Komunikazioa

'Hizkamizka' lehiaketa berrirako partaide bila dabil ETB1

18 urtetik gorako lehiakide euskaldunak behar dituzte; 200 eurotik aurrera irabazi ahalko da saioko

Hizkamizka lehiaketaren logoa. EITB.
Iñaki Lasa Etura.
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Hizkamizka izeneko lehiaketa berri bat abian da ETB1en. Udazkeneko programazio aldaketarekin bat hasiko dira emititzen, baina, aurretik, grabazioetarako lehiakide bila dabiltza orain. 18 urtetik gorako gizon-emakumeentzat da saioa, eta «edozeinek» parte har dezake, Hasier Etxeberria saioaren zuzendariak azaldu duenez.

Kultura orokorreko galderatan oinarrituko da programa. Trivial baten antzera, askotariko galderak egingo dituzte. Zailtasun mailari dagokionez ere galdera guztiak ez dira izango berdinak. Hainbat adibide jarri ditu Etxeberriak: «Zein eskultorek egin zuen Pentsalaria? Zein ibai igarotzen da Bilbotik? Non jaio zen Aita Barandiaran?».

Ipar Euskal Herrian France3 katean ikus daitezkeen Des chiffres et des letres eta Questions pour un champion eta Hegoaldean Tele5n ikusgai den Pasapalabra saioekin alderatu du Etxeberriak Hizkamizka: «Oso programa apala da, publikorik gabe, soilik aurkezlea eta partaideak, baina kateari normaltasun kutsua emango diola pentsatzen dut».

Saio bakoitzeko bi partaide lehiatuko dira, eta irabazleak 200 euro poltsikoratuko ditu gutxienez. Lau probatan parte hartuko dute, eta hainbat mailatako galderak egingo dizkiete bi partaideei. Erantzuna pantaila aurrean izango dute, laguntza gisa, baina nahas-masean idatzia, ordenarik gabe. Soluzioa ez dakien lehiakideak hizki horiek balia ditzake erantzuna asmatzeko.

Irabazleak 200 euroko saria handitzeko aukera izango du azkeneko proban, zakua eramatekoa. Irabazten ez duen aldiro, 100 euro gehituko zaizkio zakuari. Beraz, aste osoan inork ez badu hura eskuratzerik izan, 500 eurokoa izango da saria. Zakua eskuratzeak ez du lehiakidearen agurra ekarriko, dirua irabazten jarraitzeko aukera izango du.

Dagoeneko jaso dituzte Hizkamizka-n parte hartzeko lehen eskakizunak, eta Etxeberria pozik da orain arte izandako erantzunarekin, oraindik eskari gehiago jaso nahi dituen arren: «Jendea erantzuten ari da, baina gehiago nahi ditugu». Partaide bila zebiltzala jakinarazi zutenetik, gazteek idatzi dute batik bat, unibertsitatean dabiltzanak, eta asko aurretik Mihiluze-n aritutakoak.

Haien erantzuna ona den arren, partaidetza heterogeneoagoa nahiko luke zuzendariak: «Jende heldua nahi genuke, 30, 40, 50 eta, zergatik ez, 60 urteko jendea; suhiltzaileak nahi ditugu, maisu-maistrak, erizainak...». Jatorri aldetik ere Euskal Herri osoko pertsonei zabaldua dago, eta hala izatea gustatuko litzaioke, oraingoz Iparraldetik jende gutxiago animatu den arren.

Grabazio lanak udan hasiko dira, Miramongo estudioak libre daudela baliatuta. Emisioak udazken hasierako programazio aldaketarekin hastea dago aurreikusita. Hizkamizka «arnasa luzeko» programa izatea gustatuko litzaioke Etxeberriari, ondo dakien arren oraindik ez dutela inongo feedback-ik jaso. Halere, eman aurretik programa dezente grabatuko dituzte: «Uda profitatu nahi dugu ahalik eta saio gehien egiteko». Badu bere arriskua, emititu gabe «itsu-itsuan» egingo dutelako aurrera; baina, hala eta guztiz ere, saioarekiko konfiantza du zuzendariak, eta programak ondo funtziona dezakeela uste du: «Guk suma dezakegu funtziona dezakeela».

Aurkezle ezaguna

Hastapenetan dago oraindik Hizkamizka, lehen fasean, eta zehazteko kontu ugari dituzte oraindik, hala nola aurkezlea eta ordutegia. Hamabi lagun bildu dituzte aurkezle izateko hautaproba egiteko, baina zalantzan jarraitzen dute. «Casting-a ondoegi joan da; profesional handiak dira guztiak, eta denek egin dute ondo». Etxeberria ez dago batere kezkatuta, haren hitzetan denak pertsona ezagunak direlako, telebistan lana egina den jendea, «izen handiak». Aurki erabakiko dute nork hartuko duen programaren ardura.

Ordutegiari dagokionez, oraindik erabakitzeko dago. Aldaketa bat baino gehiago egon ohi da udazkenean, eta saio batzuen eta besteen artean erabaki behar izaten da. Hizkamizka albistegiaren aurretik izatea proposatu dute, baina ez dakite ordu horretan emitituko den.

Uda iritsi eta partaide gehiagoren izena jaso bitartean, lantaldea galderak prestatzen ari da orain. Ez da lan makala, programa bakoitzeko 150-200 galdera inguru egingo baitira. Saio «dinamiko eta azkarra» izango dela agindu du Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.