Komunikazioa. Itziar Irizar. 'Hitzetik hortzera'-ko kolaboratzailea

«Igandero saioaren azken 10-15 minutuetan sartuko gara platora»

Ikus-Entzuneko Komunikazioa amaitzear da Itziar Irizar. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasearen berri ematen ari da ETBn, Ihintza ahizparekin batera.

Ihintza eta Itziar Irizar ahizpak. BERRIA.
2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Itziar Irizar (1987) eta bere ahizpa Ihintza (1988) donostiarrak dira jaiotzez, baina itziartartzat jotzen dute beren burua. Ikus-entzuneko Komunikazioa amaituta dauka ahizpa gazteenak. Zaharrena, berriz, aurten amaitzekotan da ikasketa hori bera. Hitzetik hortzera programan agertuko dira igandero, saioaren amaiera aldean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen faseko saioen errepasoa egiteko.

Zein da Ihintzaren eta zure lana Gipuzkoako Txapelketan?

Gure lana txapelketako kanporaketa denak grabatzea da; orduan, saioz saio joango gara. Lehenengoa Orion izan zen, eta biok joan ginen, herri bakarrean izan zelako. Baina, joan den astetik aurrera, bakoitzak herri batera joan beharra dauka kamera batekin.

Saioa grabatu, eta material hori bertsozale elkartekoei pasatzen diegu Hitzetik hortzera-n erabiltzeko. Xenpelar Dokumentazio Zentrora ere bidaltzen dugu, dokumentu gisa gordetzeko.

Hitzetik hortzera saioan ere agertuko zarete.

Ihintza izan da lehenengo aldiz bera bakarrik. Txandaka egingo dugu. Programako azken hamar hamabost minutuetan sartuko gara platora. Jon Artano eta gonbidatua egongo dira bertan, eta aurreko asteburuan izan diren saio guztien laburpentxo bat egingo dugu: agurrik onena zein izan den, ofizioka egindako bertsorik onena aipatu... Gero, guk grabatutako bideoak eskainiko dira.

Itziarren ere grabazioak egiten ibiliak zarete. Hura zer zen, afizioa?

Iaz Andutz Itziarko kultur taldea sortu genuen, eta ahal izan dugun ekintza guztiak grabatzen saiatu gara, kultur taldeko material gisa gordetzeko. Hala ere, bertso saio edo tramaren bat antolatu izan dugunean Hitzetik hortzera-ra bidali ditugu grabazioak. Kultur taldean, guk biok dakigu gehienkamerekin ibiltzen, hori ikasten dugulako; horregatik aritzen gara.

Gonbidatu moduan ere izan zarete Hitzetik hortzera-n. Zer moduzkoa izan da telebistarekiko lehenengo harremana?

Egia esan, azkenengo momentuko kontua izan zen. Duela bi aste Artanok deitu zigun, bi egunera saioko gonbidatu joateko prest izango al ginen galdezka. Grabaketak bakarrik egin behar genituela uste genuen, eta egun batetik bestera pentsatu beharrekoa izan zen, baina guretzat ere aukera polita zela ikusi genuen.

Esperientzia gisa ona izaten ari da. Oso urduri joan ginen biok, baina iritsi, bazkaldu eta grabaketak hasi zirenerako, haiekin hainbeste hitz eginda, lasaitu ginen pixka bat. Jakina, orain, ezberdina izango da, geuk prestatu behar baitugu esan beharreko guztia.

Bertsoa nola bizi duzue biok?

Asko gustatzen zaigu. Familian eta inguruan, oro har ez dauzkagu bertsozale amorratuak, osaba bat baden arren. Txiki-txikitatik, trikiti mundua eta bertsolaritza mundua jaso izan dugu etxean, hori bai. Kuadrillan ere jendeari gustatzen zaio. Bertso eskola bat ere bada Itziarren, baina ez gara joaten. Nik neuk, neure burua ez dut bertsolari moduan ikusten, eta, seguruenik, ez dut ikusiko. Meritu handiko afizio bat dela uste dut.

Zer itxura hartzen diozue aurtengo txapelketari?

Bertsolari berri pila-pila batek eman du izena, eta aurpegi berriak ezagutzeko aukera izango dugu. Egia da finalera batzuk bakarrik iritsiko direla, baina polita izango dela uste dut. Gertukoagoa izango da, orain arteko txapelketetan ezagunagoak ziren bertsolariekin egin izan direla baiteritzot. Batzuek, nahiz eta jakin beren bidea ez dela oso luzea izango, aukera aprobetxatu dute, beraientzat ona delako.

Pronostikorik bai?

Aitor Sarriegi hor ibiliko dela deritzot. Irabazle posibleenetako bat hura ikusten dut.Uxue Alberdi aurrera iristea gustatuko litzaidake, eta hala egingo duelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.