Ane Zuazubiskar. 'Zulora' saioko aurkezlea

«Hitz egiteko ahalik eta muga gutxien jartzen saiatu gara»

Gazte lokaletako ahotsak eta iritziak pantailara eraman asmo ditu 'Zulora' websaio eta podcastak. Bi asterik behin sareratuko dute atal berri bat Youtuben eta EITB Podkast plataforman.

GAZTEA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gazteek gazteentzako eginda. Horixe du aldarri Hiru Damatxok Gaztearentzat ekoitzi duen Zulora saioak. Youtuben estreinatuko dute bihar, eta baita EITB Podkast plataforman ere. Ane Zuazubiskar (Arrasate, Gipuzkoa, 1997) da aurkezlea, eta irratian eta prentsa idatzian ibili ondotik, lehen kamera aurreko lana du.

Beharrezkoa zen horrelako gune bat sortzea?

Uste dut horrelako espazioak beste eremu batzuetan izaten direla, gazte lokaletan izaten direla Zulora-n izango ditugunaren moduko elkarrizketak, kuadrilletan ateratzen direla horrelako gaiak. Egia da oso pozik gaudela erronka horrekin, gazteei espazio bat ematearekin, patxadaz hitz egin dezaten beren bizitzak baldintzatzen dituen gaiei buruz.

Matxismoa sarean landu duzue lehenengo saioan, arrazakeria bigarrenean. Nola egin duzue gai aukeraketa?

Gazteok zeharkatzen gaituzten gaiak dira, eta nahi genuen plazaratu horri buruzko eztabaida, ez bereziki iritzi kontrajarriak dituen jendea gonbidatu dugulako,baina bakoitzak bere bizipenetatik esateko zeukana kontatzeko.

Solaskideak ere gazteak dira. Kosta zaizue jendea aurkitzea?

Uste genuen baino errazagoa izan da. Eta agian, bada saiatu garelako azaltzen espazio erosoa izango dela. Batzuetan ematen du gazteon artean normal aipatzen ditugun gai batzuk telebistan ezin direla esan, telebista ez dela horretarako espazioa. Badirelako formatu batzuk benetan deserosoak direnak gazteentzat iritzi bat plazaratzeko. Saiatu gara gazteek serio hitz egin zezaten, baina ahalik eta muga gutxien ipinita.

Erraza izan da gune eroso hori lortzea?

Ari gara ikasten. Bi eztabaida grabatu ditugu, eta bietan elkartu gara lehenago gonbidatuekin. Aurreko tarte horrek ematen du aukera gaiari buruz hitz egiteko. Tonua nahiko antzekoa da kamera itzalita edo piztuta egon, eta horrek laguntzen du.

Eztabaidaz gain, bertze bi atal ere baditu saioak. Zer ematen diote atal horiek saioari?

Julen Portilloren tartea kaleko haize freskoa da; oso umoretsu egingo ditu galderak. Animazio esketx laburrak balio du 30 minutuko saioan izan dadin horrelako eten bat edo. Kapitulu bakoitzean kanpoko aditu batek bere irakurketa egiten duen momentua ere izango da, eta horrek lagunduko digu beste begi batzuetan kokatzen gaia.

Nola sentitu zara kamera aurrean?

Lan egitean ez zitzaidan hainbeste kosta. Egia da gauza askori begiratu behar diozula: argiari, kamerari, eta ez nengoela ohituta. Irratian, mikrofonoa hartu, eta aurrera egiten da. Hala ere, lan egitea bera ez zait hainbeste kostatu; uste baino gusturago aritu naiz. Asko kostatu zait neure burua ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.