Mozambikeko Cabo Delgado probintzian, Palma irrati komunitarioan egiten zuen lan Ibraimo Abu Mbaruco kazetariak, iazko apirilaren 7an desagertu zenean. Irratitik etxerako bidean, militar batzuk gerturatu zitzaizkion. Orduz geroztik, haren senideek, lagunek eta lankideek ez dute haren berririk izan.
«Desagerpen behartutzat» jo zuen Amnesty Internationalek:iazko apirilean, gutun bat bidali zion Mozambikeko Justizia ministroari, Helena Mateus Kidari. Amnesty Internationalek gobernuari eta ministroari eskatu zien ikerketa bat abiarazteko, Palma irratiko kazetaria non zen jakin ahal izateko. «Desagerpen behartuak» amaitzeko eta atxilotu guztiei eskubideak bermatzeko eskatu zion, bide batez, Amnesty Internationalek Afrikako herrialdeko gobernuari, eta adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna bermatzeko herrialde horretan.
Hamahiru hilabete luze pasatu dira, eta ez dago Mbarucoren arrastorik. Haren gertukoek ez dakite ezer; inork ez die ezer esan.
One Free Press Coalition elkarteak —mundu osoko 30 komunikabide eta albiste agentzia biltzen ditu— prentsa askatasunaren kontrako premiazko kasuen zerrenda eman du berriki, eta lehen tokian dago Mozambikeko kazetariaren desagerpena. Giza eskubideen aldeko aktibista ere bada Mbaruco. One Free Coalitionen arabera, familiak haren mezu bat jaso zuen desagertu aurretik: «SOS». Senideek eta lankideek iaz salatu zuten beldur zirela ea ez ote zuten militarrek atxiloketa arbitrario bat egin.
Kazetari gehiago jazarriak
Amnesty Internationalen arabera, beste alde batetik, «kezkagarria» da Cabo Delgado eskualdeko iparraldean duten egoera. Al-Shabaab talde armatuak eraso ugari egin ditu herritarren aurka, eta zenbaitetan haien etxeei su eman diete. «Gobernuak presentzia militarra areagotu zuen eskualdean, baina modu desegokian. Izan ere, susmagarriak diren herritarrak eta gatazkaren berri eman duten kazetariak atxilotu eta torturatu izan dituzte. Exekuzioak ere egon dira», Amnesty Internationalek salatu duenez. Erakundeak jakin duenaren arabera, Cabo Delgadoko egoeraren berri eman duten hainbat kazetari jazarri, atxilotu eta espetxeratu dituzte.
Amade Abubacar kazetari eta irrati komunitario bateko esataria 2019ko urtarrilean atxilotu zuten militarrek, eta torturak jasan zituen inkomunikatuta izan zuten hamabi egunetan. Germano Daniela Adriano kazetaria ere atxilotuta izan zuten 2019an.
Mugarik Gabeko Kazetariek duela gutxi argitaratu dute prentsa askatasunaren munduko herrialdeen zerrenda, eta Mozambike 108. tokian ageri da —lau postu egin du behera azken urtean—. «Afrika da kazetariek indarkeriarik handiena jasaten duten kontinentea», diote Mugarik Gabeko Kazetariek. Eritrea dago zerrendaren azkeneko tokian.
Ibraimo Abu Mbaruco kazetariak urtebete darama desagertuta
One Free Press Coalition hedabide elkarteak prentsa askatasunaren aurkako kasu larritzat jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu