Komunikazioa. Midaseko egunkariak (eta VI)

Hungariara zabaldutako leihoa

Alderdi Komunistaren tresna gisa sortu zuten hungarierazko 'Új Szó' egunkaria, 1948an. Boterea galdu zuenetik Eslovakiako hungariar gutxiengoa babestea izan da hedabidearen eginkizun nagusia.

Bratislavan du egoitza hungarierazko egunkariak, eta 37 kazetarik lan egiten dute han. ÚJ SZÓ.
Adrian Garcia.
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hungariara begirako leihoa da Új Szó. Eslovakiako hungariar gutxiengoen ahotsa da, eta herrialdean zer gertatzen den kontatzeaz gain, oso adi daude mugaz bestaldera, Hungarian, gertatzen denari. «Nahiz eta antzinako Txekoslovakian jaio, guretzat Hungaria ez da herrialde arrotza, kulturalki eta historikoki oso lotuta baikaude», azaldu du Edita Slezakovak, Új Szó berripapereko zuzendariak. Slezakovak 30 urte daramatza hungarierazko egunkarian. Midaseko presidente hautatu zuten iragan maiatzean. Gutxiengo hungariarren eskubideak defendatu eta sustatu aldera lan egiten dute egunkarian. Eslovakiako hungarierazko bakarra da.

Eslovakia hegoaldean bizi da hungariar komunitatearen gehiengoa, bi herrialdeen arteko mugatik gertu. Bratislavatik mendebaldeko mugara 600 kilometro inguru daude. «Eremu hortik behera bizi dira hungariarrak, eta hor saltzen dugu ale gehien. Eslovakiako gainontzekoan gure egunkariak ez du interesik askorik». Halere, Slezakovak dio harpidedunak herrialde osoan dituztela. «Bi komunitateen arteko ezkontzen ondorioz, irakurleak Eslovakia guztian ditugu». Hungariera ez da hizkuntza ofiziala Eslovakia osoan. «Hungariarrak %20 baino gehiago diren herri eta hirietan soilik du onarpen hori».

Bratislavan argitaratzen dute, eta han dute egoitza. Guztira, 25.000 bat ale saltzen dituzte, horietako erdiak harpidetza bidez. Astean seitan argitaratzen dute, astelehenetik larunbatera. Hain zuen, 37 kazetarik lan egiten dute 26 orrialde inguruko egunkaria argitaratzeko.

Prentsa idatziaren krisiak gogor jo du Új Szó. «Arazo dezente ditugu, egia esan». Publizitatearen beherakada nabarmena izan dute: iazko datuen aldean, publizitatea %16 gutxiago saldu dute. «Ez ditugu eskualdeko iragarleak galdu, konpainia handietakoak baizik». Slezakovaren arabera, enpresa handiek ez dute ulertzen herrialdeko gutxiengoen egoera. «Herrialdeko biztanleen %9 inguru gara, baina gure hedabideetan ez dute publizitatea proportzio berean sartzen». Harpidetzak ere galdu dituzte, nahiz eta ez «oso proportzio handian». Harpidedunen %4k inguruk utzi diote egunkaria erosteari. «Eslovakieraz egiten duten herrialdeko egunkariak %10 inguru ari dira galtzen».

Bigarren urtez, Eslovakiak diru laguntzak ukatu dizkie. «Aurtengo diru laguntzak itxaroten ari gara oraindik. Ikusteko dago emango dizkiguten». Ez dute Hungariako Gobernuaren laguntzarik jasotzen.

Diru sarreren jaitsierari aurre egiteko, gastuak murriztu behar izan dituzte. «Soldatak izoztu ditugu, eta litekeena da laster bizpahiru pertsona kaleratzea».

Interneteko atarian jartzen dituzte papereko edukiak, eta «oraingoz» ez dute haiengatik dirurik eskatzen. Harpidetza digitala ezartzeari buruzko eztabaida bizia dute egunkarian. «Idatzizko argitalpenak osatzen du gure diru sarreren ehuneko handiena, ez sareko atariak. Ondo dago gero eta bisitari gehiago edukitzea sarean, baina horrek ale gutxiago saltzea eta iragarleak galtzea ekartzen badu, egunkari gisa gure heriotza ekar dezake». Slezakovak dio harpidetza digitalarekin arazo hori konponduko litzatekeela, bisitak jaitsi arren diru sarrerak gehituko bailirateke.

Lehenengo Mundu Gerra amaitutakoan, Austria-Hungariako Inperioa desegin eta Txekoslovakia sortu zuten. «Eslovakiako hungariarrak bizi diren eremua Hungaria Handiaren menpe zegoen 1920 baino lehen», azaldu du Slezakovak. Interes ekonomiko eta estrategikoak bultzatuta, Hungaria eta Txekoslovakia banatzen zituen lerroa hizkuntza mugatik iparralderago ezarri zuten, eta, horrela, hungariar hiztunen gutxiengoa sortu.

Egunkaria Alderdi Komunistaren aginduz sortu zuten, 1948an. «Ez alderdiak gutxiengo komunitateak babesten zituelako; hungariar hiztunengan eragina izan nahi zuten». Bratislavako hungariar komunitatea kontrolpean edukitzeko tresna zen egunkaria, erabat alderdikoia. «Alderdi Komunistak kontrolatzen zuen, eta haien helburuei buruz idaztera behartzen zituzten», dio Slezakovak.

Askatasun haizeak

1968. urteko Pragako Udaberriko mugimenduak herrialdea ez ezik, egunkaria ere astindu zuen. Sobietar Batasunaren eraginpetik atera nahian, erreforma politikoak aldarrikatu zituzten txekoslovakiarrek hainbat politikariren gidaritzapean. Tartean, prentsa eta mugitzeko askatasuna. «Iraultza hastean, eta SESBeko soldaduak herrialdea inbaditu arte, Új Szó-k tokia egin zien askatasunaren aldeko ideiei».

1989ko Belusezko Iraultza arte ez zuen lortu hedabideak «benetako independenzia». Alderdi Komunistak boterea galtzean, Új Szó hungarierazko egunkariaren gaineko kontrola ere galdu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.