'Huntza' aldizkari eta irratsaio transfeminista sortu dute

Proiektuak Mundubat fundazioaren babesa du. Hala Bedi irratian entzungo dira programak

Huntza aldizkari eta irratsaioko ordezkariak, Bilbon egindako aurkezpenean, irailaren 27an. MUNDUBAT.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Mundubat fundazioko genero sailaren eta hainbat emakume langileren eskutik, Hiedra/Huntza aldizkari eta irratsaioa sortu dute. «Zaintzak irauli» nahi dituztela iragarri dute, eta eguneroko kapitalismoa, kolonialismoa, arrazakeria eta patriarkatua «arrakalatu». Hala nabarmendu du Josefina Roco Sanfilippok, Mundubateko genero saileko kide eta aldizkariko ordezkariak. Liz Quintana eta Tania Cañas Siriany dira beste bi koordinatzaileak. Erredakzio taldeko emakume gehienak zaintzaileak eta etxeko langileak dira, eta guztien artean lantzen dituzte edukiak. Bilbon egoitza txiki bat lortu dute, eta han biltzen dira guztiak.

Aldizkariak urtean lau zenbaki izango ditu, bat urtaro bakoitzeko. Aurrenekoa Mundubat fundazioaren webgunean irakurdaiteke. Bertan, Berta Caceres ekintzailea gogoratu dute —Hondurasen transnazionalen eraginaren aurka borrokatu zen urte luzez, eta 2016ko martxoaren 2an eraila izan zen—. «Hiltzen eta jazartzen ari diren emakumeak ikusgarri egingo ditugu».

Laster, sei irratsaio estreinatuko dituzte —aurreneko grabaketa igandean egin zuten—. Irratsaio horiek Gasteizko Hala Bedi irratian entzun ahalko dira laster, baita Arrosa sareko beste irrati batzuetan ere. Era berean, plataforma bat sortuko dute, podcast guztiak igotzeko.

Roco Sanfilippok huntzari egin dio erreferentzia, landarearen izaerak lotura zuzena baitu proiektuaren asmoekin: «Huntza egoera zailetan hazten da. Euskal Herriko toki askotan, behetik gorantz ateratzen da, eta harresi bat eraits daiteke haietatik tira eginda. Gurea ez da begirada ahul bat: sare handi bat sortu nahiko luke Huntza-k».

Emakume askorengana iritsi nahi dute Huntza-rekin, eta Whatsapp bidez ere zabalduko dituzte irratsaioak.

Aldizkariaren atalen artean denetarik aurki dezake irakurleak. Musikarako tartea, adibidez, La rockolafeminista atalean izango dute. «Sentimendu gatazkatsuak eta sakonak» landuko dituzte El Sospechometro izeneko atalean—zaintzan eta etxeko lanean afektuak nola nahasten diren ikusaraziko dute—. Economías para todas las vidas atalean, berriz, kontsumoarekin lotutako askotariko gaiak jorratuko dituzte, eta, besteak beste, etxearen kudeaketaz eta elikaduraz arituko dira.

Ekonomia feministaz, biziaren jasangarritasunaz, giza eskubideen urraketez eta emakumeen defentsan ari diren taldeez hitz egingo dute irratsaioan eta aldizkarian. «Atal bakoitzak bere zergatia du, eta denak daude elkarri lotuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.