Dibulgazioa

Ikusgelak bideo sorta bat abiatu du, literatura unibertsala lantzeko

Itziar Orbegozok eta Imanol Epeldek gidatuko dituzte bideoak. Bideo bakoitzak autore eta obra baten gakoak emango ditu.

Itziar Orbegozo eta Imanol Epelde. IKUSGELA
Itziar Orbegozo eta Imanol Epelde. IKUSGELA
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 10a
10:00
Entzun

Literatura unibertsala lantzen duen bideo sorta abiatu du aste honetan Ikusgelak. Itziar Orbegozok eta Imanol Epeldek gidatuko dute saioa, eta bideo bakoitzak 7-10 minutuan jasoko ditu autore eta obra baten gakoak. Bi astean behin sareratuko dituzte lehen sortako laurak: Safo, Dante, Homero eta Cervantesen bideoak izango dira lehenak. Baina udazkenean saioak jarraitu egingo du, eta beste lau bideo argitaratuko dituzte.

Literatura unibertsalaren gaineko bideo horiek Youtubeko Ikusgela kanalean, Wikipedian eta sare sozialetan ikusi ahalko dira, baita Ikusgelaren webgunean ere. Bideoen gidoiak Imanol Epeldek landu ditu. Itziar Orbegozo harekin batera aritu da aurkezle lanetan. Errealizazioa Xabier Aguadok egin du, edizioa Manex Aranburuk, eta animazioetan Brian Soutzo aritu da.

Ikusgelak 72 dibulgazio bideo argitaratu ditu gaur-gaurkoz: Filosofia, Ekonomia, Euskal literatura, Ingurumena, Erronka digitalak eta Zortziko Txikian sailetan banatuta. 2022an aurkeztu zuten egitasmoa.

Proiektua Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatzen du. Orain arte, argitaratutako bideoak entziklopedia libreko 325 artikulutan baino gehiagotan txertatu dituzte. Apiril-maiatzean ikasturte honetako azken bideoak argitaratuko dituzte. Baina irailetik aurrera ezusteko gehiagorekin itzuliko da Ikusgela. Hirugarren denboraldia sail berriekin abiatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.