Komunikazioa

Ia 60.000 erabiltzaile aritu dira azken asteotan Egunean Behin jokoan

Denboraldi honek 11 aste iraun du, eta hiru milioi galdera erantzun dituzte erabiltzaileek. Azken denboraldietako daturik onenak erregistratu ditu aplikazioak.

Codesyntax enpresak garatutako Egunean Behin jolasa. BERRIA
Codesyntax enpresak garatutako Egunean Behin jolasa. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Igandean amaitu zen Egunean Behin jokoaren hamaseigarren denboraldia. 11 aste iraun du, eta Codesyntax enpresak, jokoaren sortzaileak, ontzat jo du. Jokoak bost urte daramatza martxan, eta erreferentziazkoa bilakatu da euskarazko aplikazioen artean. Orain, erabiltzaileek urtarrilera edo otsailera arte itxaron beharko dute hamazazpigarren denboraldiaz gozatzeko.

Jokoak pandemia garaian izan zituen daturik onenak: aste batzuetan, 100.000 jokalari ere izan ziren. Josu Azpillaga Codesyntaxeko ingeniaria da. Apirilean, aplikazioak bost urte bete zituenean, «ezusteko arrakasta» gisa deskribatu zuen jokoa. Orain, pandemia garaikoen pareko daturik izan ez arren, erabiltzaile kopurua goraka doa. «Azken denboraldiekin alderatuta, datuak igo egin dira. Ia 60.000 jokalari izan ditugu», esan du Azpillagak. Galderei dagokienez, erabiltzaileek hiru milioi galdera erantzun dituzte azken asteotan; urte guztiak kontuan hartuta, 50 milioi galdera baino gehiago dira guztira. «Pozgarria da jakitea azken bi urteotan antzeko erabiltzaile kopuruak lortu ditugula».

Asko dira galderak egunero erantzuten dituzten erabiltzaileak, %93 zehazki. «Guk hainbat estatistikari erreparatzen diegu, eta, besteak beste, begiratzen dugu zenbat erabiltzailek irauten duten denboraldi osoa. Normalean, ia denek jokatzen dute egunero, baina badira egunen batean ahazten zaienak ere». Egunero jokatu duten horietako bat da Landani ezizena erabiltzen duen jokalaria, hamaseigarren denboraldiaren irabazlea. Ingeniariak esan du jokalariak sartuz joaten direla. «Jende gazte gehiago sartzen ari da pixkanaka, eta badira oraindik ere jokoaren berri lehen aldiz entzuten dutenak ere. Horiek ere aukera bat ematen diote euren buruari».

Beste aukera bat

Azken denboraldian berritasunak izan dira jokoan. «Durangoko Azokan beste joko berezi bat egin genuen; hau da, erabiltzaileek egunean bi aldiz jokatzeko aukera izan zuten», adierazi du Azpillagak. «Halere, gehienek esan ziguten galderak oso zailak izan zirela [barrez]». Astero babesle bat dauka jokoak, eta sortzaileek aukera hori eskaini diete babesleei: bigarren galdera egitea. 

Azpillagak iragarri du beste aplikazio bat plazaratuko dutela: «Hurrengo urtean, urtarril amaieran, beste joko bat kaleratuko dugu, ziurrenik Egunean Behin jokoaren oso antzekoa». Hurrengo asteetan emango dute informazio osoa. Egunean Behin jokoaz gain, beste hainbat aplikazio atera ditu Codesyntaxek, hala nola Appa Hi, hitanoa praktikatzeko app-a; Txikipedia, euskarazko Wikipediaren eskolarako atala; eta Mendiak, Euskal Herriko mendiak sailkatzen dituen tresna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.