Udako Euskal Unibertsitateak Ikerl(h)ari bideopodcasta jarri zuen martxan iaz, eta lehen denboraldiak harrera beroa izan zuen. Bigarren denboraldia grabatzeari ekin diote, eta datorren astelehenetik aurrera entzun ahalko dira atal berriak. Bira produkzioak eta IN estudioaren laguntzarekin egin dituzte bideopodcastak.
Lehen atalak Dibulgazioa du izenburutzat, eta solaskideak Aimar Erkiaga, Ane Portillo eta Josu Narbarte doktoregaiak izango dira. Astelehenean sareratuko dute, eta aurkezle lanak Eider Saraguetak egingo ditu —baita hurrengo ataletan ere—.
Bigarren atalari Etxetik mundura jarri diote izenburua. Hilaren 11n zabalduko dute, eta solaskideak Olatz Leturiaga eta Gontzal Carrasco doktoregaiak eta Pauline Guelle Zuzenbide Publikoan doktorea izango dira.
Hilaren 18an iritsiko da hirugarren atala: Generoa. Solaskideak honako hauek izango dira: Ione Zuloaga historialaria, Uxue Diaz-Guirai Hezkuntza Zientzietan doktorea, Sara Arruti Zuzenbidean doktoregaia eta Uxue Fernandez Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea.
Laugarren eta azkeneko atalak herri ikerketari helduko dio, hilaren 25ean. Solaskideak Haritz Azurmendi Gizarte Zientzietan doktorea, Itsaso Larramendi arkitektoa eta Marta Luxan mugimendu feministako kidea izango dira.
Beste alde batetik, bi ikertzaileren lekukotzak jaso dituzte dokumental labur bitan: Lore Erriondorena hilaren 13an estreinatuko dute, eta Jesus Mari Txurrukarena, hilaren 20an.