Iñaki Uriari lekukoa hartuta, Ainhoa Jauregi da Hamaika Telebistako zuzendari berria

Maddi Mochales digitalizazio arduradunak, Onintza Alustiza finantza arduradunak eta Jauregik berak osatzen dute Hamaikaren zuzendaritza berria. Uriak laster hartuko du erretiroa.

Iñaki Uria eta Hamaikako zuzendari berri Ainhoa Jauregi, gaur, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Iñaki Uria eta Hamaikako zuzendari berri Ainhoa Jauregi, gaur, Zarautzen. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Zarautz
2024ko urriaren 9a
14:30
Entzun

Duela hemezortzi urte jaio zen Hamaika Telebista, 2006an, eta hemezortzi urteotan Iñaki Uria aritu da zuzendari. Zuzendaritza eraberritu du orain Hamaikak, eta Ainhoa Jauregik (Hernani, Gipuzkoa, 1981) hartu du Uriaren lekukoa. Harekin batera, Maddi Mochales digitalizazio arduradunak eta Onintza Alustiza finantza arduradunak osatuko dute euskarazko katearen zuzendaritza berria. «Garai baten mugarritzat» jo du Hamaikak zuzendaritza aldaketa.

Zarautzen (Gipuzkoa) egindako aurkezpenean, Jauregik eskerrak eman dizkio Uriari, «urteotan euskalgintzan egin duen ekarpenagatik», batetik; «eta Hamaikaren proiektuan sinistu duelako, eta honaino ekarri gaituelako, bestetik. Hari esker, Hamaikaren bidea jarraitu dezakegu».

Hamaikako zuzendaritza hiru lagunek osatuta, «ikuspegi osatuagoarekin» eramango dute proiektua aurrera, Jauregiren irudikoz. Kanpo harremanen ardura Jauregik izango du. Ikus-entzunezkoek bizi duten egoeraz hausnartu du testuingurua «oso aldakorra» dela. «Ikus-entzunezko eskaintza gero eta handiagoa da, eta kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Guri tokatzen zaigu aldi berri hauetara egokitzea».

Hala ere, hedabideek egun garrantzi handia dutela nabarmendu du euskarazko katearen zuzendari berriak. «Gure kultura, hizkuntza eta identitatea babestu behar ditugu, eta ondo informatutako gizarte kritiko bat bermatu». Erronka handia bada ere, aukera ere handia dela uste du Jauregik. «Gure helburua da eduki berritzaile eta erakargarriak eskaintzea, betiko ikusleak ahaztu gabe, belaunaldi berriekin bat egiteko».

Ainhoa Jauregi Hamaika telebistako zuzendaria
Ainhoa Jauregi Hamaika telebistako zuzendari berria, gaur, Zarautzen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU

Gazteak ulertu eta eskaintza haiei egokitzea dagokiela uste du Jauregik. «Eduki azkarrak, dinamikoak eta bisualak eskatzen dituzte gazteek, erraz partekatzen direnak. Hortaz, Youtube, Tiktok, Instagram eta plataforma horien bidez iritsi nahi dugu haiengana. Arlo horretan egin ditugun ahaleginek harrera ona izan dute orain arte: gazteen parte hartzea errazten duten edukiak eta haien errealitatearekin bat egiten dutenak iristen zaizkie gehien».

Bestalde, desinformazioari aurre egiteko lanean jarraituko du Hamaikak. «Albiste faltsuak gero eta ugariagoak dira, eta kalte handia egiten dute. Hamaikan konpromisoa hartzen dugu egiazkotasuna eta zorroztasuna gure informazioetan bermatzeko», esan du Jauregik. Zuzendari berriak aipatu du Hamaikaren komunitatea belaunaldi desberdinek osatzen dutela, ez soilik gazteek, eta, hortaz, telebista tradizionala ikusten dutenak oraindik badaudela. «Telebista konbentzionalera ohituta dagoen publikoari eskainitako edukiak ere eskainiko ditugu: albistegiak, musika saioak, Hamaika leiho, Esker onez edo Gurpilak sutan bezalako saioak».

Hurrengo erronkei aurre egiteko, profesional onak mantentzeko eta publiko berriak erakartzeko, baliabide ekonomikoak beharko dituztela azaldu du Jauregik. «Erakunde publikoen inplikazioa beharrezkoa izango da. Denok elkarrekin joan behar dugu euskararen normalizazioan eragiteko».

Hamaikaren bazkide sortzaileei eskertza

Jauregik lauzpabost urte daramatza Hamaikan lanean —kazetaria da, eta aurretik hainbat urtez aritu zen Bainet ekoiztetxean—. Iñaki Uriak gogoratu du Bainet izan zela Hamaikaren sorreran parte hartu zuen eragileetako bat, hiru komunikazio talde hauekin batera: BERRIA Taldea, Gara-Naiz eta Deia-Noticias. Euskaltel konpainiak ere lagundu zuen sorrera hartan, bazkide teknologiko gisa. Eta Elkar argitaletxeak ere lagundu zuen. «Seikote horrekin sortu zen Hamaika», aipatu du Uriak. «Oso garrantzitsua izan zen elkartze hori, eta ez bakarrik telebista euskaraz egiteko, baizik eta bazelako zerbaiten hazia. Elkarlan premia handia dago». Sorrera hartan piztu zen «ilusioa» aurrerantzean ere partekatzea nahiko luke Uriak. «Nigan konfiantza jarri zuten enpresekin oso eskertuta nago. Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan Hamaikako langile izan direnei, bai eta Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen Hamaika martxan jartzen lagundu duten guztiei ere».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.