen-en bertsio katalana. Merli ere adibide ona izan zen.
Hemendik egun gutxira, Irabazi arte-ren laugarren denboraldia grabatzen hasiko dira. Hori ere ikertzeko asmoa duzu?
Bai, hirugarren denboraldiari ere heldu beharko diogu. Hirugarren denboraldian, emititu den azkenekoan, gai batzuk agertu dira: futboleko homofobia, adibidez. Nerabeen arrisku sentsazioaren gaia ere landu zuten, Liliren pertsonaiarekin. Laugarren denboraldia ere tentuz jarraitu beharko da, ekarpena egiten duten gaiak izango dituztelako ziur aski. Gauza onak ekarriko dituela espero dut.