'Hitzokei'-k ez du jarraituko

Urko Aristi eta beste langileak albistegietan arituko dira. ETBk ez du tankerako saiorik egingo

Urko Aristi kazetariak aurkeztu du ETB1eko Hitzokei saioa. Albistegietan arituko da aurrerantzean. ETB.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Iazko irailean estreinatu zuen ETB1ek Hitzokei saioa, eta, Urko Aristi kazetariak gidatuta, kultura jakintza eta euskara izan zituen ardatz nagusi programak. Neurri handi batean, aurretik arratsaldeko tarte horretan Ilaski Serranok lantzen zituen edukiak —Azpimarra eta Ahoz aho saioetan— hartu zituen Aristik. Maiatzeko lehen astean amaitu zuen denboraldia programak, eta ez du jarraituko datorren ikasturtean. Ez hori bakarrik: ETBko albistegietako langileek egiten zuten arratsaldeko kultur tarte hori, baina datorren denboraldian ez da halakorik egongo. Irailean jakingo da ETB1ek zer edukirekin beteko duen hutsunea. Ziurra dena zera da, ez dutela albistegietako langileek egingo.

Aristik pena hartu du Hitzokei kenduko dutela jakitean. «Badakigu telebista nolakoa den, halakoak gertatzen direla, aldian-aldian batzuk direlako interesak eta lehentasunak, eta hori horrela onartu behar da». Edonola ere, «pena bikoitza» duela nabarmendu du EITBko kazetariak: «Batetik, oso gustura aritu naizelako, eta oso zoriontsu izan naizelako maila pertsonalean. Eta, bestetik, lehen denboraldian, beti hasierako asmoak eta gogoak erakutsita, saioa egonkortzen ari zelako, eta oraindik bide luzea zuelako aurretik».

Bidea eten dute, ordea. «Eta gure taldeak edo beste talde batek egin, pena da urteetan ETB1en egon izan den tarte hori —izen bat edo bestea izan— galtzea». Gainera, Ibarran (Gipuzkoa) jaiotako kazetariari iruditzen zaio sortzaile euskaldunek eta kultur eragileek beti jakin izan dutela ETB1en tarte bat izango zutela «patxadaz eta soseguz» haien lanaz hitz egiteko.

«Egia da egun kultur gaiak beste saio batzuetan ere lantzen direla —Biba Zuek magazinean, adibidez—, baina, formatuak baldintzatuta, mamian sakontzeko aukera handirik ez da izaten», gaineratu du Aristik.

Aristik zera uste du kultur gaien lanketaz: «Gakoa osagarritasuna da. Batek amua jarriko du, eta, behin amuan kosk eginda, bestean sakondu ahalko duzu. Gainera, historian zehar arratsaldeko tarte hori izan da ETB1en bereizgarrietako bat, ETB2n parekorik ez duena. Eta uste dut katearen nortasuna indartu eta azpimarratuko duten saioak behar direla. Ea izaten diren aurrerantzean ere».

Albistegietan arituko da

Bai Aristi, bai Hitzokei saioan ari ziren beste bi langileak ETBko albistegietan arituko dira datorren denboraldian. Dagoeneko udan Aristi ari da kazetari lana betetzen. Hitzokei egin aurretik, EITBko irratietako zuzendariorde eta zuzendari izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.