Instagram hazten ari da

Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Behategiko koordinatzaileak aztertu duenez, euskarazko hedabideen jarioa asko hazi da Instagramen azken urtean, baita erabiltzaileen kopurua ere.

Azkeneko egunetan, Gaztezulo aldizkaria Instagram bidez ari da elkarrizketa digitalak egiten, 12:00etan. GAZTEZULO.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Sare sozialetako kontsumo informatiboa asko hazi da, baita Instagramen ere». Hala uste du Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak. Eta iruditzen zaio igoera hori areagotu egin dela COVID-19aren krisiaren asteotan. Sare sozialen artean, azkeneko urtean gorakada agerikoa izan da Instagramen, Mimenzak aztertu duenaren arabera: 2019ko otsailaren 24an, euskarazko hedabideen Instagrameko jarraitzaileak 38.537 ziren; urtebete geroago, kopurua 62.828ra iritsi da—%63ko igoera—; eta aurten, otsailaren 24tik martxoaren 24ra, beste %5,87 hazi da jarraitzaileen kopurua: 66.518ra.

Azkeneko egunetan, bestalde, euskarazko zenbait hedabidek propio Instagramerako produktuak sortu dituzte. Azkeneko bi asteetan, Gaztezulo-k zuzeneko elkarrizketak egin ditu eguerdian aplikazioan bertan, aste osoko programazio batekin.

Mimenzak azaldu duenez, BERRIA Aretoaren bideoak zabalpen ona izaten ari dira Instagramen: «1.000 eta 2.000 ikustaldi artean pilatzen dituzte egunen joanean». Dena den, Mimenzak baditu zalantzak Instagrameko ekinaren inguruan: «Non kontabilizatzen dira ikusle horiek guztiak? Zerbait egin beharko da martxa atxikimendua lantzeko. Zer egingo dugu herritarrek Instagramen ikusi dutela erantzun beharrean BERRIAren Instagram kanalean izan dela oroitu eta hala adieraz dezaten?».

Agerikoa da Instagram izaten ari den zabalkundea handia dela,bai Euskal Herrian, bai nazioartean. 2019tik 2020ra, Instagramen erabiltzaileak ugaritu egin dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Bilbon, %14,37; Gasteizen, %10,59; Iruñean, %13,16; eta Donostian, %6,91.

Euskarazko hedabideen Instagrameko atsegite kopurua, berriz, %63 hazi da azkeneko urtebetean. Mimenzaren datuen arabera, halaber, asko handitu da euskarazko hedabideek plataforma horretan argitaratutako eduki kopurua: azkeneko urtean, batez beste 373,4 argitalpen egin zituzten hilabeteko —12,4 eguneko—; eta azkeneko hilabetean 735 argitalpen jarri dituzte —24,5 eguneko—. Joan den hilabetean, gainera, 3.690 jarraitzaile gehiago iritsi dira. «Erritmo handiagoan ari da hazten Instagrameko komunitate metatua».

Estrategia baten beharra

EHUko ikerlariaren iritziz, aintzat hartu behar da hedabideen kontsumo batzuk bakarrik sare sozialen plataformetan gertatuko direla. «Eta horietan ere euskarazko edukiak kokatzea garrantzitsua izango da». Funtsezkotzat jo du herritarrak dauden lekuetan agertu eta plazara ateratzea. «Eduki onak egitea ez da nahikoa; edukien zabalpena ere diseinatu behar da, eta erabiltzaileentzako ahalik eta esperientziarik atseginena pentsatu». Estrategia horietan, hedabideek berriro aztertu beharko dituzte parametro asko, «baita arrakastaren neurgailuak ere».

Aurtengo datuak dira: Hego Euskal Herriko hiriburuetan, populazioaren %69 dago Facebook sare sozialean, %48 Instagramen, eta %7 besterik ez Twitterren. Iazko datuekin alderatuta, Twitterrek behera egin du apur bat: %0,5. «Mundu mailan bezala, Euskal Herrian ere Twitter egonkortuta edo beherantzako joeran dago», esan du Mimenzak. Nazioarteko ikerketek eta datuek diotenez, Twitterren erabiltzaileen gehiengoa helduek osatzen dute. «Hala ere, Twitter da sare sozialen artean garrantzi informatiborik handiena duena, kazetarientzako informazio iturri bihurtu baita, eta prentsan eta irrati-telebistetan ere argitaratzen baita bertako edukia».

Euskarazko komunikabide askok komunitate garrantzitsuak dituzte sare sozialetan, baina Mimenzak oso argi du estrategia bat behar dela: «Komunikazio ekosistemaren aldaketak ezbaitu ekinbide zaharrentzako gupidarik izango». Horregatik, honako ohartarazpen hauegin die hedabideei: «Txip tradizionalarekin papererako, telebistarako edo irratirako sortutako edukiak hedatzeko bide bat baino gehiago behar dute izan sare sozialek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.