June Fernandez (Bilbo, 1984) kazetaria da, eta Pikara sortu zuen, Internet bidezko aldizkaria —pikaramagazine.com—. Feminismoa Sarean hitzaldi zikloan hartuko du parte gaur, 19:30ean, Zabaldin, Iruñean. Sarean izan duen esperientziaz mintzatuko da, Nodo 50 taldeko Saskia Garciarekin batera. Emakume Internazionalistak taldeak antolatu du zikloa.
Internetek aukera ematen du bestelako kazetaritzak egiteko. Hori bereziki egiada kazetaritza feministari begira?
Ez nuen bat egiten neure inguruan zeuden komunikabide askorekin. Horregatik erabaki nuen Pikara aldizkari digitala sortzea. Emakumeoi aukera paregabea ematen digu Internetek. Feministontzat oso zaila izan da orain arte komunikabideak sortzea, eta horren lekuko da Euskal Herrian egon diren hainbat egitasmo—Andra egunkaria, kasu— baliabide faltarengatik bertan behera geratu izana.
Interneteko itsaso zabalean, zailena norbere sarea erreferentzia bihurtzea da?
Bere garaian zailagoa zen. Sare sozialek asko erraztu dute. Mundu osoko beste feministekin lotuta egotea erraza da orain. Komunitatea sortzen dugu geure blogekin eta elkarren blogetan uzten ditugun mezuekin. Beste zailtasun bat: Internet errealitatearen beste isla besterik ez da; Interneten ere matxismoa dago non-nahi, eta feminismoaren aurkariek feministek baino zarata handiagoa ateratzen dute. Twitter eta Facebooken erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira, baina jarraituenak gizonezkoak dira. Hori horrela da, emakumeok eremu publikoan segurtasun gutxiago dugulako eta gizonen aldetik epai gehiago pairatzen ditugulako.
Zu horren biktima zuzena izan zara.
Ezaguna da emakume politikariak euren gorputzarengatik edo itxurarengatik epaitzen dituztela. Nik zalantza asko izan nituen neure argazkia argitaratzeko, baina gizonezko lankideek ez dute halako erreparorik. Azaroan mikromatxismoaren inguruko artikulu bat idatzi nuen. Ander Izagirre lankideak ere gai horren inguruan idatzi zuen. Bi artikuluek arrakasta handia izan zuten. Baina nik irain sexistak jaso nituen erantzunetan: «itsusia» nintzela eta «puta aurpegia» nuela, esaterako. Anderrek, ordea, askoz irain gutxiago jaso zituen, eta larriena, «mozolopintoa». Feminazi kontzeptua ere zabaltzen ari dira, feminismoaren oso irudi desitxuratua emateko.
Interneten hastapenetan, Donna Haraway filosofoak esan zuen teknologiak generoa gainditzeko balioko zuela. Oker zebilela jakiteko moduan gaude honezkero?
Hala uste dut nik. Gizartean dauden genero arazoak Interneten ere islatzen dira. Hor dago kristalezko sabaia fenomenoa: Interneten ere oso zaila dugu emakumeok gora egitea. Indarkeria sexista ere agertzen da. Bikote gazteen artean, esaterako, mutil batzuk Tuenti eta Facebook erabiltzen dituzte neska kontrolatzeko.
Teknologia ez bada berez justizia ekarlea, espero dezakegu denborak bidegabekeriak berdintzea?
Ezin dugu pentsatu gauzak pixkanaka aldatzen ari direla eta denbora uztea aski izango dela. Politika zehatzak garatzen ez direnean, boterea daukatenek bere horretan jarraitzen dute. Interneti buruzko politika zehatzak bultzatu beharko genituzte. Telebistako iragarkiak batzuetan sexistak dira; Internetekoak, berriz, ikaragarriak dira. Series Yonkis atarian sartzen zara, eta albo batean Errusiako neskatxa batzuek «larrutan egin nahi?» esaten dizute.
June Fernandez. Kazetaria
«Interneten, feministek baino zarata handiagoa ateratzen dute matxistek»
Emakumezko idazleek sarean jasotzen dituzten irainen inguruan mintzatuko da, besteak beste, 'Pikara' magazinaren sortzailea gaur Iruñean, Feminismoa Sarean jardunaldien harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu