Huluk eta HBOk 'The Handmaid's Tale' telesaila estreinatuko dute gaur

Margaret Atwooden eleberrian oinarritu da, eta gizarte totalitario baten deskribapena egiten du

Etorkizun hurbil batean emakumeak objektu gisa tratatzen dituzte The Handmaid's Tale telesailean. HBO.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako Hulu streaming bidezko plataformak The Handmaid's Tale telesaila estreinatuko du gaur. Hego Euskal Herrian, aldi berean ikusi ahalko dira aurreneko hiru atalak HBOren Interneteko zerbitzuan

—Hulu ez da Euskal Herrian ikusten, eta HBOk ditu telesailaren eskubideak Europako herrialde gehienetan—. Astero atal bat estreinatuko dute, AEBetan zein Hego Euskal Herrian.

Margaret Atwood Kanadako idazle eta politikari feministaren izen bereko eleberrian dago oinarrituta telesaila. Liburua 1985. urtean argitaratu zuten, eta hainbat sari jaso zituen idazleak —tartean Governor General saria eta Arthur C. Clarke saria—. 1990ean, zinemara eraman zuen nobela Volker Schlondorff zinemagileak, Harold Pinterren gidoi batekin. 2000. urtean, berriz, BBC Radio4rako irrati egokitzapen dramatikoa landu zuen John Drydenek. 2002an, Brendon Burnsek antzerkirako egokitu zuen.

Telebistarako egokitzapenaz Bruce Miller arduratu da —2014an The 100 telesaila ekoitzi zuen—. The Handmaid's Tale-ko gidoilari eta ekoizle eragile nagusia da Miller.

Eleberriaren istorioak ikus-entzuleak kateatzeko osagaiak ditu. AEBetako presidentearen hilketaren ostean, erregimen teokratiko bat ezarriko dute AEBetan. Handik aurrera, Gileadeko errepublika bihurtuko da herrialde hori. Testuinguru berrian, emakumezkoak objektu gisa hartuko dira: emakumeen obarioek balio handia izango dute aurrerantzean, Gileaden ugaltzeko arazoak baitaude. Emakume ugalkor gutxi gelditzen dira, eta horietako bat Offred protagonista da. Komandantearen etxeko zerbitzarietako bat da Offred, sexu esklaboen kasta bateko kideetako bat. Bestalde, protagonista kendu zioten alabaren bila dabil, eta arriskuan jarriko du bere bizia.

Offreden rola Elisabeth Moss aktoreak jokatzen du —The West Wing eta Mad Men telesailetan aritutakoa—. Joseph Fiennes da beste aktore protagonistetako bat —Shakespeare in Love filmaren arrakastaren ostean, zineman ibilbide oparoa egin du azkeneko hogei urteetan—. Samira Wiley, Max Minguella, Yvonne Strahovski, Alexis Bledel, O.T. Fagbenie, Madeline Brewe eta Ann Dowd aktoreak ere azalduko diratelesailean.

Metro-Goldwyn-Mayer Televisionek ekoitzi du telesaila, eta MGMk zabalduko du munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.