Esloveniar hizkuntza Triesteko etxe guztietara zabaltzea da Primorski dnevnik egunkariaren eginkizuna. Esloveniatik kanpo hizkuntza horretan argitaratzen den egunkari bakarra da. Italiako ipar-ekialdean, Esloveniako mugatik gertu bizi da esloveniar komunitatea, Trieste, Gorizia eta Udine probintzietan. Zifra ofizialik ez badago ere, %10 inguru dira. Trieste probintzian argitaratzen du Primorski dnevnik-ek, eta esloveniarrak bizi diren lurraldeen berri ematen du.
Egunkari txikia da Primorski dnevnik; 20-24 orrialde ditu. «Krisiaren aurretik 36 orrialde ateratzen genituen, batzuetan 40», azaldu du Bojan Brezigar berripapereko langile ohiak. Brezigarrek 2007an hartu zuen erretiroa, 36 urte kazetari eta erredaktore buru gisa lan egin ostean. Halere, ez du kazetaritza bazter utzi, eta oraindik ere egunkariarentzat kolaboratzen du, hizkuntza gutxituei buruz idazten.
«Egunkari txikia, baina osoa da. Nazioartea, kultura, kirolak... jorratzen ditu». Orain urte batzuk inkesta bat egin zuten irakurleen artean, jakiteko zein beste egunkari erosteko ohitura zuten. «Primorski dnevnik erosten duenak ez du beste italierazko egunkaririk erosten. Nahikoa dute haien informazio beharrak asetzeko». Astelehena salbu, egunero argitaratzen dute.
Triesten du egoitza nagusia, eta bat txikiagoa Gorizian. Hamasei kazetarik lan egiten dute, eta tekniko eta administrazio langileak batuz 30 bat dira guztira. 10.000 bat ale saltzen dituzte egunero, horietako erdiak harpidetza bidez.
Interneteko ataria dute, eta hainbat albiste jartzen dituzte eskuragarri denontzat, garrantzitsuenak eta azken ordukoak. Haatik, gainontzeko albisteak harpidetza bidez eskaintzen dituzte soilik. «Bi harpidetza mota ditugu; sareko harpidetza eta paperekoa. Paperekoarekin Interneteko albisteak ere jaso ditzakezu».
Hiru dira egunkariari zutik eusten dioten makuluak: salmentak, publizitatea eta diru laguntzak. Horietako batek huts eginez gero, kolokan gera daiteke proiektua.«Publizitatea ia desagertu egin da. %70 inguru galdu dugu. Ez dakigu nola jarraituko dugun». Orri gutxiago argitaratzera eta kazetariak kaleratzera behartu ditu krisiak.
Italiako legediak gutxiengoei eskubideak aitortzen dizkie, eta hainbat herritan esloveniera ofiziala da italierarekin batera. Horrez gain, hizkuntza gutxituetan argitaratzen duten hedabideek diru laguntzak jasotzen dituzte. «Oso garrantzitsua da, diru aldetik kopuru oso handia delako. Bi milioi euro inguruko diru laguntzak izaten dira hedabide bakoitzeko». Dolomiten egunkariak ere diru laguntza berbera jasotzen du. Brezigarrek argi utzi du erakunde publikoetatik dirua jasotzeak ez duela egunkarien independentzia mugatzen. «Gobernuaren aurka idatz dezakegu». Orain, araudia aldatu behar dutela dio , eta diru laguntzak murriztuko dituzten beldur dira. «Oraindik ez dakigu ezer».
Hizkuntzaren normalizazioanlan eskerga egiten du egunkariak. Izan ere, italiar giroan bizi dira esloveniar gehienak. «Dendetan, lantokian... italiera erabili beharra daukazu». Eslovenierazko hezkuntza sistema dute, baina kalean hizkuntzak duen presentzia urria dela eta, praktikotasuna galtzen dute hiztunek. Horren aurka egiten du Primorski dnevnik-ek. «Egunkariak ohikohizkera familietara eramaten du».
Austrohungariar inperioko garian, XIX. mendean, Triesten ongi antolatutako esloveniar komunitatea zeukaten. «Antzokiak, elkarteak, bankuak... zituzten». Edinost izeneko berripapera sortu zuen komunitate horrek 1894ean. «Oso garrantzitsua izan zen egunkari hori, eta 1928ra arte argitaratu zuten». Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, Trieste Italiaren esku geratu zen, eta Mussoliniren italiartze prozesua jasan zuten esloveniarrek. «Gobernu faxistak italieraz egiten ez zuten hedabide guztiak itxi zituen, Edinost barne».
Partisanoen egunkaria
1943an, Bigarren Mundu Gerra pil-pilean zegoelarik, Jugoslaviako partisanoek Gorizia inguruko mendialdean Partizanski dnevnik (Partisanoen egunkaria) argitaratzen hasi ziren. «Hasiera batean mimeografo bat erabiltzen zuten. 1944an, inprenta txiki bat sortu zuten.». Partisanoen egunkaria 1945eko maiatzaren lehena arte argitaratu zuten, egunero. Mila bat ale ateratzen zituzten, eta herri txikietan banatu. «Inprenta hori egun bisita daiteke, monumentu nazionala izendatu dute».
Partizanski dnevnik argitaratzeari utzi eta astebetera, Primorski dnevnik sortu zuten. «Kostaldeko egunkaria esan nahi du, izen hori baitauka Esloveniako eskualde historikoak».
Hasieran, Jugoslaviako askapen mugimenduko tresna zen egunkaria, eta Trieste Jugoslaviari zegokion lurraldea zela aldarrikatzen zuen. «Politikoki oso aktiboak ziren, Jugoslaviaren aldekoak». 1954an, Londresko memorandumaren ostean argi eta garbi geratu zen Trieste Italia izaten jarraituko zuela. «Jarrera aldatu zuen orduan egunkariak, eta ordutik esloveniar gutxiengoaren egunkaria da».
Komunikazioa. Midaseko egunkariak (V)
Hizkuntza etxeetara zabalduz
Italiako esloveniarrek zaila dute egunerokoan haien hizkuntza erabiltzea. 'Primorski' lagungarri zaie ohiko hizkera ez galtzeko. 1945an sortu zuten; lehenago ere beste eslovenierazko egunkariak bazeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu