Ipar Euskal Herriko Hitza itxura berrituta plazaratuko da bihar, magazin formatuan, eta 24 orrialderekin. Oihana Teyseyre Koskarat Ipar Euskal Herriko Hitza-ren zuzendariak esplikatu du astekaria bisualagoa izanen dela. «Magazin formatua izanen du hemendik aitzina. Egungo gizartean, irudiak garrantzi handia du, eta magazin horretan leku gehiago izanen dute irudiek. Orain egunkari formatua du Hitza-k, eta magazin formatuarekin, nolabait esateko, edukiak eta formak hobekiago bat eginen dute». Joanes Etxebarria kazetariak erantsi du «magazinetik hurbilago den paperezko formatu ttipiagoa» ukanen duela irakurleak, eta, beraz, erabilerrazagoa ere izanen dela.
Etxebarria hatsarretik ari da Ipar Euskal Herriko Hitza-n, eta argi ikusten du astekariaren ekarpena: «Hitza-k ekartzen ditu besteetan atzematen ez diren gauza batzuk ene gustuko: batetik, euskararen aldetik zorroztasuna, parte handiz BERRIAko zuzentzaile taldeari zor zaiona; bestetik, aktualitatearen ohiko segipenaz gain, distantzia pixka bat, eta denbora doi bat gehiago gai batzuetan barnatzeko. Eguneroko aktualitatearen errotaren bazter batean baita astekaria».
Irakurleak eta harpideak orain arte eskura izan dituzten edukiak izanen ditu Hitza berrituak, Teyseyrek azaldu duenez: «Gure heinean, gibelapen batekin, baina aktualitatea lantzen dugu, bigarren denborako begiratu bat proposatzen zaio irakurleari, eta hori izanen da gaurgero ere astekariaren muina, baina gaiak barnatzeko leku gehiago ere izanen dugu». Horretan gelditu gabe, baina: «Aniztasun handiagoko edukia proposatzeko xedea dugu. Ikusten dugu aukera bat dela Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ari den prentsari ekarpen bat egiteko».
Hitza berriak eduki berri batzuk ere emanen ditu, Teyseyrek azaldu duenez: «Saiatu nahi dugu gure eremuan loturak egiten. Adibidez, ikusten dugu Ipar Euskal Herriko elkarteen sareak leku bat ukaitea Hitza-n. Bestalde, aukera izanen dugu BERRIAn argitaratutako aktualitateko gai batzuk ere harrapatzeko Hitza-n».
Astekaria bera ez ezik, webgunea ere berrituko du Hitza-k bihar. Diseinu sinple eta argiagoa edukiko du, artikuluetara errazago iristeko eta aiseago irakurtzeko. «Webgunean ere edukiak eta formatuak bat eginen dute», Teyseyrek zehaztu duenez. «Baliabide falta argia dugu. Ez gara hedabide hegemonikoen heinean. Baina arlo digitalak sekulako garrantzia du, eta ezinbestekoa da webgune funtzionalago bat edukitzea. Eta horrek publiko berri batzuengana iristeko aukera emango digu».
Inaugurazioa eta kanpaina
Bihar bertan, magazin berria aurkezteko ekitaldi bat eginen dute BERRIAk eta Hitza-k. Baina ez hori bakarrik: Baionako bulego berria ere inauguratuko dute, euskalgintzako eta hedabideetako kideek lagunduta. Hiru urtez berritze lanetan aritu dira, eta ospakizun txiki bat eginen dute. Egun berean, harpidetza kanpaina bat hasiko du Hitza-k.
Egun, Ipar Euskal Herriko Hitza-k 580 ale banatzen ditu astero. Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin iaz egindako zabalkunde kanpainarekin, 250 pertsona eta leku publiko gehiago egin ziren Hitza-ren harpide. Astekaria eta webgunea berrituta, euskaldun gehiagorengana heltzea da helburua orain, harpidetzetan «jauzi bat» egiteko eta euskarazko hedabideen komunikazio sistemari indar berritu bat emateko. Hitza berrituaren harpidetzak urtean 40 euro balioko du, eta Internet bidez eskaera egiteko aukera ere izanen da.
Iñaki Etxeleku kazetariak gogorarazi du Hitza-k balio handia duela euskararentzat ere: «Begi bistakoa da euskarak Ipar Euskal Herrian duen gainbehera. Egoera larrian da, eta larritzen ere ari zaio. Euskal prentsak, oro har, funtsezko betekizuna du euskarari bizia emateko eta euskaldungoak munduaren berri bere hizkuntzan har dezan. Hiztun kopurua murriztuz doa Ipar Euskal Herriko gizartean, eta harekin, euskara maila. Horregatik, euskal prentsa idatziak munta handia du hizkuntza mailari begira ere, eta baita alfabetatzeari begira ere».