Iñaki Sobrinos. 'Goian' aldizkariko erredaktorea

«Inguruko norbait hiltzen denerako, interesgarriak diren gaiak jorratzen ditugu»

Heriotzari buruzko aldizkari bat sortu dute berriki: 'Goian'. Momentu zail horietan, informazio baliagarria emateko helburuz jaio da argitalpena. Funeuskadi ehorzketa etxeak argitaratu du.

Ilargi Agirre.
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Pertsona maitatu bat hiltzen zaion edonori irakurketa baliagarria eskaintzeko xedez sortu da Goian aldizkaria. Aholkularitza psikologiko eta legezkoa emateaz gain, heriotzari buruzko hainbat erreportaje eta elkarrizketa biltzen ditu. Funeuskadi ehorzketa etxeak argitaratu du, eta dohainik da. Aldizkariko erredaktorea da Iñaki Sobrinos (Portugalete, Bizkaia, 1957).

Nola bururatu zaizue aldizkaria sortzea?

Enpresaren historiari begira sortu dugu aldizkaria, familiei ematen zaien harrera eta laguntzatik abiatuta. Une batetik aurrera, ordea, informazio hori idatziz jasotzea ere beharrezkoa dela pentsatu dugu, bezeroek gure beilatokietan pasatzen duten denboran lasai-lasai irakur dezaten. Inguruko norbait hiltzen denerako, interesgarriak diren gaiak jorratzen ditugu.

Historia aipatu duzu. Funeskadi ehorzketa etxeak bi mende ditu.

Bai, halaxe da. Izan ere, XIX. mendean sortu ziren hainbat ehorzketa etxeren baturatik sortu zen Funeskadi.

Nola dago egituratuta aldizkaria?

Lehendabiziko zenbaki honetan hamasei orrialdeko aldizkari bat egin dugu, baina orrialdeak gehitzeko asmoa daukagu etorkizunean. Zein garen, non gauden eta zer eskaintzen dugun azaldu nahi izan dugu. Ale bakoitzean alderdi psikologikoari buruzko aholkuak, legezko aholkularitza, mundu honetako albisteak eta hainbat zibilizaziok heriotzaren inguruan dituzten ohiturak azalduko ditugu. Zelta kulturaren berri eman dugu orain, adibidez.

Felix Linaresi elkarrizketa ere egin diozue; heriotza eta zinemaren arteko loturari buruz.

Aisialdiari ere begiratu diogu, bai. Felixekin hitz egin nuen, eta interesgarria iruditu zitzaion proposamena. Nik uste dut gisa honetako elkarrizketarik ez diotela inoiz egin. Zineman heriotzak duen garrantziaren berrikusketa egiten du elkarrizketan.

Eta zer dio?

Heriotza hainbat modutan islatzen dela. Det sjunde inseglet (Zazpigarren zigilua), eta All That Jazz filmei buruz hitz egiten du, adibidez. Kontrajarriak dira biak; heriotzak oso modu ezberdinean ikusten baitira. Lehendabizikoa Ingmar Bergmanena da, eta heriotza oso modu gogorrean erakusten du. Izurritea dago Europan, Erdi Aroan, eta pertsonaia batek xake partida bat jokatzen du heriotzarekin. Bigarrengoan, koreografo baten bizitza kontatzen da, baina heriotzaren ikuspegi askoz ere baikorrago batetik abiatuta.

Psikologiaren atalean zer landu duzue ?

Susana Fernandez de Liger psikologoak doluari aurre egiteko aholkuak ematen ditu. Argi dago familia batentzat pertsona maitatu bat galtzea trauma bat dela. Aholkuak zerrendatzen ditu, jendeak irakurri eta ohartzeko gertatzen ari zaiena erabat normala dela. Doluak hainbat fase ditu, pixkanaka pasatzen joaten direnak, eta ez da, inondik ere, kezkagarria. Datorren zenbaki batean, haurren doluari buruz hitz egiteko asmoa daukagu; haurrak aitona edo amona galtzen duenean, zer egin egin behar den jakiteko.

Eta legezko aholkularitzan?

Herentzia jasotzeko egin behar diren urratsak azaldu ditugu erreportaje batean, oso azaletik bada ere.

Non irakur daiteke aldizkaria?

Gure beilatoki, eta bulegoetan daude; 400 ale inguru atera ditugu. Interneten ere badago eskuragarri www.funeuskadi.com helbidean.

Lehen begiradan heriotzari buruzko aldizkari batek ez du askorik erakartzen.

Heriotzari bazterretik begiratzen diogu, baina hor dago. Bizitzaren zati da. Familia batean norbait hiltzen denean, senideek asko eskertzen dute gisa honetako informazioa eskura izatea. Azkenean, beilatoki batean topo egingo duzu aldizkari honekin, heriotza alboan duzunean. Une horretan bilatzen ari zarena da norbaitek esatea zer egin behar duzun. Zorionez, gutxitan bizitzen diren egoerak dira.

Zenbatean behin aterako duzue?

Aurten hiru zenbaki argitaratuko ditugu. Apirilean kaleratukodugu bigarrena, eta irailean hirugarrena. Hurrengo urtetik aurrera, sei hilabetetik behin aterako dugu. Indarra hartzeko lau zenbakirekin hasi nahi izan dugu.

Nolako harrera izan du orain arte?

Egun gutxi dira atera genuela, hedabideetan oihartzun handia izaten ari da, eta jendeak ere oso ongi hartu du. Harritu egin gara, egia esan. Interesa dagoela ikusten da, eta pozten gara.

Hurrengo zenbakirako zer asmo duzue?

Artearen inguruko eta kulturako jendearen bila gabiltza elkarrizketak egiteko. Elkarrizketatuko dugun pertsonaren arloarekin lotuko dugu heriotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.