Xabier Sukiarekin (Orio, Gipuzkoa, 1976) batera aurkezten du Maddalen Arzallusek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1990) Biba zuek! saioa. Egun berezia dute gaurkoa, gonbidatu ugarirekin ospatuko baitute milagarren atala.
Ia bost urte pasatu dira hasi zinetenetik. Atzera begira jarrita, zer sentitzen duzu?
Orokorrean, sentimendu oso gozoak. Beti izaten dira buruhauste batzuk, eta badaude, noski. Baina asko ikasi dugun sentimendua dugu, bai profesionalki, baita pertsonalki ere. Egunero gai desberdinak tratatzen ditugu, eta asko ikasi dugula sentitzen dugu Xabik eta biok. Arma batzuk hartu izanaren sentsazioa ere badugu.
Milagarren atala gaur da, baina aurreko egunetan herriz herri ibili zarete. Nolako harrera izan duzue?
Txokolate eta guzti joan gara, eta txokolateak beti laguntzen du. Iruñean, Bergaran [Gipuzkoa], Baionan eta Barakaldon [Bizkaia] izan gara, eta harrera ona izan dugu. Ezagutzen gaituztelako sentsazioa dut, eta hori ez da beti gertatzen. Are gutxiago, telebista konbentzionalarenak ez diren garai hauetan. Haurrei, berriz, galdetu diegu ea badakiten zer den Biba zuek!. Eta argi esan digute ezetz. Adin batetik gorakoek, bai, horiek ezagutzen gaituzte.
Mila arratsalde asko dira.
Pila bat dira. Hasi ginenean, ez zitzaigun halakorik burutik pasatu ere egiten.
Gaur gaueko saioan jende askok parte hartuko du. Zeren seinale da hori?
Oso harrigarria da. Ez dakit lagun horiek beren saioa sentitzen duten, baina esan dezaket etorri direnetan errespetatuak eta zainduak sentitu direla. Entzunak sentitu dira. Saiakera egiten dugu hitz egiteko duten hori errespetatzeko. Bertigoa ere ematen digu, jende garrantzitsu asko dagoelako hor tartean.
'Photocall'-a eta tapiz gorria ere ikusiko dira gaur.
Bai, denetarik, eta ikuskizunak... Janus Lester taldeak joko du. Bertsolariak izango dira. Guk ere kantatuko dugu bertsoren bat.

Ikusle datuetan gorantz eta beherantz ibili izan zarete. Ikusle datuen fidagarritasunaz kexatzen denik bada. Zuek nola bizi duzue hori guztia?
Oso konplikatua da. Zaharkitua gelditzen ari da ikusle datuak neurtzeko modu hori. Pena iruditzen zait saio batzuen etorkizuna horrelako datu gorabeheratsu eta lausoetan oinarritzea. Batzuetan datua oso ona da, besteetan kaskarra, eta sarri ez doa bat egiten duzunarekin. Urteekin, datu horiek erlatibizatuz joan gara. Orain lasaiago hartzen ditugu datu horiek, baina ez dakit goikoek hain lasai hartzen dituzten.
Datu horien arabera erabakitzen da ekoiztetxeetako langile askoren etorkizuna.
Bai, zalantzarik gabe. Estutzen zaitu ea goikoek nola hartzen dituzten datuak. Guk saiatu behar dugu kalitateari ahal bezainbeste eusten, sinistuz kalitateak beti bere fruituak emango dituela epe labur, ertain edo luzera begira.
«Saiatu behar dugu kalitateari ahal bezainbeste eusten, sinistuz kalitateak bere fruituak emango dituela epe labur, ertain edo luzera begira»
Nola zaudete indarrez? Gogotsu beste mila atal egiteko?
Ni ez naiz errutinak behar dituen pertsona bat: tarteka aldaketak behar ditut. Egunero gonbidatu eta gai desberdinak ditugu, eta ez daukat errutinaren sentsaziorik. Estimulu handiko lana da, eta horrek ere badakar nekea eta estresa, baina ondo nago. Ez dut sentitzen bost urteetako nekea pilatu zaidanik. Eta Xabiren eta bion artean jarraitzen dugu ondo konpontzen.
Urtezahar gaueko saio bereziak ere egin izan dituzue.
Grabaketaren aurreko egunak oso neketsuak izaten dira. Karga bat gehiago da taldearentzat. Baina grabaketa iristen denean, oso ondo pasatzen dugu. Ez bazara ondo pasatzeko premisarekin joaten, nekeza izan daiteke.
Politika gaiak lantzeko mugarik al duzue?
Kontua ez da Biba zuek! dela, baizik eta magazin bat dela. Gai politikoak ez dira sartzen ETBko magazinetan. Gizarte, kultura eta kirol gaiak lantzen ditugu. Inoiz tratatu izan dugu gai politikoren bat; kasurako, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. Beste alde batetik, aitortu behar da gai guztien atzean dagoela politika, eta gaien aukeraketa guztietan dagoela politika, baina, berariaz, gai politikoak ez ditugu lantzen.
Zer espero duzu Biba zuek!-en etorkizunaz?
Aurten hasi naiz pentsatzen noizbait amaituko dela. Denborak aurrera egin ahala, amaiera hori gertuago egongo da. Hala ere, segitu nahiko nuke beste urte batez; urte bat gehiago da, eta telebistan ezin da hortik harago pentsatu. Adin batetik gorako jendeak gelditu egiten gaitu kalean. Adin tarte batetik gorakoak dira gure jomuga, eta herri txikietan maitasun handia jasotzen dugu. Fideltasun hori badugu.