Arrosa irrati sarearen koordinazioan buru-belarri dabil Jon Aranburu (Alegia, Gipuzkoa, 1980). Kazetaria da, eta Gasteizko Hala Bedi irratian ere aritzen da.
Arrosa irrati sarearen webgunea goitik behera berritu duzue. Interneteko eskaintza erakargarriagoa da orain, ezta?
Eskaintza, berez, aurrekoaren oso antzekoa da. Gertatzen dena da aurreko webgunea oso zaharkitua zegoela, eta zenbait eduki bistaratu gabe gelditzen zirela. Orain egin duguna da edukiak hobeto antolatu, eta egun Arrosa sarea denaren ispilu egokiena bihurtzeko modua egin. Horretarako, Zebrabidea irratsaioko elkarrizketak jartzen ditugu egunez egun, eta, bestalde, hainbat irratitako irratsaioak daude bertan.
Funtsezkoa al da Zebrabidea-ren ekarpena Arrosarentzat?
Kontuan hartu behar da Zebrabidea Arrosak berak ekoizten duen saio bat dela. Iaz proba batekin hasi ginen, programa denen artean ekoizten, eta horretarako Nekane Zinkunegi esatariaren rola definitu genuen. Urte batean, guretzat erabat funtsezkoa bihurtu da Zebrabidea. Kohesio lanak egiten ditu, guztiok bertan biltzen gaitu, eta lehen baino pertzepzio handiagoa ematen digu kanpora begira.
50 irratsaio partekatzen dituzue irrati batetik bestera. Ba al da aukerarik saio horiek guztiak webgunean jartzeko?
Gehienak webgunean jartzen ari gara. Kontua da jende asko garela, 25 irrati eta 50 saio. Kosta egiten da denak igo ahal izatea, kontuan izanik ia gehienak borondatez ari direla programak egiten. Borondatezkoak ematen dituen heinean jarriko ditugu, baina asmoa guztiak eskura jartzea da, edonork entzun ditzan.
Irratia gero eta gehiago entzuten da Internet bidez. Hori lagungarri al da irrati txikientzat?
Bai. Lagungarri da, egun irrati pobre zein irrati aberatsek erabil ditzaketelako sareko tresnak, eta modu berean zabal ditzaketelako edukiak. Kakotxen artean, demokratizatu egin da kontua. FMn zabaltzea askoz garestiagoa da. Emisore bat jartzeak sekulako kostua dakar. Internetek, berriz, aukera asko ematen ditu. Gure artean aspaldi esan izan dugu Internetek ekarritako aldaketa gabe Arrosa ez zela gaur egungoa izango.
Webgunean bada podcast-ak entzuteko aukera. Zer harrera dute?
Badakigu entzule batzuk oso fidelak direla irratsaio batzuekin. Podcast-en aldeko apustuan ari gara, eta hori ez dugu ezkutuan egin nahi izan. Ez da masiboa podcast-en erabilera, baina bada esanguratsua, eta irrati zaleek estimatzen dute.
Berriki esan duzu emisioa zabaltzen ari zaretela.
Irrati batzuek beti izan dute asmoa emisioa zabaltzeko. Adibidez, Hala Bedi irratiak emisioa ia Araba guztian egiten du. Arrosan irrati berriak sartzen diren heinean, eremua zabaldu egiten da.
Webgunean irrati mapa bat ere jarri duzue. Iruñerritik behera ez da irratirik.
Bai. Eremu ez-euskaldunetan zaila da euskarazko irratiak sortzea. Hala ere, badaude asmoak Iruñetik behera irrati batzuk martxan jartzeko. Arrosatik animoak bidali nahi dizkiegu horretan lanean ari direnei.
Arrosaren etorkizunari begira, zer helburu dituzue?
Iazko urtea esperimentu bat izan zen guretzat, Zebrabidea martxan jarrita. Orain, webgunea berritu dugu. Eta bi helburu horiek bete ditugu; Zebrabidea sareko irrati gehienetan emititzen da. Datorren urtean hamabost urte beteko ditu Arrosak, eta badugu asmoren bat edo beste. Batez ere, teknologia berriek arduratzen gaituzte. Sakelako telefonoen bidez irratia entzuteko ohitura handitzen ari da, eta begiratu bat eman behar diogu horri. Agian ikus-entzunezkoei heldu beharko diegu noizbait, etorkizuna transmedia kontuetan baitago.
Jon Aranburu. Arrosa irrati sareko kidea
«Internetek ekarritako aldaketa gabe Arrosa ez zen egungoa izango»
Hamabost urte beteko ditu 2016an Arrosa irrati sareak. Webgunea berritu du duela gutxi: 'www.arrosasarea.eus'. Aranbururen arabera, 'Zebrabidea' irratsaioak «kohesio lanak» egiten ditu sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu