Jio Star da konpainiarik handiena Indiako entretenimenduaren eta ikus-entzunezkoaren alorrean. Reliance Industries, Viacom18 eta Disney India ditu bazkide. Jio Cinema zen orain arte haren streaming plataforma, baina Disney+Hotstar plataformarekin bat egin du, eta bakarra osatu dute orain: Jio Hotstar. Jio Star eta Disney enpresen arabera, 500 milioi erabiltzaile baino gehiago izango ditu plataforma berriak. Kontuan hartu behar da Indiak 1.400 milioi biztanle baino gehiago dituela.
Jio Starrek jakinarazi duenez, plataforma berriak hemeretzi hizkuntzatan eskainiko ditu edukiak —horietatik hamar, Indiakoak—. Era berean, adimen artifiziala erabiliko dute erabiltzaileei gomendioak egiteko.
Jio Star enpresako presidentea, berriz, Nita Ambani da. Herrialde horretako emakume aberatsenetakoa da.
Ameriketako Estatu Batuetako eta Indiako fikziozko eta entretenimenduko saioak eskainiko ditu Jio Hotstar plataformak. Baina baita kirol txapelketa asko ere: Indiako kriket ligako partidak, futboleko Ingalaterrako Premier Leaguekoak eta Wimbledon tenis txapelketakoak, besteak beste.
Oinarrizko harpidetza bi euro baino gutxiago izango da, hiru hilabeterako. Iragarkirik gabeko Premium harpidetza, berriz, bost euro ingurukoa izango da, hiru hilabeterako. Euskal Herrian ez dago aukerarik harpidetza egiteko.
Indian Netflix eta Amazon Prime Video dira indar handiena duten beste bi plataformak.