Iñurrategik 'Natura bizia' aurkeztuko du ETB1en

Natura, gastronomia, fikzioa, entretenimendua eta kirola izango dira ETB1eko udako programazioaren osagai nagusiak

Alberto Iñurrrategik biodibertsitatearen aberastasuna erakutsiko du astearte gauetan. ETB.
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Askotariko saioak izango dira ikusgai uda honetan ETB1en. Horien artean, Alberto Iñurrategi mendizaleak Natura bizia dokumental saioa aurkeztuko du euskarazko katean, hilaren 13tik aurrera —zortzi atalak astearte gauetan emango dituzte—. Euskal biodibertsitatea izango du ardatz sailak: itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak... Basamortua, leku hutsa eta bizitza gabekoa dela iruditu arren, planetako ekosistema aberatsenetako bat dela ere erakutsiko dute. Eta Bizkaiko golkoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara iritsiko da saioa. Lexeia Larrañaga da saioko zuzendaria. Getarian (Gipuzkoa) eman zuten saioaren berri, atzo,ETBren udako programazioaren aurkezpenean. Naturaz gain, gastronomia, fikzioa eta kirola izango dira udako programazioaren osagai nagusietako batzuk.

Telesail bat estreinatuko du ETBk hilaren 15ean: Beti mugan. Koronabirus kasurik ez duen herri batean girotutako fikzioa da, umorezkoa. Aktore protagonistak Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi Jabato Lopez izango dira. Jabi Elortegik zuzenduko du.

Hilaren 18an, berriz, Altxa txapela saioa estreinatuko du ETB1ek. Euskal Herriko jaki bereizgarrienen lau ekoizle lehiatuko dira saioan, eta Joseba Argiñanok aurkeztuko du. Lehiakideak azokara joango dira, eta, gero, nork bere produktuaren kalitatea defendatu beharko du arerioen aurrean. Ezaugarri hauek hartuko dituzte kontuan epaileek: produktua bera, ontzia eta kozinatzeko ematen dituen aukerak. Lehiakideek euren produktua osagai nagusitzat daukan errezeta bat prestatu beharko dute.

Hilaren 19an hasita, bestalde, arratsaldero Ahoz aho udan saioa emango du ETB1ek. Ilaski Serranoren gidaritzapean, literatur eskaintza berriena Miren Agur Meabe, Ana Malagon, Nerea Loiola, Nerea Arrien, Oihana Arana, Mikel Reparaz eta Kirmen Uribe idazleekin jorratuko dute. Zuzeneko musika, berriz, momentuko taldeekin: Bulego, Ezpalak, Amak, Xabi Hoo, Afrika Bibang, Postal Kolekzionistak eta Sara Zozaia; zientzia gaiak Ana Galarragarekin landuko dituzte; teknologia berriak, Maite Goñiren eskutik; arkitektura kontuetan Anartz Ormaza izango du solaskide; animalien inguruan aritzeko Juan Ignacio Perez Iglesias hartuko du saioan; zinema eta telesailak ere hartuko dituzte hizpide, Gaizka Izagirre eta Aitor Abaroarekin; Iraitz Agirre eta Jasone Osororen ikuspegi kultural eta antropologikoak izango dituzte programan. Sexologia ere jorratuko dute uda honetan, Agurtzane Ormatzarekin.

Aurreko udan bezala, Julian Iantzik Udak dakarrena saioa aurkeztuko du ETB1en astegunetako gauetan. Hilaren 12an hasiko dira programa hori ematen. Euskal Herriko hainbat txokotan egingo dute saioa, eta istorio eta postalik ederrenak bilduko ditu.

ETB2 kateak El día de mañana saioa estreinatuko du hilaren 15ean; Dani Alvarez kazetariak aurkeztuko du, eta astero protagonista esanguratsu baten alderik pertsonalena eramango du saiora. Kate berean, El club del Tupper saioaren denboraldi berria hasiko da hilaren 12an.

ETB3 katea Buck telesaila ematen hasiko da. Hilaren 12an, berriz, Oum, izurde zuria marrazki bizidunak estreinatuko dituzte. Igande arratsaldetan film luzeak emango ditu umeentzako kateak.

'Gaur egun', gorantz

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia «pozik» azaldu da Twitter sare sozialean ETBko ikusle datuengatik. Telebistaren lau kateetako datuak batuta, azken hamabi urteetan ekaineko daturik onenak lortu dituztela nabarmendu du taldeak. Kateen artean, bada alderik: ETB2k %10,4ko batez bestekoa izan du ekainean; ETB1ek, %2,3koa; ETB4k, %0,7koa, eta ETB3k, %0,2koa.

ETB1eko albistegiek 2018ko abuztutik lortutako daturik onenak izan dituzte: %3,8ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %10,2koa; azken hilean %15,2 egin du gora—. ETB2ko albistegiek %20,7ko batez besteko ikusle kuota dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.