'Ipar Euskal Herriko Hitza' berritua aurkeztu dute Baionan

24 orriko magazin formatua izanen du, eta bisualagoa izanen da. Webgunea ere berritua izanen da. Harpidetza kanpaina abiatu dute, eta euskaldun eta euskaltzaleen sostengua eskatu dute, astekaria ahalik eta toki gehienetara hel dadin.

Azalberritu da Ipar Euskal Herriko Hitza
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko azaroaren 22a
12:30
Entzun

Azalberritu da Ipar Euskal Herriko Hitza. Gaur aurkeztu dute astekariaren formatu berritua Baionan, euskalgintzako zenbait eragiletako ordezkarien babesarekin. 24 orrialdeko magazina izanen da hemendik aitzina, bisualagoa eta eduki gehiagokoa, eta webgune berria ere izanen du. «Euskararen larrialdia ikusirik, euskarazko hedabide gisa erronka handia dugu, eta entseatu nahi dugu alde horretatik ere ekarpen bat egiten», adierazi du Oihana Teyseyre Hitza-ko zuzendariak. 

Astekariaren muina ez da aldatuko, eta irakurleak eta harpideak orain arte eskura izan dituzten eduki berak izanen ditu Hitza berrituak: asteko gaiak, hats luzeko gaiak, elkarrizketak, iritzia, marrazkia… baina aniztasun handiagoko edukia proposatzeko xedea du. «Ikusten dugu alde horretatik aukera bat badela Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ari den prentsari ekarpen bat egiteko, xumeki, gure ahalen heinean», gaineratu du Teyseyrek.

Ipar Euskal Herriko HitzaIkus-entzunezkoen taldea

Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak mintzagai izan du egunkariak iazko azaroan egindako aldaketa sakona: «Handik urtebetera gatoz aldaketa horien artean garrantzi funtsezkoa duen proiektu honekin. Ezinbestekoa iruditzen baitzaigun Ipar Euskal Herriko Hitza indartsu eta berritu bat euskal hiztunon etorkizuna bermatzeko».

Hamalau urteko bidea egin du Ipar Euskal Herriko Hitza-k, eta Mujikak argi du astero erakutsi duela «ezinbestekoa» dela euskara biziberritzeko eta euskaldunoi honetaz eta hartazkomunikatzeko, «kazetaritza ona eginez eta gure begiradaz ikusiz mundua», erran du. «Nahiko genuke Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat erreferentziazko leku bat izaten jarraitzea».

Ipar Euskal Herriko Hitza-ra harpidetzeko kanpaina egingo dute ondoko asteetan. Urteko harpidetza 40 euroan izango da, eta irakurleak etxean errezibituko du magazina astero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.