Komunikazioa

'Iñaki & Cia' saioa aurkeztuko du laster Iñaki Lopezek ETBko bigarren katean

Sei atal grabatu dituzte, eta, bakoitzean, pertsona ezagun baten egunerokoa partekatzen du Lopezek, bi egunez

Iñaki Lopezek 48 ordu pasatuko ditu pertsona ezagunekin, haiek egiten dutena partekatzen. ETB.
Ainhitze Ruiz.
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Lopezek ETB2ko Iñaki & Cia saioa aurkeztuko du laster. Xabier Euzkitzek aurkezten duen Bisitaria saioaren antzeko formatua izango du saioak. Lopezek 48 ordu pasatuko ditu pertsona ezagun batekin, haien egunerokoa hurbiletik ezagutu eta bi egunetan horiek egiten dutena partekatuko du. «Pertsonaren familia eta lagunekin ere izango gara», azaldu du Lopezek. Dagoeneko sei protagonistarekin grabatu dituzte saioak, baina, oraindik ez da saioaren estreinaldirako egunik zehaztu.

Azken boladan, La Sexta kateko La Sexta Noche saioa aurkezten du Lopezek, eta, azaldu duenez, ETB2ko saio berria horrekin uztartuko du.

Ondorengo pertsona hauen eguneroko bizitzaren xehetasunak ezagutu ditu oraingoz Lopezek: Jon Kortajarena modeloa, Loquillo abeslaria, Cristina Almeida abokatua, Francisco Etxeberria auzitegi medikua, Ivan Fandiño toreatzailea eta Juanito Oiarzabal mendizalea. «Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura duten pertsonak aukeratu ditugu», adierazi du aurkezleak.

Lopezek azaldu duenez, Kortajarena punta-puntako modelo garrantzitsuenetakoa izanik, oso zaila da hura elkarrizketatzea. «Kostata, baina, azkenean, lortu genuen Kortajarena konbentzitzea gure saioan parte hartzeko». Modeloaren grabaketak bi zati izan ditu: lehenengo egunean, Madrilen izan ziren Kortajarenak Ameriketako Estatu Batuetako moda aldizkari baterako egin behar zituen argazki saio batean. Bigarren egunean, berriz, Bilbon izan ziren. Han, modeloaren ama, lagunak eta senideak ezagutu zituzten.

Loquillo abeslariaren grabaketaren zati handiena Lasarten (Gipuzkoa) egin zuten. «Abeslaria Euskal Herrira etorri zenean Lasarte izan zen ezagutu zuen lehen herria», esan du aurkezleak. Loquilloren seme Cayo eta Gipuzkoa Basket taldeko Doblas jokalariarekin batera, saskibaloi partida bat ere jokatu zuten. «Oso grabaketa dibertigarria izan zen».

Cristina Almeida izan da beste gonbidatuetako bat, eta Madrilen izan dira harekin. Almeidaren senitartekoak eta lagunak ezagutu dituzte, eta haren etxean pasatu zuen gaua Lopezek. Bestalde, Madrilgo Atochako tren geltokiaren inguruan ere izan ziren.

Istorio «hunkigarriak»

Francisco Etxeberriak hunkitu egin duela aitortu du Lopezek. «Oso interesgarriak dira kontatzen dituen gauzak, eta hunkigarria izan da bera ezagutzea». Guardia zibilengandik ihes egiteko erabili izan den kobazulo batean pasatu zuten gaua, eta, han, tortura kasuez, auzitegiko txostenez eta beste hainbat gauzari buruz hitz egin zuten. Gainera, Donostiako Aranzadi zientzia elkartean ere izan ziren Etxeberriarekin batera: «36ko gerrako garaiko hilobiei buruzko nondik norakoak eta beste hainbat gauza ere azaldu zizkigun». Juanito Oiarzabalekin rokodromo bat eskalatzen izan zen Lopez. «Niretzat, Bilboko Iberdrola dorrea eskalatzea bezala izan zen hura», dio aurkezleak. Ivan Fandiño toreatzailearen senitarteko eta lagunak ezagutzeko, Urduñan (Bizkaia) izan ziren. Lopezek azaldu duenez, pilota partida bat ere jokatu zuten toreatzailearekin. Fandiño pilotaria izan baitzen garai batean.

Lopezen esanetan, galdera guztiak erantzun dituzte gonbidatuek, eta inork ez dio uko egin erantzuteari, «ezta galdera zailak egin dizkiegunean ere». Gaineratu, halaber, oso esperientzia polita izan dela horrelako saio bat egitea: «48 ordu pertsona horiekin pasatu ondoren, lagunak egin gara, eta, orain, sei lagun gehiago ditut nire telefonoko agendan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.