Hondar arteko mikrofonoak

'Kosta ala kosta' saioa egiten ari dira Naiz irratiko kazetariak egunotan. Euskal Herriko hainbat hondartzatatik egiten ari dira programak. Donostiara ere iritsi dira.

Iker Gurrutxaga, Malen Frantsesena eta Oihana Azkue, 'Kosta ala kosta' saioan, Zurriola hondartzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Gurrutxaga, Malen Frantsesena eta Oihana Azkue, 'Kosta ala kosta' saioan, Zurriola hondartzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Oihana Azkue, Malen Frantsesena eta Iker Gurrutxaga hondartzara joan dira, Donostiara, baina ez ondoan dituztenak bezala udako denbora libreaz gozatzera, lanera baizik. Olatu handiak daude Zurriola hondartzan. Askorentzat, bainu bat hartzeko plana zeukatenentzat behintzat, goiz txarra da, baina uretan olatu perfektuaren bila dabiltzan surflariek ez dute gauza bera esango. Azkue, Frantsesena eta Gurrutxaga esatariak Naiz irratiaren Kosta ala kosta saioa grabatzen ari dira, Indarra surf taldearen tabernan, hirurak aulki gorri altuetan eserita. Garagardoz eta patata poltsaz beteta egon ohi den mahaia kablez eta mikrofonoz beteta dago oraingoan.

Kosta ala kosta saioaren bigarren astean sartu dira, eta Getarian, Hondarribian (Gipuzkoa), Armintzan (Lemoiz, Bizkaia), Orion (Gipuzkoa), Gorlizen (Bizkaia) eta Hendaian (Lapurdi) izanak dira jada. Euskal Herriko kostako herriak bisitatu, eta bertakoekin hitz egiteko asmoz joaten dira esatariak, betiere Naiz irratiaren itzalkin laranjak haiekin eramanda. Baina gaur ez da itzalkinak erabiltzeko eguna; Azkuek aitortu duenez, bezperakoa ere ez: «Atzo [herenegun], Hendaian, euria hasi zuen, eta taberna batera sartu behar izan genuen korrika. Irratia ezustekoz beterik egon ohi da, eta eguzkia, etsaia baino gehiago, lagun preziatua dugu oraintxe». Saguesko hondartzako tabernako terrazan daude, eta, aurretik egin izan duten moduan, hiru pertsona gonbidatu dituzte 10:00etatik 12:00etara egiten duten irratsaiora. «Jendea da gure saioaren funtsa», adierazi du Azkuek. Dantz kolektiboko kide bat izan da lehenengoa, baina ez da hondarrez zikindu, telefonoz egin baitute elkarrizketa.

Bigarren gonbidatua Jaiotz Osa dantzaria da, eta telefonoz konektatu da hura ere, Bastidan (Araba) baitago, «inspirazio bila» joana. Koreografoaren ibilbide profesionala errepasatu dute laurek. Gurrutxagak bideratzen ditu elkarrizketak, bi lankideen laguntzarekin. Elkarrizketen artean, musikaren txanda iritsi da. «Gaur [atzo] Donostian gaudenez, Donostiako musika jartzea tokatzen zaigu. Ez dira gutxi bertatik ateratako musikariak», esan du Gurrutxagak. Besteak beste, Herenegun taldearen Negu hurbilak kantaren bertsioa aditu dute irratiko entzuleek, eta egunarekin ederki bat egiten duen Surfin Kaos taldearen kanta bat ere bai.

«Irratia ezustekoz beterik egon ohi da, eta eguzkia, etsaia baino gehiago, lagun preziatua dugu oraintxe»

OIHANA AZKUENaiz irratiko esataria

11:00ak dira, eta, ezinezkoa zirudien arren, eguzkia atera da, justu irratian buletina entzuten hasi direnean. Albiste onek agerrarazi ote dute eguzkia? Orain, tabernak kanpoan duen kartela apropos bilakatu da, izozkiak eskaintzeko kartela baita. Baina giro eguzkitsuak gutxi iraun du, hamabost minutu zehazki. Inok ez du astirik izan izozkia hartzeko, eta denek kafearekin jarraitu dute.

Jende gutxi dabil hondarretan: gehienak udalekuetan dabiltzan umeak dira. Lau boleibol sare daude, eta, haien inguruan, zapi gorria jantzia duten dozenaka ume. Sanferminetatik datozela dirudi. Badaude kamiseta berdea dutenak ere, baina horiek uretara bidean doaz, bakoitzak bere surf ohola eskuetan duela. Groseko Indar surf eskolako ikasleak dira, eta Kursaalaren atzealdeko uretan murgiltzeko asmoz doaz itsasertzera. Kaiorik ere ez dago hondarretan. Badirudi kaioek usoei eman dietela txanda. Itsas hegaztiak Sagues eta Ulia gainean hegan dabiltza, Donostiako biztanleak zelatatu nahian bezala, eta usoak, berriz, turistei eroritako janari papurren bila.

Indar surf eskolako Eneko Aizpurua da eguneko azken gonbidatua. Surf eskolaz mintzatu dira laurak, eta Saguesen kanpamentu gisa erabilitako tabernaz ere bai. «Sagues langile klasearen lekutxoa dela esan dezakegu: jende apalagoa eta xumeagoa bizi izan da hemen», adierazi du Aizpuruak. Donostian etxebizitza bat lortzeko dauden ageriko arazoak ere salatu ditu surf irakasleak. Giro herrikoi eta euskaldunaren alde egiten du Indar surf eskolak, eta hori bera tabernan hedatzeko asmoarekin egiten dute lan. «Larunbat honetan Indar surf elkartearen eguna da, eta zuzeneko musika edukiko dugu. Groseko jaiak dira, eta auzo guztia jai bateratu bilakatzen da».

Eguerdia iritsi da. Transmisioa hondartzatik Naiz irratiaren egoitzara pasatu da. Dena itzali, mikrofonoak deskonektatu eta gauzak jasotzeko ordua da. Bihar gehiago, eguzkia lagun edo etsai, Debako (Gipuzkoa) hondartzatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.