Informazioa bilatzeko, Twitterrera

Unibertsitateko ikasleen informatzeko ohiturak aztertu ditu EHUko Ikusiker Behategiak

Naroa Rios
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Hamar gaztetik bederatzik sare sozialak erabiltzen dituzte informatzeko. %38k Twitter lehenesten dute, eta Twitterreko hariak (%39,9) eta Instagrameko Story-ak (%39,6) dira albisteak jasotzeko gehien darabiltzaten formulak. Hala ondorioztatu du Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak. Gazteek ikus-entzunezkoak ikusteko eta IKT edo Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko dituzten ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituen behategia da. Egitasmoa EHUko NOR Ikerketa Taldeak egin du, eta EITBk abiatutako Applika+ izeneko ikerketa proiektuaren barruan dago. Ikerketa EHUko eta NUPeko 18-23 urte arteko 1.451 ikaslerekin osatu dute.

Gazteek informatzeko euskarri ezberdinak erabiltzen badituzte ere, informazio iturriak berdinak dira oraindik ere: ikasleen %62,4 komunikabide nagusiek sare sozialetan zabaltzen dituzten edukietatik informatzen dira, eta %44k komunikabideen webguneak erabiltzen dituzte.

Garazi Sanchez Ikusikerreko ikerlariaren ustez, fenomeno hau ikasleen %97k eskuko telefonoa eta ordenagailu eramangarri bat dutelako gertatzen da: «Eskolan, kalean eta etxean Internetera konektatuta daude gazteak».

Informazioarekiko interesa «apalduz» joan da, Sanchez ikerlariaren ustetan. Txostenaren arabera, ikasleen ia erdiei bakarrik pizten die nahiko interes informazioak. Interes falta hori, gehienetan, informazio gehiegi jasotzen dutelako da, eta horrek informazioa baztertzera bultzatzen dituela adierazten dute %31,5ek. Beste faktore bat fidagarritasuna da: ikasleen %27,8k aitortu dute sinesgarritasun maila ez dela handia.

Informazioarekiko interesak behera egin duen arren, informazio lokalari buruzko interesa badute, %37k behintzat. «Datu hau nabarmendu nahi dugu, positiboki harritu gaituelako», adierazi du Sanchezek.

Sare sozialek irismen oso handia dute ikasleengan. Instagramek, bereziki. «Instagramen irismena iaz%79,7koa zen; aurten, berriz, %81,4ekoa», Sanchezek zehaztu duenez.

Telebistari dagokionez, %67,9k erabiltzen dute informazio iturri modura. %28,6k ETB2 aukeratu dute, eta gehien aipaturiko kanaletan bigarrena da ETB1 (%18,4k).

Kontsumitzen direnak baino euskarazko eduki gehiago sortzen direla adierazi du Sanchezek: «Adibidez, Tiktoken ikusten diren edukien%0,7 euskaraz dira, eta eduki sortzaileen %1,1ek beti euskaraz sortzen dute». Beste adibide bat: «Euskararen pisua ahula da. Youtuben ikusten diren edukien %2,4 bakarrik dira euskaraz». Sanchezek nabarmendu du, hala ere, ikasleen %13k beti euskaraz sortzen dutela, bereziki unibertsitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.