Maite Reizabal. 'Enpresabidea.eus'-ko erredakzioburua

«Hutsune bat betetzen ari garela esaten digute»

Ekonomia zorroztasunez eta modu erakargarrian azaltzea du erronka. Egonkortzen ari dira, baina egitasmo asko dituzte aurrera begira.

ENPRESABIDEA.
jakes goikoetxea
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ekonomia etxekotzeko asmoz abiatu zuten duela zazpi hilabete Enpresabidea.eus, ekonomiari eta enpresei buruzko euskarazko lehen egunkari digitala. Rikardo Arregi Komunikazio saria jaso berri du. Maite Reizabal (Donostia, 1993) da erredakzioburua.

Zer esan nahi du Rikardo Arregi saria jasotzeak?

Etorkizun urrun baterako genuen amets bat zazpi hilabetean iritsi da. Poza eman digu, gure lana aitortu dutelako; lasaitasuna eman digu, nolabait helarazi baitigu norabide onean goazela; eta motibazioa eman digu, bide beretik eta hobetzen jarraitzeko.

Zazpi hilabete daramatzazue martxan. Zer esaten dizuete enpresetako eta ekonomiako eragileek?

Enpresabidea.eus beharrezkoa dela, hutsune bat betetzen duela.

Zeuk zer zenekien ekonomiari buruz Enpresabidean hasi aurretik? Inoiz pentsatu zenuen ekonomiaz idatziko zenuenik?

Egia da Orkestrako komunikazio bulegoan lan egin nuela, baina niretzat ere ezustea izan da, neure burua beste arlo edo ildo batzuetan ikusten bainuen. Ibilbideak nahi gabe eraman nau hona.

Zergatik erabaki zenuen proiektuarekin bat egitea?

Ikusi nuelako ekonomiaz beste era batera hitz egiteko aukera eskaintzen zuela, eta proiektu berri bat abian jartzeko aukera zelako.

Ekonomia gaien estereotipoak oso indartsuak dira: gai zurrunak, gordinak, zailak... Nola landu daiteke ekonomia modu erakargarri batean?

Pilar Kaltzadak [proiektuaren sustatzaileetako bat] proiektuaren sorreran BERRIAn esan zuen: gutako bakoitza eragile ekonomiko bat dela. Hori ulertzen baldin badugu eta gaiak hortik abiatzen baldin baditugu, beti da errazagoa gaiak jendeari hurbiltzea edo gai erakargarriagoak lantzea.

Esaterako?

Nomina bat zer den azaltzea, furgoneta bat moldatzea zenbat kostatzen den erakustea...

Ekonomia edo finantza gai klasikoak ahaztu gabe.

Bizi dugun egoeran derrigorrezkoa da inflazioaz eta hipotekez hitz egitea. Baina funtsezkoa da beste aldean dagoen herritarraren lekuan jartzea, eragile ekonomiko gisa edo pertsona gisa zer gauza ulertu behar dituen aintzat hartzea. Gaiak hortik abiatzen saiatzen gara.

Herritarren bizitza baldintzatzen duten erabakietako asko ekonomiari edo finantzei dagozkie. Alfabetatze ekonomikoa falta da?

Zalantzarik gabe. Hipoteka bat sinatzeko momentura iritsi arte ez dakizu zer den hipoteka bat. Hori lehenagotik landu behar da nolabait, hezkuntzan edo. Ez dakit zein den bidea, baina izan beharko genuke aukera bat hori pixkana-pixkana ulertzen joateko.

Euskal Herrian jende gehienak uste baino gauza gehiago eta hobeak sortzen eta ekoizten dira?

Bai. Asko hitz egiten da industriaz, ekonomian oso garrantzitsua da, baina enpresetan sekulako aniztasuna dago, eta oso gauza interesgarriak egiten ari dira. Oso harrera ona izan zuen, esaterako, Euskal Herrian sortutako ginebrei buruz egindako erreportajeak. Aniztasuna dago, baita punta-puntako ekoizleak ere.

Euskara arrotza da ekonomian eta enpresa munduan?

Baietz esango nuke. Kasu batzuetan gertatu izan zaigu giro eta langile euskaldunak topatzea, baina haien lan hizkuntza gaztelania izatea. Euskaldunak ere topatzen ditugu, jakina.

Komunikabide gaztea zarete, baina zeintzuk dira etorkizuneko planak eta erronkak?

Atal gehiago sortzea, terminologiari buruzko bat, esaterako; ikus-entzunezkoak lantzea, gazteengana hurbiltzeko; beste sare sozial batzuk probatzea; emakumeen presentzia handitzea; lurraldetasuna orekatuagoa izatea...

Berrikuntzarik izango da hurrengo egunetan?

Bai, hurrengo astean Bertsonomia egingo dugu, egunero bertso bat ekonomiaren egunerokotasunari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.