«Gabon eta ongi etorri Gasteiztik, Euskal Telebistako ikus-entzule guzti-guztiok! Ongi etorri urteko gaurik berezienera!». Gutxi-asko, mezu horrekin hasiko da gaur, 23:40an, Euskal Telebistaren Urtezahar gaueko emankizun berezia, Gasteizko Plaza Berritik, zuzen-zuzenean: Kaixo 2025. Plaza, berria, eta aurkezleetako bat ere bai: Ilaski Serrano. Iaz Nerea Reparazek, Miren Nogalesek eta Julen Telleriak egin zituzten aurkezle lanak ETB1en; aurten, Serrano eta Telleria arituko dira eginkizun horretan. Besteak beste, Mihiluze, Artefaktua eta Oholtzan saioen aurkezlea da Serrano, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean ere hark egin zituen aurkezle lanak abenduaren 14an, Jon Martin ondoan zuela. Telleria, berriz, Gora bihotzak saioan aritzen da aurkezle, eta baita Gaztea irratian ere, Dida saioan.
ETB1en eta ETB2n egingo dute Kaixo 2025 saio berezia. ETB2n, Africa Baeta aurkezlea eta Leire Martinez musikari eta aurkezlea izango dira gidariak —lehen aldiz arituko da Martinez—, eta Egoitz Txurruka Txurru-k, aurreko urteetan bezala, hainbat lagun elkarrizketatuko ditu plazan. ETB1en, Iñigo Agirre kazetaria arituko da zeregin horretan. EITBren webgunean ere zuzenean ikusi ahal izango dira bi emanaldiak.
Musika emanaldiak, su artifizialak, dantza, mahatsak, kotiloi poltsatxoa... eta ezustekoak. Denetik izango da gaur Gasteizko Plaza Berrian. EITBk dei egin die herritarrei bertaratu eta festarekin bat egin dezaten. 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7... ohi bezala, 12. kanpai hotsa entzutean lehertuko da festa Arabako hiriburuan, eta lau aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa. EITBk jakinarazi duenez, gainera, Bulego taldeak Euskaraldirako sortutako Gure Bihotzaren Taupadak abestia kantatu eta dantzatuko du.
Euskal diseinatzaileak
Urtero bezala, Euskal Herriko zenbait diseinatzailek jantziko dituzte lau aurkezleak. ETB1eko aurkezleei dagokienez, Ilaski Serranok Getaryko jantzia izango du, Julen Telleriak Neu etxekoa, eta Iñigo Agirre, berriz, Aldabaldetreku jostundegiak jantziko du. ETB2n, iaz bezala Eder Aurrek diseinatuko du Africa Baetaren jantzia, eta Yolanda Torresek Leire Martinezena. Egoitz Txurrukak, berriz, Neu taldeak diseinatutako jantzia izango du.
22:35etik 23:40ra artekoa Biba 2025 saio bereziak beteko du —baita kanpaien ondorengoa ere, 00:15etik aurrera—. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia aurkezle lanetan direla, hainbat bakarlari eta talde gonbidatuko dituzte Urtezahar gaueko festara: Sune, Gontzal Mendibil, Janus Lester, Xabi Solano eta Kristina Solano, Maren, Gozategi, Idoia, Zilikito Records, Korrontzi, Bengo, Puro Relajo, Sukena eta Albina Stardust, Yogurina Borova, Divina Komedia eta Xarma Leone. Betiko eta gaur egungo abesti ezagunak kantatuko dituzte guztiek. Berritasun gisa, Oxabi taldea ere platoan izango da; harena da saioko banda. Photocall-a eta alfonbra gorria ere izango dituzte galan.
Hamaikan, ezustekoak
Gabon gauean bezala, gaur ere saio berezia egingo du Hamaika Telebistak, Donostiako Bukowski tabernatik, 23:15etik 00:15era. Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturri izango dira aurkezleak. Beste urte batez, beraz, Kolpez Kolpetarrek elkarrekin esango diote agur urteari, eta hainbat ezustekorekin emango diote ongietorria 2025ari. «Litekeena da Mari Domingi bera Bukowskin izatea», azaldu du Atorrasagastik. Gabon gauean Errenteriara (Gipuzkoa) joan ziren Mari Domingiren bila, Mari Domingiren errepublika magikora, baina ez zuten aurkitu; platoan egongo zela esan zien. Gaurko ezusteko berezi bat daukate gordeta.
Besteak beste, Beatriz Egizabalen esku hartzeak izango dira saioan; Jon Maia ere joango da Miribillatik —Bilbotik— Bukowskira, eta nortasunaren eta zoriontasunaren inguruko kontuak aztertuko ditu; Andoni Ollokiegik kontzertu berezi bat emango du, ohi duen moduan hainbat estiloren arteko fusioa eginda; Koldo Otamendi Musika zuzenean saioko aurkezlea ere izango da Donostiako saio berezian, eta baita Iruñe Astitz ere, Nafarroako berrien emaile. Sareko bideoak ere izango dituzte.