Ordu gutxi falta dira argitzeko zer gertatuko den Irabazi arte telesaileko pertsonaiekin. Bederen, laugarren denboraldiaren amaieran haien gorabeherak nola bukatuko diren argitzeko. EITB taldearen Makusi doako plataforman sareratuko dute laugarren denboraldiko hamargarren eta azken atala, gaur, 22:00etan. Orduan jakingo da zer gertatuko den Galderrekin, zer pasatuko den Noraren eta Olatzen arteko harremanarekin, zer Arenerekin, zer Jon eta Alaitzekin.
ETB1 kateak, berriz, maiatzaren 2an emango du denboraldiko azkeneko atala, 21:00etan.
Pausoka ekoiztetxeak egiten du telesaila EITB taldearentzat. Ekoiztetxeko iturriek ziurtatu dute Irabazi arte-k bosgarren denboraldia izango duela. Udan grabatuko dituzte atal berriak. Orain arte EITBk programatu duen egitaraua betez gero, Go!azen-en denboraldi berria azarotik 2026ko otsailera emitituko luke, eta ondotik otsailaren bueltan hasiko lirateke Irabazi arte-ren bosgarren denboraldiko atalak ematen.
Irabazi arte, telesaila ez ezik, bideopodcasta ere bada —Nahia Sillero eta Ainhoa Azpitarte aktoreak dira aurkezleak, eta kirolariak elkarrizketatzen dituzte—. Makusin ikus daiteke, baita Barnetik bideo sorta ere.