Iazko irailean estreinatu zuen Primeran plataformak Intimitatean izeneko elkarrizketa saioa. Bertan, hogei minutuko elkarrizketa intimoak egiten ditu Nerea Aliasek. Emakumeak dira gonbidatu guztiak, eta giro goxo batean aritzen dira solasean. Hamar atal izan zituen lehen denboraldiak; hamabi izango ditu bigarrenak, eta atzo estreinatu zuten.
Barbara Goenaga aktorearekin egin du lehen elkarrizketa Aliasek, eta ikusgai dago jada EITBren doako plataforman. Datozen asteetan, emakume hauek elkarrizketatuko ditu: Lur Errekondo Conquistador del Fin del Mundo saioko aurkezlea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Olaia Inziarte musikaria, Ylenia Baglietto aktorea, Lur Aranburu gimnasta eta artista, eta Maddalen Arzallus bertsolari eta Biba zuek! saioko aurkezlea. Horiez gain, azkeneko ataletan iritsiko dira Eusko Princess kantaria, Maria Cruickshank eta Edurne Azkarate aktoreak, Twin Melody bikote kantaria (Paula eta Aitana Etxeberria) eta Lara Izagirre zinemagile eta ekoizlea.
'Urak eginen du bide'
Primeran plataformara iritsi da, beste alde batetik, Urak eginen du bide dokumentala. June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi dira zuzendariak, eta Pantailak Euskaraz mugimenduarekin elkarlanean garatu zuten proiektua. Gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen dute hainbat profesionalek. Hain zuzen ere, elkarrizketatuen artean daude, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Kike Amonarriz soziolinguista, Antton Telleria umorista eta Mihiluze-ko aurkezlea, Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia.

Urak eginen du bide iazko urrian estreinatu zuten Lekeition (Bizkaia), 47. Euskal Zine Bileran. Telebistaz Hamaika Telebistan ikusi ahal izan zen aurrenekoz, urtarrilaren 24an.
Primeran-ek Follow telesail frantsesa ere estreinatu du aste honetan, euskaraz.