Igor Elortzarekin amaituko da bihar 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldia

Bizkaiko bertsolaria elkarrizketatuko dute, eta hamasei plazatako irudiak berreskuratuko dituzte

Igor Elortza bertsolaria izango da Hitzetik hortzera saioko protagonista nagusia biharko atalean. BERTSOZALE.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
ETB1eko Hitzetik hortzera bertsolaritza saioak denboraldia amaituko du bihar. Azkeneko asteetan ezin da bertso saiorik egin plazetan, jatetxeetan eta aretoetan, baina ez da hori izan arrazoia denboraldia bukatzeko; apirilaren 5ean zuten jarria denboraldia bukatzeko eguna, eta aurreikusi moduan amaituko dutela azaldu du programako zuzendaritzak.

Denboraldiko azken programan, 15:00etan, Igor Elortza bertsolariaren ibilbidea errepasatuko dute, luze eta zabal. Durangon (Bizkaia) jaiotako bertsolariak xehe-xehe kontatu ditu bere hastapenak, plazako irakaspenak eta txapelketetako une gogoangarriak. Makina bat plazatan aritu da azkeneko hamarkadetan, eta haren bertsoaldi esanguratsuen bilduma ere eskainiko dute.

30 urte baino gehiago igaro dira Igor Elortza Aranoa bertso plazara iritsi zenetik. «Bizkaiko txapelketako finalerako sailkatu zen gaztetxo hark hainbat lorpen eta irakaspen pilatu ditu ibilbide oparoan», azaldu du Jexux Mari Irazu saioko zuzendariak. Zeintzuk izan dira Elortzaren mugarriak? Horiek ezagutuko dituzte Hitzetik hortzera-ko ikus-entzuleek.

«Mihi zorrotzeko bertsolaria da Elortza, kultur munduarekin konprometitua», azaldu dute Bertsozale elkartekoek. Musikazalea ere bai —Zazpi Eskale eta Gu Ta Gutarrak proiektuak dira horren erakusgarri—. «Haren lehenengo plazan irabazitako 1.000 pezetak —6 euro— Hertzainak taldearen disko bat erosteko erabili zituela jakinda, espero zitekeen».

Bertso ibilbidean bidelagun izan dituen pertsona garrantzitsuak elkarrizketatuko dituzte saioan: Jon Lopategi irakaslea eta Unai Iturriaga laguna, kasurako.

Bertsolaritzarentzat garrantzitsua izan den belaunaldi bateko partaidea da Elortza: bertso mundua berritu zuten, eta, hark dioen bezala, «giro onean». Genero ikuspegiari dagokionez, plazaren eraldatze prozesua nola bizi duen galdetuko diote. Bestalde, badira bi urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kide dela, eta horren inguruan ere mintzatuko da.

Makina bat plazatan kantatu du Elortzak. Izurtzako (Bizkaia) pilotalekuan kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean. Era berean, biharko saioak bertsolariaren une garrantzitsuenetako batzuk eraman ditu pantailara: hamasei bertso plazatan ikusi ahalko da, eta bertsokide izango ditu, besteak beste, Joxe Agirre, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.

Jexux Mari Irazu Hitzetik hortzera-ko zuzendariak eta Bertsozale elkarteak azaldu dutenez, aurtengo denboraldia «oso emankorra» izan da. «30. denboraldi honetan, plazako bertsogintza eta bertsolaritzaren aniztasuna erakutsi ditu saioak Euskal Telebistako plazan. Bereziki azpimarratzekoa iruditzen zaigu historiako emakume bertsolarien bilduma osatu izana». Bilduma hori ikusgai dago EITBren Nahieran atarian.

Okerrik ezean, udazkenean itzuliko da ETB1era Hitzetik hortzera saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.