«Zurriolako hondartzan izaki bat agertu da hilda. Izenik ez duen espezie arraro bateko izakia surflari batek topatu du itsasertzean...». Modu horretan hasi zen Holobiontea soinu fikzioaren lehen denboraldia. Otsailean estreinatu zuen EITB Podkast atariak, eta orain bigarren denboraldia iritsi da. Aipatutako izakiak nazioarteko komunitate zientifikoaren arretagune izaten jarraitzen du, eta hura suntsitzea izango dute helburu. Sei atalez osatua dago denboraldi berria, eta aurrenekoa entzungai dago jada audio plataformetan eta EITB Podkast atarian.
Bigarren denboraldian, ahotsa jartzen aritu dira Nagore Aranburu, Iban Garate, Asier Hormaza, Aitziber Garmendia eta Klara Badiola aktoreak. Bieuse bikoiztaile elkarteko profesional batzuek ere parte hartu dute grabaketetan. Aktore zuzendari lanetan Anartz Zuazua aritu da.
Audio fikzioa 16 urte baino gehiagoko entzuleentzat pentsatua dago. Lehen denboraldian, holobionteak hainbat pertsonari eraso egin zien, Donostiako Aquariumetik ihes egin ondoren. Baina Idurre Aldezabal ikerlariak eta haren taldeak holobionte hura akabatzea lortu zuten. Arazoa da munduko zenbait tokitan antzerako hainbat izaki azalduko direla atal berrietan. Hau da, holobiontearen mehatxua mundu osora zabalduko da. Task Corporation enpresaren ezkutuko interesak, eroskeria eta askotariko sentimenduak nahastuko dira podcastaren bigarren denboraldian.
Fikzioaren gidoilariak Xabier eta Martin Etxeberria dira. Musika Maite Larburuk sortu du, propio podcasterako. Alain Urrutiak egin ditu irudiak. Holobiontea egin duen taldeko zuzendaria Oier Aranzabal da. Ez da Aranzabalek egunotan estreinatuko duen lan bakarra.
'Hamaiketakoa' eta 'Basque'
Aranzabalek eta Ulu Media ekoiztetxeko lantaldeak Ulua hedabide digitala sortu berri dute. Hedabide berrian askotariko edukiak zabalduko dituzte datozen egunetan. Aranzabalek berak Hamaiketakoa bideopodcasta estreinatu zuen atzo —lehen gonbidatua Antton Telleria umorista eta aurkezlea izan da—. Astero egingo dute elkarrizketa informal bat.
Hori gutxi balitz bezala, Aranzabalek Ulu Mediarekin Basque izeneko ingelesezko podcasta sortu du Etxepare Euskal Institutuarentzat. Institutu horrek euskara, euskal kultura eta sorkuntza garaikidea nazioartean proiektatzea du helburu. Eta, helburu hori lortzen laguntzeko, Basque podcasta abiarazi dute. Aranzabal pertsona esanguratsuen etxera edo estudiora sartuko da, eta mikrofonoen aurrean jarriko ditu. Lehen denboraldia hilaren 15ean hasiko da, asteartean, Estibaliz Urresola zinemagileari egindako elkarrizketarekin. Gainerako atalak bi astean behin plazaratuko dituzte urri eta azaro bitartean, ohiko audio plataformetan: Spotify, Ivoox, Apple Podcast, Amazon Music eta Google Podcast. Etxepareren webgunean ere entzungai egongo dira. Datozen ataletan, protagonistak Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Horomi hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira. Atalak jatorriz euskaraz grabatuko dituzte, eta ondotik ingelesera bikoiztuko dituzte.