Kazetaritza

Ion Telleria: «Ikerketa kazetaritzaz harago, garrantzitsua da gaietan geratzea»

'Bideak' podcasteko gidoilaria eta Naiz irratiko koordinatzailea

Ion Telleria, Rikardo Arregi sariaren irabazlea.
Andoni Alvarez, Ion Telleria eta Goizeder Taberna, azaroaren 29an, Andoainen. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Frantziako Gobernuak Euskal Herriko mugako kontrolak gogortu zituenetik horrek migratzaileengan izan dituen ondorioak ditu aztergai Bideak podcastak. Naiz irratiak martxoan eman zituen zazpi atalak, eta webean entzungai dira. Goizeder Tabernak eta Ion Telleriak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1982) koordinatu zuten podcasta. Taldeko lana dela nabarmendu du Telleriak. Kazetariak Naiz irratiaren sorreran parte hartu zuen, eta aurretik Info7n aritu zen.

Zorionak! Nola hartu zuen taldeak Rikardo Arregi saria?

Taldeak oso pozik hartu zuen saria. Oso lan berezia izan zen. Ez zen ohiko lan bat izan, eta, ondorioz, taldearentzat poz berezia izan da.

Finalistak zein ziren ikusita, kalitatezko podcasten gorakada dagoela esango zenuke?

Jende asko ari gara euskarazko kalitatezko podcastak egiten. Gauza ona da hori, gero eta antz handiagoa baitaukagu herri normal batena.

Nola garatu zen Naiz irratiaren eta Mediabasken arteko elkarlana?

Oso esperientzia interesgarria izan zen. Naiz-en bertan, transmediaren logikari jarraituta, gaien lanketa egiten dugu, formatuez harago. Hizkuntza desberdinetan ere bai. Mediabaskek nagusiki frantsesez egiten du, eta haiek idatzizko produkzioa egin zuten. Frantziako Estatuko ordezkari batzuekin harremana dute, eta horrek erraztu egin zuen lan hau egitea.

Gai berari heldu zion Ulu Media ekoiztetxeak Harresi ikusezina podcastean, eta Fermin Muguruzak Bidasoa 2018-2023 dokumentala egin du. Gaiaren garrantziaren erakusle dira lan horiek?

Beste hedabide guztien lana ere aipatuko nuke. BERRIAk ere oso modu berezian landu du gaia, baita EITBk ere. Askotan, migrazioari lotutako auzia urruneko kontu baten moduan ikusi izan dugu, baina, kasu honetan, etxe atarian ikustea kolpea izan da. Elkartasun uholdea ere eragin du. Gertakari garrantzitsua da, eta kazetaritzan modu berezian lantzea eskatzen du.

Gaiak bere horretan jarraitzen du.

Guri Andoainen saria ematen ari zitzaizkigun une berean jakin genuen Lapurdiko hegoaldean hiru pertsona noraezean zebiltzala. Baionara eraman zituzten gero. Avenida zubia zabaldu dute, baina muga tranpa hori hor dago oraindik ere.

Ikerketa kazetaritza eta lanketa bat eskatzen duten podcast gehiago egitearen aldekoa zara?

Bai. Ikerketaz harago, garrantzitsua da gaietan geratzea. Jendeak estimatzen du, gainera. Esaten da bat-bateko kontsumoa dagoela, eta jendeak ez dituela hamabost segundo baino gehiago. Bada hor joera bat. Baina kazetaritzan ari garenontzat gauzak azaltzea eta gaien erpinak lantzea oso garrantzitsua da. Mugako auzi hori jendeak ikusten du zerbait badela, baina askok ez dakite kanpotar itxura duen batek zergatik dituen arazoak muga pasatzeko. 

Naiz irratian, gainontzekoan, zer moduz doa denboraldia?

Ondo, gogoz. Urrats berriak egiten saiatu gara. Goizeko eskema indartu egin dugu. Pixkanaka-pixkanaka ari gara, eta uste dugu 2024. urtea garrantzitsua izango dela irratia egonkortzeko.

Bideak podcastaren tankerako gehiago iritsiko dira?

Ondo bidean, bai. Egunerokotik aparte, gai batzuk paraleloan lantzeko asmoa izaten dugu. Zirriborroan dauzkagu egitasmo pare bat. Garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaietan arnas luzeko ekoizpenak egin nahi ditugu.

Migranteen egoeraren berri ematen jarraituko duzue, beraz.

Bideak podcastean ikusi zen lan asko egina genuela, guretzat gai zentrala izan baita. Segituko dugu gaiaz gertatzen dena kontatzen, zeharkatzen gaituen gaia baita. Gainera, interpelatzen gaitu herri gisa: Bidasoaren bi aldeetara gertatzen da, eta herri gisa erantzun bat ematera behartzen gaitu. Horrez gain, erakunde guztiak interpelatzen ditu. Bi estaturen mende izateak ondorio zuzena du mugaren kudeaketan. Osagai ugari ditu gaiak, horrenbestez. Saria jasotzean ere aipatu genuen guretzat oso garrantzitsua dela, Bidasoaren bi aldeetan gertatzen baita.

'BIDEAK' podcasta entzuteko:

irratia.naiz.eus/es/list_irratia/emissions/bideak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.