Komunikazioa. Antton Etxeberri. 'Le Journal'-en zuzendaria

«Hutsune handia utziko dugu, eta herri gisa erantzun beharko diogu»

Etzi kaleratuko du 'Euskal Herriko Kazeta'-k azken zenbakia. Gogoeta abiaraziko dute urtarrilean, itxierari nola erantzun aztertzeko.

Adrian Garcia.
Urruña
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Harro eta, aldi berean, kezkatuta dago Antton Etxeberri (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1976). Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta-ren zuzendaria da. Etzi aterako dute azken zenbakia, eta ez dira egun samurrak izan Urruñako egoitzan (Lapurdi). «Burua tente» itxiko dute egunkaria, hamabi urtean alor askotan «ikuspegiak aldatu eta Euskal Herria aitzinaratzea» lortu dutelakoan. Hamazazpi lagun lanik gabe uzteak kezkatzen du, bestalde, Etxeberri. «Sufrimenduak badira horren gibelean».

2001ko urriaren 16an kaleratu zenuten lehen zenbakia. Zein helbururekin sortu zen JPB?

Sud-Ouest egunkariak monopolioa zuen hemen. Jende orori hitza emango zion komunikazio proiektu bat sortzeko bildu ziren, Sud-Ouest-ek ez baitzuen rol hori betetzen. Astekari politiko batzuk salbu, ez zegoen frantsesez irakurtzeko alternatibarik.

Zein balorazio egiten duzu hamabi urte horietaz?

Harro gaude egindako lanaz. Ehunka kazetari igaro dira hemendik. Hemengo gazteak hezi ditugu, eta harrotasun hori badugu. Bestalde, Ipar Euskal Herria eta hemengo eztabaidak aitzinarazi ditugu: ikastolak, erakundeak, gatazka politikoa, presoak... Ekarpena handia izan da. Jendarteari gako batzuk ulertarazi, eta ikuspegiak aldatzea lortu dugu. JPB hor izan ez balitz, beharbada Nafarroa Beherean autobidea egina zuten.

Kazeta.info -ren etorkizuna jokoan al dago?

LPBren bidez jarraitzen zuen; orain bakarrik segituko du, bi langilerekin. Kanpaina sortuko da lehenbailehen proiektu hori finantzatzeko.

Arazo ekonomikoak bultzatuta itxiko duzue, abenduaren 7ko zenbakian jakinarazi zenutenez.

2001ean proiektua sortu zenean, lekua egitea lortu zuen. Azkenaldian, baina, Internet eta sare sozialekin usaiak aldatu dira. Jendeak geroz eta gutxiago irakurtzen du prentsa idatzia. Ez dugu proiektua finantzatzeko aterabiderik antzeman. Jendeak urririk irakurtzen du sarean, baina, lan hori egoteko, kazetariak ordaindu behar dira. Salmentak apaldu eta publizitatea gutxitu da; prentsa idatziaren krisia azalean sentitu dugu.

Boikotak jasan dituzuela salatu duzue.

Ipar Euskal Herrian ezagunak eta irakurriak gara mundu politikoan, eta hamar urtez bizi izan dugu boikota erakundeen partetik. Guk prentsa independente gisa tonu librea atxiki dugu, hau da, politikariez mintzatzean gauza onak zein txarrak idazten ditugu. Politikariei ez zaie beti gustatu, eta anitzetan deitu digute esanez herriko etxearen harpidetzak edo publizitate kanpainak kenduko zizkigutela. Diruarekin xantaia egin digute. Independentzia lortu dugu, baina ordaindu egin dugu.

Parisek ere ukatu dizkizue diru laguntzak .

Frantses Estatuak biziki laguntzen du prentsa idatzia. Arazoa da egunkari handiak bakarrik laguntzen dituztela, Pariskoak. Gu txikiak garenez, ateak ixten dizkigute.

Gara egunkariarekin partaidetza zenuten.

Hastapenetik izan dugu partaidetza hori, eta horri esker bizi izan gara hamabi urte. Arazoa da egunkari guztiek sufritzen dutela krisia, eta haiek ezin gintuzten gehiago sostengatu.

Proiektua beste euskarri batzuetan jarraitzeko asmorik baduzue?

Lurralde txiki batean bizi gara; 300.000 jende bizi gara. Prentsa idatzizko eguneroko bat ateratzea zaila da; ekonomikoki ez da bideragarria. Halere, frantsesezko prentsa alternatiboa behar da Ipar Euskal Herrian, baina egunkaria agian ez da egokiena.

Nolakoa izan behar du prentsa alternatibak frantsesez?

Sud-Ouest-en eta irrati publikoen pareko zerbait izan behar dugu hemen, frantsesez, Euskal Herria eta bere borrokak aitzinarazteko. Hedabideek badute betetzeko rol bat. Gure ideiak eta gure borroka plazaratzeko behar ditugu. Orain aro bat itxi dugu. Gero gogoetatuko dugu nola izan beharko duen datorrenak.

Nola geldituko da Ipar Euskal Herriko pasaia komukatiboa?

Hutsunea ikaragarria izango da, baina lehenbailehen erantzun beharko diogu herri gisa. Herritarrek parte hartu behar dute gogoeta horretan. Zer prentsa behar dugu hemen? Nola egin behar dugu? Nola finantzatuko dugu? Ez da izango arduradunen arteko gogoeta bat. Irakurleen, harpidedunen eta denen artean egin behar dugu. Proiektu egoki- tuagoa izan behar da. Internetek hartu duen pisua ikusita, sarean egon beharko du nahi eta nahi ez.

Irakurleek nola erreakzionatu dute berripapera itxiko zela jakitean?

Ez naiz puzten ari: batzuk negar egiten ikusi ditut. «Nola eginen dugu bihar?», esan digute askok. Batzuek dirua ere eman dute. Nahiz eta txikia izan, 16 orrialde, tresna biziki polita izan da.

Etzi azken zenbakia. Nolakoa izango da?

Urririk banatuko dugu kioskoetan, Hegoaldean Gara-rekin. Atzera begirako bat izango da: azken hamabi urteetan zer gertakari izan diren eta LPBren begirada zein izan den erakutsiko dugu. Hamabi urtez JPBri esker zer egin ahal izan den azaldu nahi dugu, koloretako 24 orritan. Jendeak oroitzapen gisa atxikitzea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.