Erabiltzaileei interakziorako hainbat aukera eskainiko dizkie aplikazioak: esate baterako, protagonistek istorioan entzuten duten musika entzun ahalko dute erabiltzaileek. Pertsonaien edo gertakarien inguruko informazioan sakontzeko modua izango dute irakurleek. Gainera, komikian aurrera egiteko, istorioaren garapenaren inguruko galderei erantzun beharko diete.
Loiola idazleak lehen aldia izan du komikigintzan. Nabarmendu du bi kontu hartu behar zituela aintzat: «Batetik, tramak aldendu egin behar zuen telesailetik, baina pertsonaiak eta testuingurua mantendu behar ziren». Idazlearen hautua izan da komikia ikasturteko egunetatik kanpo garatzea: oporretan edo asteburu batean. Era berean, trama telesaila gertatzen den herritik kanpo kokatu du: futbol txapelketa batean gertatzen da. «Bestetik, pertsonaien izaera eta haien artean harremanak izateko moduari eutsi diogu. Asmoa izan da gazteentzako istorio interesgarri bat kontatzea, misterio pixka batekin, erritmoa izango duena».
Komikia sakelakorako izateak bere ezaugarriak ditu. «'Komuneko paper bilkariaren formatua' deitu diogu ilustratzaileak eta biok», dio Loiolak. Izan ere, pantailan korrituz, beherantz, irakurri behar da istorioa. «Horretara egokitu dugu gidoia, eta komikia ere bai».
EITBLab laborategiko Jon Lamarka zuzendariak azaldu du gazteengana iristeko ari direla lanean: «Zenbait aukera sartu ditugu, erabiltzaileei jolasteko aukera eman nahian». Hizkuntza ere aukeratu ahalko da: orain, estreinaldian, euskaraz eta katalanez irakur daiteke komikia. Baina, aurrerago, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere irakurri ahalko da. «Irabazi arte marka sendotu nahi dugu, eta beste publiko batengana iritsi», gaineratu du Lamarkak.
«Transmedia produktu bat»
ETB1eko telesailean parte hartzen duten aktore gazteek beren burua komikian ikusiko dute. Nahia Sillero aktoreak Noraren rola antzezten du, eta zera aipatu du: «Pausoka ekoiztetxeko bulegoan geunden Sua Enparantza aktorea eta biok. Lehen ilustrazioak erakutsi zizkigutenean, txundituta gelditu ginen. Ez genuen halakorik espero; ezusteko polita izan zen». Aktoreari iruditzen zaio aplikazioak aukera emango duela telesaileko nesken borroka eta haien balioak are gehiago zabaltzeko. Komiki batek edozein fikzio konta dezake, eta Irabazi arte: iraganeko mamua-ren kasuan, Irenes Paredes futbol jokalariarekin egoteko modua izango dute pertsonaia protagonistek.
EITBLab laborategiko Itziar Arangurenek, era berean, nabarmendu du komikiaren egokitzapena eta maketazioa «berezitua» dela. «Esperimentazioa erabatekoa izan da». Alde horretatik, Lamarkak zera gogorarazi du: «Sakelakoan existitzen ez dena ez da existitzen gaur egungo gazteentzat. Neurtu dezagun proiektu honek nola funtzionatzen duen».
Loiolak ere ohartarazi du gazteak teknologia berri horiekin jaio direla. «Irakurtzen dutenetik gehiena beren sakelako telefonoan izaten da. Eman diezaiegun erakargarria izango den zerbait, euskaraz. Gerora beste literatura batera eraman ditzake». Arangureni iruditzen zaio komiki horren bitartez gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzen baldin bada guraso asko poztu egingo direla.
Telesailaz eta komikiaz gain, Irabazi arte-k podcasta ere badu. «Transmedia produktu bat zabaltzea da gure asmoa», esan du Lamarkak. Podcastaren bitartez emakume kirolari asko ezagutzen ari direla azaldu du Sillerok —podcasta aurkezten du, Sua Enparantzarekin batera—. «Emakumeen kirolaren alde, ekarpen bat egiteko aukera polita da», gaineratu du. Gaurko atalean, Uribarri Barrutieta errugbi jokalaria elkarrizketatuko dute.
Telesailaren lehen denboraldia datorren astean amaituko da. Udan grabatuko dute bigarrena.