ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioak igandean hasiko du 11. denboraldia. Euskal Herriko herri txiki eta auzoen berezitasunak eta xarma ezagutaraztea du helburu Orio Produkzioak ekoiztetxearen saioak, eta datozen asteetan ere hara eta hona ibiliko dira. Nafarroako Viana herria izango dute abiapuntu Miren Nogalesek eta Mikel Pagadik, eta Bizkaia eta Araba aldean ibiliko dira hurrengo bi saioetan: Gautegiz Arteagan eta Guardian.
Urtarrilaren 5eko saioak kutsu berezia izango du, programaren 10 urteak ospatuko baitituzte. Horretarako, zortzi denboralditan Pagadiren bikote izandako Zuhaitz Gurrutxaga gonbidatuko dute. Hiru aurkezleek Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) herritarrekin ospatuko dute mugarri garrantzitsu hori. «Ilusio handia egiten dit saioaren 10. urteurrenean egoteak. Ezustekoak egongo dira», esan du Miren Nogales aurkezleak.
Denboraldi honetan, halaber, honako herri eta auzo hauetara joango dira: Lantz (Nafarroa), Mendexa (Bizkaia), Karrika (Oiartzun, Gipuzkoa), Puiu (Nafarroa), Goiatz (Gipuzkoa), Trapagaran (Bizkaia), Zeanuri (Bizkaia) eta Luiaondo (Araba). Nogalesek eta Pagadik, euren umore bereziarekin, lekuan lekuko bizilagunak ezagutuko dituzte, eta haiekin batera tarte ederrak pasatu.Sebastian Lizaso bertsolaria izango dute lagun, ohi bezala.
Nogales, «gogo handiz»
Nogalesek indar biziz heldu dio denboraldi berriari: «Beti bezala, oso motibatuta, gogo handiz eta urduri hasiko dut Herri txiki-ren denboraldia. Beti jartzen zara urduri halakoetan». Hirugarren denboraldia du saioan Nogalesek. «Baina lehena izango balitz bezala hartu dut. Oso ondo pasatzen ari gara, eta momentu berezi asko izan ditugu».
«Niri Herri txiki-k ematen didan gauzarik handiena zera da, jende berria ezagutzea eta jendeak zer harrera egiten digun ikustea. Bihotza irekitzen digute, eta etxera sartzen uzten. Maitasunez aritzen gara, eta umorez», azaldu du saioko aurkezleak. «Herrietan sekulako harrera egiten digute».
Orio Produkzioak ekoiztetxearen programak urtero formatu bera erabiltzen du. Baina herriak eta auzoak aldatu egiten dira. Eta Nogales oso gustura ari da bertan lanean. «Denboraldi berezia izango da aurtengoa, hunkigarria, maitasun handikoa eta ilusio izugarriz egina», gaineratu du saioko aurkezleak. Nogalesek Gora bihotzak! saioa ere aurkezten du ETB1en, Julen Telleriarekin batera.
Beste alde batetik, Pagadizabalek saio berri bat aurkeztuko du 2025. urtean Primeran plataformarentzat. Haren zaletasunek lekua izango dute programa berrian. Berriki nobelagile ere hasi da Pagadizabal:Bisita eleberria argitaratu du.