Bueltan da Euskal Telebistaren Irabazi arte telesaila. Laugarren denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldiak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Horietatik lehena Bilbon egingo dute igande honetan, 17:00etan, Euskalduna jauregian. Gonbidapenak eskuratzeko aukera dago oraindik.
Otsailaren 2an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo dute aurrestreinaldia. Gasteizko aurrestreinaldia, berriz, otsailaren 9an egingo dute, Europa jauregian. Iruñeko ekitaldia non eta noiz izango den ez dute zehaztu oraindik.
Etxean ere hemendik gutxira ikusi ahalko da euskarazko telesaila. Makusi plataforman otsailaren 14an estreinatuko dute laugarren denboraldiko aurreneko atala; otsailaren 21ean estreinatuko dute ETB1 katean, astebete geroago.
Aurreko denboraldian, pertsonaia nagusien inguruko hainbat galdera erantzunik gabe gelditu ziren: berriro ibiltzeko gai izango al da Arene? Martxeloren eta Alaitzen azpijokoak agerian utziko al ditu Jonek? Zer gertatuko zaio Lukari, jaso zuen jipoiaren ostean? ETBk iragarri duenez, bizimodu berrira moldatu beharko dute protagonistek. Oztopoz beteriko bideari aurre nola egingo dioten ikusiko dute telesailaren jarraitzaileek datorren denboraldi honetan.
Irabazi arte iritsi aurretik, ETB1 Go!azen telesailaren 11. denboraldia ari da ematen ostiral gauetan —lau atal falta dira denboraldia bukatzeko—. Otsailaren 21ean hartuko dio lekukoa Irabazi arte-k Go!azen-i. Bi fikzioak Pausoka ekoiztetxearenak dira.