'Hitza.eus' eta eskualdeetako 'Hitzen' webguneak berritu dituzte

'Hitzakideentzako' atal berezi bat sortu dute. Bilatzaile aurreratu bat izango dute webguneek

Eskualdetako sei Hitza daude, eta guztien webguneak berritu dituzte. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Hitza.eus webgune orokorra eta eskualdeetako sei webguneak berritu egin dituzte, eta gaur estreinatuko dituzte atari berriak. Adibide Komunikazioa marketin agentziarekin elkarlanean jantzi dituzte diseinu berriz Irutxuloko.hitza.eus, Goierri.hitza.eus, Urolakosta.hitza.eus, Oarsobidasoa.hitza.eus, Lea-artibaietamutriku.hitza.eus eta Busturialdea.hitza.eus. Asier Alkorta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren webguneko arduradunak azaldu duenez, «erabilgarritasuna erraztea» izan da diseinu aldaketaren helburu nagusia: «Argiak eta irakurterrazak izango dira webgune berrituak».

Webguneek antolatuago erakutsiko dute informazioa, eta informazioaren lagungarri eskaintzen duten gainerako materiala ere eskuragarri izango dute hartzaileek.

Nerea Lizarralde Irutxuloko Hitza-ko zuzendariak nabarmendu du, era berean, proiektua hauspotzen dutenentzako atal berezi bat sortu dutela: Hitzakide atala. Hiru Damatxo agentziarekin batera landu dute atala. Hitzakide izateko honako aukera hauek daude egun: Hitzakide harpideduna —Hitza paperean eta gainerako produktuak etxean jasotzen dituena—, Hitzakide iragarlea —papereko eskaintza osoa jasotzeaz gain, iragarkiak jartzeko unean uneko deskontuak ditu— eta Hitzakidea —webguneko irakurlea eta proiektua babesten duena—. Hiru Hitzakide motek webguneko abantaila guztiez gozatu ahal izango dute: aleak PDF formatuan deskargatu, zozketetan parte hartu, deskontu bereziez baliatzeko aukera, webgunea euren nahien arabera antolatu, gogoko albisteak gorde... Horretaz guztiaz gain, «eduki aurreratuak» izango dituztela iragarri du Lizarraldek: «Alegia, albiste, erreportaje eta elkarrizketa batzuk Hitzakide ez diren gainerako erabiltzaileek baino lehenago irakurtzeko aukera edukiko dute. Orain arteko harpidedun guztiek atal berri horretan kontua sortzeko mezua jasoko dute».

Era berean, orain arteko helburuekin jarraituko dutela gaineratu du Lizarraldek: «Herritarrak informatzea da gure lehentasuna, ahalik eta modu bizkorrenean, zuzenean eta ahalik eta informazio zabalena emanez. Eta informazioa da webgune berrien oinarria ere». Alkortak gaineratu du webguneetan multimedia atal «txukun» eta «erabilerraza» egongo dela. «Hartzaileek eskura edukiko dituzte bideoak zein argazki galeriak».

Informazioa ahalik eta bizkorren bilatzeko, bestalde, webgune berriek ohiko bilatzailea eta bilatzaile aurreratua ere badauzkate. Iragazkiak ezarriz bilaketa zehatzagoak egiteko aukera egongo da. Alkortak esan duenez, webguneek agenda «zabal, geolokalizatu eta osatua» izango dute. «Eskualde zein herri guztietako ekitaldiak klik batean kontsultatzeko aukera egongo da». Zorion agurren atal bat izango dute webguneek, baita eskelena ere.

Buletianak jasotzeko aukera emango dute. Eta sare sozialak ere webgune berrietarako sarbideak izango dira, edukiak zabaltzeko bide izanda aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.