Jon Martin. Bertsolaria

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
Oiartzun
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Publizitatea eta harreman publikoak ikasi zituen Jon Martinek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981). Kazetaritza lanak egin izan ditu, baita komunikazio batzordeetan ere. Haur Hezkuntza ikasi zuen gero, eta Xabier Leteren inguruko doktore tesia egin du. Donostiako Hezkuntza Fakultatean Hizkuntza eta Literatura saileko irakaslea da egun. Idazle eta musikari. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia izan zuen azken txapelketa bertsolari gisa. «Bertsotan jarraitzen dut, baina gutxiago».

Asteburu honetan ez da txapelketako saiorik izango. Aurrekoak baino lasaiagoa, ezta?

Bai. Baina Durangoko Azokan mahai inguru bat gidatzea egokitu zait, aurten Euskadi Saria irabazi duten idazleekin. Mare liburuan, bestalde, kanta batean parte hartu dut...

Nola bizi izan dituzu bertso txapelketako saioak analisiak egiten?

Sentsazio oso desberdinak izan ditut hasieratik azkenekora. Lehenengoan oso urduri egon nintzen, batez ere hasi aurretik, ez nekielako oso ondo noiz egokituko zitzaidan hitz egitea, eta zenbat izango nuen iritzitik. Lehen saioa egin eta konturatu nintzenean bertsolarien ordenarekin asmatu nuela, eta kritika onak jaso nituela, gero erlaxatuago ibili nintzen. Gustura aritzen naiz, eta horretan eragina du Ilaski Serranok. Osagarriak gara. Mihiluze-n elkarrekin egin genuen lan, eta konplizitatea bagenuen lehendik.

Analisi eta puntuazio batzuetan ez duzu asmatu, ez baita beti erraza asmatzea.

Zazpi epaile daude, eta bakoitzaren subjektibotasunak konpentsatzen du bestea. Denen artean objektiboagoa den zerbait ematen dute. Nik, berriz, nire subjektibotasuna bider zazpi egiten dut, eta nire gustuak nabarmendu egiten dira.

Bertsolariek bereziki ondo egiten duten hori seinalatzen saiatu zara, ezta?

Bertsoa entzuten dudanean, gelditzen zaidan inpresioa da bertsolariak esan duena eta esan nahi zuena. Hori adierazten saiatzen naiz. Batzuetan, bertsolariak zer egin nahi zuen intuizioz pentsatu, eta publikoari azaltzen diot, baina esan dutena soilik epaitzen dute epaileek, eta ez esan nahi zutena. Nire pertzepzioa okerra izan daiteke alde horretatik.

Sentimenduei asko eutsi al diezu saioetan?

Bai, ez da sekulako ahalegina izan. Baina niri eta gizonezko askori kostatu egiten zaigu jende aurrean negar egitea. Bukaerako agurretan asko hunkitzen naiz. Emozioak kontrolpean izaten saiatu naiz, edonola ere.

Baten batek esan zuen «zer tenple» izan zenuen Alaia Martin arreba finalera sartzeko puntuak jasotzen ari zela...

Tenple hori ez zait hainbeste gustatzen. Euskaldunok gehiegi goresten dugu gure emozioak disimulatzeko gaitasuna. Batzuetan, naturalago askatzea hobea litzateke. Dena den, errealizazio talde oso ona dugu, eta ez dute malko errazera jotzen. Txapelketan, negar egin dut Nerea Ibarzabalekin, Julio Sotorekin, Agin Labururekin, Oihana Iguaranekin, eta arrebarekin ere bai.

Bertsoak amaitu eta berehala hitz egin behar, gero isildu... Zure lana ez da beti erraza izango. Zailtasunen artean, zein?

Ez. Batzuetan deserosoa da bertsoaldia amaitu eta esateko gauza asko daudela. Beste bertsolariak berehala hasten dira... eta kontu batzuk ezin dira gero berreskuratu, gainera. Gertatu izan zait zer esan jakin gabe gelditzea ere.

Iruñeko finalari begira, gogotsu zaude?

Bai. Oso nekatuta amaitzen ditut saioak. Kontzentrazioa ez da nire indarguneetako bat, eta arreta handiko lana da. Zalantza dut finalean arratsaldeko emanaldira nola iritsiko ote naizen. Duela urte batzuk, lan hori egin nuen finalean ETB2 katean, gaztelaniaz.

Bertsogintza nola ikusten duzu, txapelketa amaituta?

Txapelketak balio du korronteen aitzindari izateko, eta dagoeneko gertatu diren aldaketak baieztatzeko. Txapelketa honek bigarren hori egin du: plazan emandako errelebo bat egiaztatu du. Zenbaitetan, txapelketa oso atzetik joaten da. Bestetik, estilo aldetik gutxi ikusitako gauzak ikusi ditut, tartean bertsolariek fikziorako hartu dituzten lizentziak. Ipuinetan har daitezkeen lizentziak ere hartu dituzte, eta bertsolaritzari ate asko ireki diezazkioke horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.