Komunikazioa

Hutsunea handituz doa

Arazo ekonomikoak direla medio, Bilboko Branka proiektu komunikatiboa itxi dute. Ohiko komunikabideetan agertzen ez diren hiriko gaiak azaleratu ditu hedabideak 2007. urtetik.

Paperekoa alde batera utzi, eta webgunean jarri zituen indar gutziak Bilboko Brankak 2011n. BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun izan zen Iban Calzado kazetariaren azken laneguna. Bilboko Branka proiektu komunikatiboa eratu zuen lantaldean hasieratik murgildu zen, orain ia sei urte, 2007an. Azken bi urteak Bilboko hedabidean lanean eman ditu, proiektua aldi berri batean sartu eta webgunea indartu zutenetik.

Komunikabideak jarduna etengo zuela jakinarazi zuten herenegun, hedabidearen atarian. Irakurle eta Bilboko Branka egitea posible egin duten guztiei eskerrak eman, eta itxieraren arrazoiak argitaratu zituzten: «Garai ekonomiko zaila da Euskal Herriarentzat, eta Branka ez da horiez libro. Bidean ahaleginak eta bi egin arren, ez dugu izan haren bideragarritasuna ziurtatzerik». Calzadok gaineratu du egoera horretan ezin izan dutela jendearen inplikazioa lortu: «Ezin izan dugu buruaskitasun ekonomikoa bermatu».

Helburu finko batekin sortu zuten hedabidea: «Azkunak eta EAJk saldu diguten posta txarteleko Bilboren beste aldea erakustea. Beren burua ezkertiartzat,euskaltzaletzat eta abertzaletzat duten pertsonen iritziak eta egitasmoak plazaratzea», azaldu du Calzadok. Horrez gain, auzoei dagokien garrantzia aitortu diete, «hiriko erdiguneaz kanpo beste Bilbo bat badagoela erakusteko».

Proiektuak iraun duen urteetan helburuak bete dituztela uste du Calzadok. «Jendeak hala aitortu digu. Neurri batean, erreferente bat bilakatu gara auzoetako elkarteentzat, mugimendu alternatiboentzat eta herri mugimenduko taldeentzat». Ohiko hedabideetan agertzen ez diren gaiak jorratu dituzte.«Auzo elkarteen kezkak, edozein elkartek plazaratutako proiektuak, Bilboko presoen eta errepresaliatuen datuak... Bilboko agenda El Correo-k markatzen du, eta hortik kanpoko informazioa kaleratu dugu».

Erreferentzialtasuna

Batez beste, egunean 1.500 bisitari inguru izan dituzte. «Bilborako datu nahiko ona da». Hastapenetan jendeak proiektua mesfidati hartu zuela dio Calzadok. «Baina denborarekin, erreferentzialtasun hori lortu dugu. Jende askok aitortu dit Branka egunero bisitatzen zuela eta informazioa jasotzeko lehenengotariko iturrien gisa erabiltzen zutela».

Ezker abertzalearen inguruan sortutako proiektua izan bada ere, proiektuak «mugak gainditu» dituelakoan dago Calzado. «Ezker abertzaleko egituretatik kanpoko askok eta askok gurekin eguneroko harreman zuzena izan dute».

Agerkari digitalaz gain, paperean ere argitaratu dute; bi hilabetean behin aldizkaria kaleratzen zuten. Guztira, 10 zenbaki atera dituzte ia bi urtean. 2011n, papereko ibilbidea amaitutzat jo, eta indarrak webgunean jartzea erabaki zuten. «Multimedia edukiei garrantzi handia eman diegu».

Hain zuzen, 2011 irailean estreinatu zuten atari berritua, Kukutza hustearekin batera. «Kukutza izan zen gure bataioa», azaldu du Calzadok. Ordutik, gaztetxeen mugimenduarekin harreman estua izan du hedabideak.

«Hutsune handia utzi du Bilbon, eta arduratzeko moduko joera nagusitzen ari da». Kezkagarria zaio Calzadori azkenaldian hiriko herri komunikabideen desagerpena; Tas-Tas irrati librea desagertuko da denboraldia amaitzean, uztail bukaeran, 21 urteko ibilbidearen ondoren.

Halere, Calzado ziur da aurki baten batek haiek utzitako lekukoa hartuko duela. «Hutsuneak berak behartuko du beste horrelako proiektu bat sortzea. Bilbon indar eta ahalmen handia dago. Bilbok behar du proiektu komunikatibo serio, txukun eta garatu bat ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.