Gaur idatzi arren, etzi gertatuko denari buruz aritzen dira Etzi.pm atari digitalean. Hausnarketarako bidea da, hainbat gai sozialen inguruan. Aiert Goenaga koordinatzaile nagusiak (Ondarroa, Bizkaia, 1981) gogotsu begiratu dio etorkizunari.
Ez zarete gaurkoaz ari, zuen hizpidea etzi da.
Hutsune bat betetzera dator Etzi. Asko idatzi da izan ginenetik eta garenerako trantsizioaz —historia esango genukeenaz— eta egunerokotasunak ematen dituen fruituez. Egunero idazten da komunikabideetan. Baina etorkizunari buruz nahi dugun guzia dago idazteko.
Etzi izanen garenari buruzko hausnarketak falta dira Euskal Herrian?
Hausnarketarik ez da falta; jendea badabil. Beste gauza bat da euskarazko prospektiba komunikatibo librea; hor gabezia bat badago, erreferentzia falta dago. Euskaraz ez zegoen hainbat gai prospektibaz lantzen zuen plataformarik.
Koordinatzaile nagusi izanen zara. Zein izanen da zure betekizuna bihar, etzi?
Ideiak sortzen direnetik eta webean ikusten direneko prozesu hori guztia koordinatzea, proiektuak dituen hari mutur guzti horiek ondo lotuta izatea. Azken finean, kalitatezko produktu bat eskaini nahi dugu, ez webgune soil bat. Erreferente bihurtu nahi dugu atal horretan, eta horrek barne lanketa eskatzen du.
Helburuak ere aurrera begira jartzen dira. Zeintzuk dira 2015ekoak?
Gure etorkizunaren zirriborro bat egin behar bada, hobe dugu gu geu izatea zirriborro horren egile edo idazleak, nahiz eta gero ezertan ez asmatu. Egungo egoeraren hausnarketa bat egin eta etorkizun hobe bat irudikatzeko ariketa egin behar da, eta gure helburua hori da. 2015ekoa? Proiektuak oinarria 2014an hartu du, eta 2015ean sendotzea izango da helburu nagusia, proiektua egonkortzea, eta gutxika-gutxika hazten joatea.
Kazetaritzaren beste ikuskera bat duzue?
Bai. Kazetaritza lana badago, baina ez da iragandakoari buruzko kazetaritza lan ohikoa, atzo gertatutakoa gaur kontatzea, gaur gertatu dena gaur kontatzea, edo gaurtik biharrera datorrena baina badakiguna kontatzea. Egungo egoeratik elementu baliagarriak zeintzuk diren ikusi, etorkizunak eskain diezazkigukeen elementuak ere ikusi eta hainbat alorretan proiekzioak egiten ditugu. Jorratuko ditugun gaiak oso alor ezberdinetakoak dira: teknologia berriak, teknologia librea, feminismoa, ekonomia iraunkorra, kultura, euskara, ekologia, politika, hirigintza... Prospekzio lan horiek egiteko, kazetaritza lan bat badago iraganak eta egunerokotasunak eskaintzen dizkigulako hainbat elementu, baina zientzia fikziotik ere baliatu gintezke etorkizuneko egoera bat irudikatzeko. Elementu ezberdinekin jokatzen dugu.
Gerta litekeena soilik ez, gertatzea nahiko zenuketena ere hizpide duzue Etzi.pm-n, ezta?
Hori da oinarria; amestea ezinbestekoa da; baina hausnarketa batetik amestu. Nahi ez genukeen hori irudikatzea... iritsiko da nahi ez dugun hori. Orduan, goazen irudikatzera zer den nahi dugun hori, nola egin dezakegun gizarte hobe, justuago eta iraunkorrago bat, eta goazen hori guztia proiektatzera, gure nahietatik.
Interneten eta harpidetza bidez. Hori da eredurik egokiena?
Eredu bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Guk hau aukeratu dugu; eredu libre bat nahi genuen, formatu librean. Harpidetza proiektua laguntzeko modu bat da, baina informaziora modu librean sar zaitezke. Proiektuaren kide garenok argi dugu informazioak librea edo partekatua behar duela; jendearentzako eskuragarria.
Nola ikusten duzu zure etorkizun hurbila, 2015a?
Ilusioz eta gogoz ikusten dut 2015a: aurpegi ezagunekin, baina proiektu berri bat da, eta urte berria gogoz ekiteko arrazoia.
Aiert Goenaga. 'Etzi'-ko koordinatzailea
«Hobe dugu guk idaztea gure etorkizunaren zirriborroa»
Eguberrietan jasotako eskaintza onartu, eta 'Etzi.pm' atariko koordinatzaile nagusi da orain Goenaga. Edukiak sareratu aurretik hari muturrak lotzea izanen da haren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu