Iban Garate (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982) aktore eta telebista aurkezlea irratian ariko da aurreneko aldiz, saio bateko gidari lanetan. Aste honetan hasi eta irailaren 7ra bitartean, Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioa gidatuko du Oihane Yustos kazetariarekin batera. Yustosek iazko udan ere aurkeztu zuen Faktoria.
Jone Larrañaga Euskadi Irratiko programazio arduradunaren arabera, udako programazioaknegukoaren eta aurreko udetan egindakoaren «konbinazioa» izango du. «Goizak iazko udakoak baino indartsuagoak izatea nahi dugu», iragarri du. Goizean, informazioari dagokion tartea Yustosen ardurapean geldituko da, eta entretenimenduari dagokiona Garatek aurkeztuko du. «12:00etatik 13:00etara, Garate bakarrik geldituko da mikro aurrean, eta entzuleekin jolasean ariko da».
Urte osoan bezala, 13:00etan albistegiaren ordua izango da. 15:00etan, berriz, Euskadi Irratiko udatan klasiko bilakatzen ari den formatu bat emango dute: Bihotzeko fonoteka. Arantxa Iturberen lantaldearen eskutik, «bizitza markatu» dien hamar kanta aukeratuko dituzte pertsona ezagunek.
Txirrindularitzak tarte zabala izango du udako arratsaldeetan, Frantziako Tourrarekin eta Espainiako Vueltarekin, Jose Mari Apaolazaren gidaritzapean. Txirrindularitza ez dagoen arratsaldetan, Uda gorrian saioa aurkeztuko dute Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak. «Udako saio fresko bat izango da». Bestalde, bi musika saio berri emango ditu uda honetan Euskadi Irratiak: Josu Mitxelenak Rhytm & Bus saioa gidatuko du egunero, 20:00etan. «Munduan barrena bidaia geografikoak» proposatuko ditu Mitxelenak. Beste saio berria Enperadorearen zaldirik onenak izango da, Fermin Etxegoienen eskutik. Euskal Herriko musikari instrumentistei egindako hamar elkarrizketa entzun ahalko dira programa horretan; aste honetan bost, 17:00etan, eta hurrengo bostak, igande bazkalondoan.
Euskal Herriko jaietan ere arreta berezia jarriko du Euskadi Irratiak, sanferminetatik hasita.
Irailean, aldaketa oso gutxi
Euskadi Irratiak irailaren 8an hasiko du ikasturte berria. Programazio arduradunak iragarri duenez, aurten izandako egitura beramantenduko dute. «Dagoena sendotzen saiatuko gara», nabarmendu du. Edonola ere, aurreko hilabeteetan euskarazko irrati publikoan entzun diren ahotsak entzungo dira.
Iban Garate eta Oihane Yustos Euskadi Irratian gidari, udako goizetan
Garateren debuta da irratigintzan.Bi musika saio berri estreinatuko dituzte.Txirrindularitzak, Tourrak bereziki, toki nabarmena izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu