'Irabazi arte'-ren atal bakoitza 144.000 eurorekin egiten dute; 'Go!azen-ena, 135.000 eurorekin

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ikus-entzunezkoei buruzko zenbait datu eman ditu, EH Bilduren galderei erantzunez.

'Irabazi arte' telesailaren hirugarren denboraldia. ETB
'Irabazi arte' telesailaren hirugarren denboraldia. ETB
urtzi urkizu
2024ko urriaren 23a
05:00
Entzun

EH Bildu taldeko legebiltzarkide Josu Aztiriak hainbat galdera egin zizkion duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeari. Idatziz egin zizkion galderak, eta idatziz iritsi ziren erantzunak. Zenbait datu interesgarri badira erantzun horietan. Esate baterako, Primeran plataforman 432 orduko telesail bikoiztuak eta azpidatziak daude orain, eta 300 orduko telesailak eta 42 orduko film luzeak azpidatziekin. Ez du Bengoetxeak beste datu hau eman, baina Primeran plataforman gaztelera hutsezko berrogei eduki daude (210,5 ordu). Gainontzekoak euskaraz ikus daitezke: jatorrizko audioan ez bada, euskarara bikoiztuta edo azpidatzita.

Makusi plataforman, 709 animaziozko ordu daude euskarara bikoizturik eta azpidatzirik. Katalogoan beste 118 ordu daude euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako film luzeetan. Gainera, badira haurrentzako telesailen 86 ordu —animaziozkoak ez direnak— bikoiztuta eta azpidatzita; azken horiek Primeran-en ere badaude.

EITBk ikus-entzunezkoetan egindako inbertsioez galdetu du EH Bilduk. Bengoetxeak erantzunean jakinarazi duenez, diru laguntza hauek eman ditu taldeak azkeneko urteetan: 2020an, 2,7 milioi euro; 2021ean, 2,29 milioi; 2022an, 3,79 milioi; eta 2023an, 3,33 milioi. Beraz, 560.000 euroren jaitsiera 2022tik 2023ra. Kontuan hartu behar da laguntza horiek gaztelaniazko zein euskarazko lanentzat direla. Zinemarako filmak, telebistarako dokumentalak, telesailak eta film laburrak daude laguntzak jaso dituzten lanen artean.

Ekoizpen batzuek askotariko diru sarrerak lortzen dituzte finantzatu ahal izateko. Telesailei dagokienez, orain arte ETBk osoki finantzatutako proiektuak izan dira. Baina hori aldatuz joango da pixkanaka; adibidez,Desagertuta telesailean Pausoka, AIE eta Zebra ekoiztetxeak dira ekoizleak, eta Netflix ere tartean da. Hortaz, ETBk 630.567 euroko laguntza eman du telesailarentzat, baina aurrekontua askoz handiagoa da.

Ez da hori gertatzen neska-mutikoei zuzendutako Go!azen eta Irabazi arte telesailetan: ETBrenak dira telesailak, Pausokak grabatzen ditu, eta ETBk emandako diruarekin egiten dituzte. Aurreko denboraldietan, Irabazi arte-ren hirugarren denboraldiak 1.445.171 euroko aurrekontua izan zuen —hau da, atal bakoitza egiteak 144.000 euroko kostua izan zuen—; eta Go!azen-en hamargarren denboraldiak 1.357.925 euroko kostua izan zuen —hau da, atal bakoitza egiteko kostua 135.000 euro ingurukoa izan zen—.

'Zeru ahoak' telesailaren grabaketa.
Nagore Aranburu eta Koldo Almandoz, 'Zeru ahoak' telesailaren grabaketan, irailaren 19an. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Datuen artean arakatuz, 2020an ETB1ek jarraian eman zituen hiru telesailen aurrekontuak aurki daitezke: Alardea-k 690.539 eurokoa izan zuen; Altsasu-k, 590.963 eurokoa; eta Hondar ahoak-ek, 572.442 eurokoa. Azken horren jarraipena egiteko —Zeru ahoak—, ETBk 505.262 euroko laguntza eman du. Baina Txintxua Filmsek beste finantzaketa bide batzuk bilatu ditu. Telesail horren estreinaldia 2025erako espero da.

Plataformak eta RTVE

Askotariko galderak egin dizkio EH Bilduk Jaurlaritzari, baina guztien erantzuna ez da argi gelditu. Hiru galdera egin ditu gai honi buruz: «Eusko Jaurlaritzak 2023an eta 2024an ikus-entzunezko plataformetara bidali edo eskuragarri jarritako bideo kopurua». Plataformek txertatu duten audio kopuruaz, azpidatziez, plataformekin izandako harremanaz eta audiotranskripzioaz galdetu du koalizio abertzaleak. Erantzun hau eman du Bengoetxeak: «Eusko Jaurlaritzak ezin du bikoiztu, azpidatzi edo audiodeskribatu, eskubiderik ez badauka. Lan hori honela egin daiteke: eskubide titularrak gauzatu dezala, laguntza bidez; edo, bestela, operadore publikoak hirugarrenei lagaz jada sortutako bikoizketa bandak, operadore publikoak beharrezko eraldaketa eskubidea zuen unean».

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren bosgarren xedapeneko hirugarren atalak dio streaming plataformak behartuta daudela diru publikoz euskarara, katalanera edo galegora egindako bikoizketak plataformetan txertatzera, erakunde publikoek euren esku gainkosturik gabe uzten dituztenean eta teknikoki bateragarriak direnean.

Aipatutako lege horrek, bestalde, bosgarren xedapen gehigarrian, dio RTVEk 12 urtetik beherako haurrei eskainitako eskaintza euskaraz, katalanez eta galegoz ere egin behar duela. Horretaz ere galdetu dio EH Bilduk Jaurlaritzari, eta hau izan da Bengoetxearen erantzuna: «Legearen ildotik, zenbait urrats egin dira RTVEri eskaera egiteko, erkidegoetako hizkuntza ofizialen sustapena bermatzeko. Oraindik ez da erantzunik jaso». Jaurlaritzaren arabera, EITBren bitartez haurrentzako euskarazko edukiak zabaltzea sustatzen da, eta RTVEri horien emanaldia eskainiko zaio, baina «esklusibitate epe bat errespetatuz». Kontua da 2022ko uztailean onartu zutela Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorra, eta TVEn ez dela euskaraz entzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.