Pedro Espinosa, 'Aianai'. Potato taldeko kide ohia

«Hitzak kantuz esaten badira, badirudi hobeto transmititzen dela»

Gasteizko Potato taldearen sortzaileetako bat izan zen Aianai. Punk melodiak nagusi ziren eszena batean, reggae eta ska doinuekin esperimentatzea erabaki zuen. Bi hamarkada igaro dira ordutik, baina ondo oroitzen ditu taldearen hastapenak.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun

Pedro Espinosa (Gasteiz, 1956), Aianai ezizenez ezaguna, Euskal Herriko reggaearen aitzindarietako bat da. 80ko hamarkadako musika panoraman punk melodiak nagusi ziren bitartean, Johnny Brusko eta Aianai buru zituen ska eta reggae talde bat agertu zen eszenan. Ingalaterrako The Specials eta halako taldeak izan zituzten inspirazio, afro-amerikarren eta zurien arteko nahasketa horrek erakartzen baitzituen gehien. Punkak ziren jarreraz, baina zerbait «dantzagarriagoa» egin nahi zuten, letra politikoei eta erreibindikatzaileei izkin egin gabe.

 

Haren Durako etxean (Araba), Potatorekin bizi izandako guztia gogorarazten duten binilo disko zahar eta poster batzuk ikus daitezke. Lasai bizitzera joan zen hara, kaosetik ihesi. Musika ezin izan du alde batera utzi, ordea. Erreproduzitzailea piztu du, eta haien lehen binilo diskoa jarri du. Rub-A-Dub kanta entzuten da bozgorailuetan.

Jamaikako rastafariek erabiltzen zuten I and I esamolde ezagunetik dator zure ezizen Aianai. Reggae musika sortzen zenuten, baina ez zineten rasta- fariak; beraz, zergatik ezizen hori?

Potato sortu genuenean, argi genuen punki reggae party banda bat izan behar zuela. Letren eduki soziala garrantzitsua zen, baina baita umorea ere; ondo pasatzea zen funtsezkoena. Mitifikatutako guztia desmitifikatu nahi genuen. Horrekin lotuta, taldekide bakoitzak asmatutako ezizen bat bilatu zuen; Aianai aukeratu nuen nik. Rastafariek erabiltzen duten herri esamolde horretatik dator, baina hori guztia desmitifikatu nahi nuen nik.

Gasteizko gazte batzuk reggaea egiten hasi zineten, Cicatriz bezalako taldeek punka egiten zuten garai hartan. Zergatik reggaea eta ez punka?

Gasteizko giroan geunden, kalean. 80ko hamarkadako hasierak ziren, eta guztiok biltzen ginen: kazetariak, aktoreak, antzerki munduko jendea, musikariak... Potato sortu genuen kideok, ordea, bagenuen taberna kutun bat: Barrenkale kaleko Jami taberna. Reggae diskoak eta kaseteak jartzen zituzten, eta izugarri gustatzen hasi zitzaigun musika estilo hori. Horrez gain, garrantzi handia izan zuen niretzat Peter Tosh artista jamaikarrak 1983an Donostian eman zuen kontzertuak. Hertzainak-eko lagunak diskoak ateratzen hasi zirela ikusi genuenean, gu ere motibatu egin ginen. Talde bat sortu behar genuela erabaki genuen Johnny Bruskok eta biok, zerbait ezberdina eskaintzen zuena.

Jarreraz punkak, baina estiloz ez. Mezu politikoaz gain, dantzatzea garrantzitsua zen zuentzat?

Oso bortitzak eta zuzenak ziren beste taldeak: zuzenekoetan latak botatzen ziren agertokira, txistua botatzen zitzaien abeslariei... Guretzat erronka bat izan zen beste zerbait sortzea. Protesta egin nahi genuen, baina modu lasaiagoan, dantzatuz eta gozatuz. Reggaea eta ska egin nahi genituen, Ingalaterran zegoen mugimendua izan genuen inspirazio. Londresen afro-amerikarren eta zurien artean zegoen nahasketa horrek erakartzen gintuen Brusko eta biok. Gure mezua protesta zen, baina itxaropentsua ere bai. Gainera, beltz bat geneukan taldean; beraz, primeran [Brusko oroitu du, hunkituta].

Zaila da dantzatzeko zerbait sortzea eta mezu politikoa uztartzea?

Jende askok egin du. Guk argi geneukan ez ginela talde gatzgabe bat. Bizi garen herrialdean orduan gertatzen ari zena kontatu nahi genuen. Gai sozial guztiak jorratzen genituen. Adibidez, Miguelin el casero abestian marihuanaren eta haxixaren autokontsumoari abesten genion, horretan sinisten baikenuen. «Nazkatuta gaude taberna bakoitzean poliziekin poteatzeaz» kantatzen genuenean, bizi genuena kontatzen genuen. La clase obrera, bestalde, Michelin fabrikan gertatu ziren gertaeretan inspiratuta dago.

Eta Rula abesti ospetsuenarena, zein da haren istorioa?

Johnny Bruskok taldea utzi zuenean sortu genuen abestia. Une zailak izan ziren, baina jendeak dena ematen jarraitu behar zuela uste genuen. Zalantzak izan genituen arren, jarraitu egin behar genuela sentitu genuen.

Nola hartu zintuzten punk eszenan?

Primeran moldatzen ginen. Okerrena zen jendeak berbena batekin alderatzen gintuela , eta azkenak izaten ginen ia jaialdi guztietan. Hiruzpalau taldek osatutako jaialdietan jotzen genuen, eta 02:00ak arte edo beranduago arte ez ginen oholtzara igotzen. Hamabi ordu pasatzen ziren soinu probatik. Alkohola eta era guztietako substantziak hartzen genituen bitartean, eta horrek ez zuen laguntzen kontzertu on bat ematen. Publikoa berdin zegoenez, izugarri gozatzen zuen jendeak. Hori zen barregarriena.

Futbolaria izan zinen gaztetan. Baina, kirolaria izateaz gain, umetatik entzuten zenuen musika?

Musika beti izan da nire bizitzaren parte, baina mundu berri bat ireki zitzaidan futbola utzi eta 1973an Madrilera kazetaritza ikastera joan nintzenean. Musika asko entzuten hasi nintzen orduan: The Doors, Rolling Stones... 70eko hamarkadako talde asko entzuten nituen. Horrez gain, kulturarekin lotutako kazetaritza egitea eta talde bat sortzea ziren nire bokazioak.

Jende asko igo da zuekin oholtzara. Talde bat baino gehiago, kolektibo bat da Potato?

Hori izan zen asmoa hasieratik, proiektu irekia izatea. Harreman handia izan genuen, adibidez, Hertzainak-eko Josu Zabalarekin eta Tito Aldamarekin, eta gurekin jotzera igotzen ziren askotan. Era guztietako kolaborazioak egin ditugu.

Jende askorentzat, Potatok bizirik jarraitzen du. Askotan esan duzu, ordea, ez zaizula normala iruditzen proiektuak irautea. Gauza bera pentsatzen al duzu oraindik?

Beligerante sentitzen naiz Potato horren aurka. Ez da normala hain polita izan zen zerbaitek horrela jarraitzea. Modu ederrean buka zitekeen, baina Pako Pekaoren erruz, ez zen hala izan. Taldearen agur bira bat egin genuen 2006an, Brusko hil zenean. Aurretik, berak taldea utzi zuenean, ez jarraitzea pentsatu genuen. Halere, kantuak egiten jarraitzeko indarrarekin sentitzen nintzen, eta disko bat ateratzea erabaki genuen. Taldea uztea erabaki nuen horren ostean, oso zaila zelako lanari eta aldi berean kontzertuen erritmoari eustea. Hala ere, primeran iruditu zitzaidan gainontzekoek jarraitzea, eta noizean behin kontzertu batzuetara kantatzera joaten nintzen.

Zer gertatu zen?

Gainbehera etorri zela. Desastre bat zen guztia: esentzia galduz joan zen taldea. Pakok, gainera, gaizki abesten zituen nik sortutako abestiak. Orduan, Bruskoren memoriala egin genuenean, Potatok agur esateko garaia zela esan nion Pakori. Beraz, 2007an egin genuen agur bira. Pako Pekao izenpean jotzen jarrai zezala esan nion, hori zela zentzuzkoena. Agurraren ondoren, ezer esan gabe, eta sare sozialen bidez, hainbat adierazpen egin zituen: zoratuta nengoela, agur bira bat ez zela agur bat... Guztia salatu genuen Aianai elkartetik, baina entzungor egin zuen, eta jotzen jarraitzen du ordutik. Gaur egungoa ez da Potato, nahiz eta Potato deitu.

Kazetari gisa aritu zara 33 urtez, eta zure beste pasioetako bat izan da. Hor ere izan dituzu zure gorabeherak?

Radio Cadena Españolan hasi nintzen, eta bi urte eman nituen han. Egin-en ere egon nintzen, baina Radio Vitorian pasatu dut urte gehien. Nire beste pasioa zen, baina gaur egun kazetaritzak pena ematen duela uste dut. Erakundeen, politikarien eta abarren jarraitzaile bihurtu da kazetaritza. Niretzat, ez dago kazetaritza librerik, batez ere ikerkuntzari dagokionez. Ematen digutena jasotzera mugatzen gara; ez gara kalera irten ere egiten, eta ez da gai sozialez hitz egiten: inork ez du ezer galdetzen. Aipatzekoa da milaka kazetari kaleratu zituztela 2008ko krisiaren ondoren.

Zuk ere ezin izan duzu nahi izan duzun guztia egin?

Batzuetan kosta egiten zen norberak nahi zuena lantzea, EITBn behintzat Radio Vitorian eta Radio Euskadin, hori baita gehien ezagutzen dudana. Profesional bikainek eta agintari penagarriek zuzentzen duten enpresa bat da; kazetari asko hertsatu dituzte, gainera. Erretiratu nintzenean, gutun bat bidali nion Andoni Aldekoari, gutxietsia izan nintzela esanez. Egin nituen 33 urteetan, kulturarekin lotutako gauza pila bat proposatu nituen, baina ez zidaten kasurik egiten. Oso atsekabetuta nago EITBrekin, ez baitzaie interesatzen zenbait gauzaren alde egitea, eta diruaren aitzakia jartzen dute.

Idazlea ere bazara. Juanito Oiarzabal mendizalearekin joan zinen 8.000ko bat egitera, eta esperientzia kontatu zenuen Juanito Oiarzabal y el Annapurna, crónica de una cima radiofónica liburuan.

EITBn atera ahal izan nuen gauzarik onena izan zen, baina arazoak izan nituen horretarako ere.

Kontatu.

Hasieratik hasiko naiz. Oposizio batzuk egin nituen, kiroletakoak eta kulturakoak, Radio Vitorian sartzeko, eta biak gainditu nituen. Bati uko egin behar nionez, kultura aukeratu nuen. Eguerdian emititzen zen kultur programa batekin hasi nintzen hasieran, baina kirol programa luzatzea erabaki zutenean, horretan aritu behar nuela esan zidaten. Martin Fiz atleta eta Juanito Oiarzabal alpinistarekin programa bat ematea izan zen zuzendariak egin zuen gauza on bakarra. Arrakasta izugarria izan zuen, gainera. Egun batean 8.000ko batera laguntzeko proposatu zigun Juanitok. Baietz esan, eta EITBkoei eskatu nien Juanitok egin zidan eskaintza babesteko.

Babestu zuten?

Hasieran bai, Juanitorekin joateko baimena eman zidaten. Hilabete lehenago, ezezkoa eman zidaten, ordea, oso garestia zela argudiatuz. Beraz, diru guztia nire kabuz lortu behar izan nuen. Lortu nuenean, nagusiarengana joan nintzen, eta, esan nionean ez zuela ezer ordaindu behar, joaten utzi zidan. Esperientzia gogorra izan zen, baina zoragarria aldi berean. Mendi kronikak irrati bidez emititu ziren lehen aldia izan zen: aurretik ez zen alpinismo bidaiarik modu horretan kontatu. Liburua idaztea erabaki nuen ondoren, eta merezi duela uste dut.

80ko hamarkadako aurpegi ezagunetako bat zara. Ardura bat da hori zuretzat?

Rock, reggae, erradikal eta euskaldunak ginen. Orain ez naiz ezer kontsideratzen.

Asko aldatu da Potaton hasi eta hainbeste gauzatan aritu den Aianai hori. Edo berdina zara oraindik?

Berdina naiz: ideia eta balio berberak ditut. Esplotazio mota guztien aurka borrokatzen jarraitzen dut, lurraren defentsan eta gizakiaren alde. Elkartasuna eta hezkuntza behar ditugu, eta borrokan jarraitu behar dugu. Txoroak garela uste dute agintariek, eta hala da askotan, bakoitza berera doalako. Merezi duen oro kritikatu eta seinalatuko dut beti.

Musika hautatu zenuen zuk bidegabekeriei aurre egiteko.

Erabilgarria da, dudarik gabe. Hitzak kantuz esaten badira, badirudi hobeto transmititzen direla.

Bukatzeko, trapa, rapa eta bestelako generoak ere iritsi dira Euskal Herrira. Osasuntsu ikusten al duzu eszena musikala?

Bizitzaren eta musikaren berezko eboluzioa da. Lehengo egunean, norbaiti entzun nion jazza 1959an hil zela. Ez nator bat horrekin. Dena aldatzen da, eta eboluzionatuz doa; gauzak nahastu eta aldatu egiten dira. Uste dut musikari zoragarriz osatutako eszena osasungarria dugula, eta izandako aldaketak onak direla. Aldatzea ona da, nahasketa zoragarria da, eta garbizaleek pentsa dezatela nahi dutena. Potato nahasketa bat izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.