Interes globala duten tokiko istorioak dituzte jomugan

11.000 profesionalek parte hartu dute Cannesko Mipcom azokan. ETB2ko 'La Caza' hautatu dute formatu berritzaileen artean

EITBk Primeran plataforma aurkeztu du Cannesen, Basque Audiovisual markako erakusmahaian. EITB.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nahiz eta ez dituen koronabirusaren pandemiaren aurreko datuak berreskuratu, ikus-entzunezkoen sektoreak indar erakustaldia egin du asteon Cannesen (Okzitania), Mipcom nazioarteko azokan. Ehun herrialde baino gehiagok parte hartu dute topaketan, eta 11.000 profesionalek baino gehiagok —horien artean, 3.500 erosleak ziren—. Eta eduki askok bidaiatu egin dute ideia sortu duten herrialdetik beste herrialde batzuetako telebistetara.

Lucy Smith Mipcomeko zuzendariak adierazi du telebista merkatuek «birsortzeko ahalmena» erakutsi dutela. «Ikus-entzunezko sektoreak interes globala duten tokiko istorio gehiago behar ditu», adierazi du. Izan ere, jomuga tokiko istorio arrakastatsuak direla esan du topaketako arduradunak. Sektoreak kalitatezko edukien bila jarraitzen du, eta «eragin globala» izango duten istorioei so dabil.

Aurtengo aldian, aurrez baino nabarmen gehiago izan dira desgaitasunen bat duten herritarren inguruko saioak, gutxiengo etnikoen ingurukoak eta sexu aniztasuna azaleratzen dutenak.

Smithek nabarmendu duenez, bestalde, Asiako eta Afrikako profesionalen kopurua %50 igo da iazko aldiarekin konparatuz. Txina izan da herrialde gonbidatua.

ETB2ko saio bat, hautatua

Mipcom azokaren barruan egiten dute urtero Fresh TV jardunaldia. Hartan, eduki eta formatu berritzaileenak aukeratzen dituzte. Eta, aurten, horien artean hautatu dute ETB2 kateko La Caza, nada es lo que parece izeneko reality-a. Secuoya Studios eta Grupo Proyeccion ekoiztetxeena da formatua; abentura generoari beste osagai bat gaineratu diote: ezkutuko identitateen jokoa, zehazki. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek harrera nahiko ona egin diote saioari: 13 eta 24 urte arteko tartean, %16,7ko ikusle kuota lortu du astero. Juanma Lopez Iturriagak aurkezten du.

Euskal Herriko beste ekoiztetxe batzuek, bestalde, sektoreko hainbat eragilerekin elkarrizketak izan dituzte egunotan Cannesen. Hain zuzen ere, Euskal Herriko profesionalek erakusmahai bat izan dute, Basque Audiovisual markapean. ETBk, gainera, Primeran plataforma aurkeztu du.

Formatu mistoak

Formatuak eta generoak nahasten dituzten saioek gora egingo dutela jakinarazi dute egunotan Mipcom azokan. Formatu mistotzat jo dute, esate baterako, Netflixek azaroaren 22an estreinatuko duen lehiaketa: The Squid Game-The Challenge; Hego Koreako telesailik arrakastatsuenean dago oinarrituta, reality bat da, baina telesail originalaren makina bat erreferentzia sartuko dituzte.

Formatu mistotzat jo dute AEBetako Snake Oil saioa ere. Hartan, benetako ekintzaileek eta faltsuek beren produktuak aurkezten dituzte, iragarki surrealistak erabilita.

Quebeceko Couples en survie saioan, berriz, maitasun kontuak eta iraupena nahastu dituzte. Hau da formula: bikote bat 36 orduz utziko dute Kanadako iparraldeko toki basati batean. Aurrera egin beharko dute, eta egoera zail batean beren bikote harremanaren sendotasuna erakutsi.

Fikzioan ere makina bat berrikuntza aurkeztu dituzte egunotan Okzitaniako kostaldeko hiri horretan. Hegoafrikako Catch Me a Killer telesaila eta Australiako Colin from Accounts eta While the Man Are Away dira horietako batzuk.

Nabarmentzekoa da Frank Doelgerrek —Game of Thrones-eko ekoizle eragilea izan zen— sortutako Concordia telesail laburra. Etorkizun distopiko bat planteatzen du fikzioak, eta teknologian oinarritutako gizarte berri bat irudikatu. Hainbat herrialderen arteko koprodukzioa da: Alemania, Frantzia, Japonia eta Saudi Arabia.

Hego Koreak 80 telesail estreinatu zituen iaz. Cannesen, Good Day to Be a Dog komedia erromantikoa eta The Deal drama iluna aurkeztu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.