«Esan daiteke Hitzetik hortzera su txikian egosten den arrain zopa bat dela, eta ezusteko goxo ugari aurki daitezke koilarakada bakoitzean». Modu horretan definitu du bertsolaritzaren gaineko saioa Gaizka Azkarate Hitzetik hortzera-ko zuzendariak. Pozik dago denboraldi honetan saioak eman duenarekin. Azkeneko urteetako ikusle daturik onenak bildu dituelako ere bai. Bihar gauean emango du ETB1ek Hitzetik hortzera-ren denboraldi honetako azkeneko atala. Ohiko moduan, apiriletik abuztura atsedena izango du Bertsozale Elkarteak ekoizten duen programak, eta irailean itzuliko da. Azkaratek iragarri du Mirari Martiarenak aurkezle lanetan jarraituko duela datorren denboraldian.
Saioaren zuzendariak, gainera, nabarmendu du Martiarenaren rola garrantzitsua izan dela aurten. «Martiarena izan da programari eman nahi genion aldaketa hori emateko gakoa. Beste gauza askoren artean, umorista paregabea da, eta urtean plaza asko egiten ditu Euskal Herri osoan. Esperientzia handia du, eta komunikatzaile oso ona da. Ez da lantegi zaila izan berak zekarren estiloa kamera aurrera eramatea». Izan ere, aldaketaz betetako denboraldia izan da aurtengoa ETB1eko saioarentzat. «Bost urteko ziklo bat itxi ostean, aldaketa asko eta esanguratsuak egiteko momentua iritsi zitzaigun denboraldia prestatzen hasi ginenean. Ikusgarrienak aurkezlea eta programaren iruditeria izan dira». Baina atal berriak sartzeko ahalegina ere egin dute: bertso sorta musikatuak, Txikitik handira atala edota umorezko esketxak... «Hitzetik hortzera programa ezagutzen duenak badaki hein handi batean bertso saioek osatzen dutela saioa. Baina aurten goxokiaren bilgarria kolorez eta umorez marrazteko apustua egin dugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin».
Denboraldi honetan Hitzetik hortzera-n 29 elkarrizketa egin ditu Martiarenak, 48 herritako bertsoak eman dituzte eta 76 bertsolarik kantatu dute programan. Zazpi bertso sorta ere grabatu dituzte. «Elkarrizketatuen aniztasunari garrantzi handia ematen diogu; izan ere, bertsolaritzak aukera ematen du pertsona bat beste ertz batetik ezagutzeko», aipatu du Azkaratek.
Jon Martin eta Xabier Lete azken atalean
Denboraldiko azken elkarrizketatua Jon Martin bertsolari eta ikertzailea izango da, eta Xabier Lete izango dute hizketagai. Laurogei urte beteko dira apirilean Lete abeslari, poeta, idazle eta bertsolaria jaio zela, eta urteurren horrekin bat egin du Jon Martinek argitaratu berri duen liburuak: Xabier Lete: bertsorik sakonena.
Martinek umetatik entzun izan ditu etxean Xabier Leteren abestiak. Psikodidaktika masterrean bihurtu zitzaion herrikidea ikergai. Bertsolaritzarekin lotura duten Leteren berrogei abesti aztertu ditu, eta topatu dituen Lete desberdinei buruz arituko da hizketan Martiarenarekin. Leteren haurtzaroa eta garaiko testuingurua ere bildu ditu Martinek Xabier Lete: bertsorik sakonena liburuan.
Bertsolaritzarekin Letek zuen harremanari buruz eta bertsolaritzari egindako ekarpenari buruz ere hitz egingo dute elkarrizketan, Oiartzunen (Gipuzkoa). Eta programa bukatzeko, Leteren Seaska kanta abestuko du Martinek, Endika Loiola musikariak lagunduta.
Denboraldiko azken programan ez da gaur egungo bertsorik faltako, Bilboko Deustu auzoko jaialdi batek eta Andoiango (Gipuzkoa) beste jaialdi batek osatuko baitute programa. Deustun festetan antolatutako saioan, Aner Euzkitze, Oihana Bartra, Maialen Lujanbio eta Ander Anakabe aritu ziren kantuan. Andoainen, Sahararen aldeko bertso jaialdia egin zuten, eta bertsotan Maddi Etxeberriaren esanetara aritu ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Lierni Rekondo.
Hitzetik hortzera-ko zuzendari Azkarate eskertuta dago denboraldi honetan programan parte hartu duten guztiekin: bertsolariak, gai jartzaileak, musikariak, antolatzaileak eta bertsozaleak. «Bertsolaritzaren ekosistema askotarikoa da, eta gure lana aniztasun hori pilula txikietan bildu, goxatu eta bertsozaleari eskaintzea da. Lanerako gogotsu, umoretsu, adi eta bertsoarekin gozatzeko prest itzuliko gara irailean».